Pertsona askoren zaletasuna da: norbere familiaren zuhaitz genealogikoa osatzea, nondik gatozen jakitea. Lan neketsua da, baina erreminta teknologikoek gero eta gehiago errazten eta laguntzen dute beharleku horretan. Aplikaziorik ezagunenetakoa Geni.com (MyHeritage) izango da, ziurrenik, 86 milioi erabiltzailerekin. Bada, erabiltzaile horien datuak elkarren artean lotuz, orain arte sekula egin den zuhaitz genealogiko zabalena egin dute, eta Science aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. 5 milioi erabiltzaileren datuak jasotzen ditu, eta 11 belaunalditako 13 milioi pertsona konektatzen dituen zuhaitz erraldoia da, 1.650tik 2.000. urtera bitarteko datuak biltzen dituena. Hainbat ondorio soziologiko ere erauzi dituzte datuetatik, hala nola, ezkontza-ohiturak, bizi-itxaropena, eta abar.
Columbia Unibertsitateko informatikari eta MyHeritage proiektuko buru den Yaniv Erlich izan da proiektuko gidaria. MyHeritage proiektuaren erreminta ezagunena Geni.com webgunea da, familien zuhaitz genealogikoak egiteko erabiltzen den aplikazio ezaguna. 86 milioi erabiltzaileren datuak jaso, garbiketa bat egin, eta 5 milioi erabiltzaileren zuhaitzak hartu zituzten. Elkarren artean partekatzen dituzten adarrak lotuz, azkenean 13 milioi erabiltzaile biltzen dituen zuhaitz erraldoia egin dute. Sekula egin den zuhaitz genealogikorik handiena. Esan bezala, datu guztiak Science aldizkarian argitaratu dituzte: "Quantitative analysis of population-scale family trees with millions of relatives".
Azken belaunaldietako datu gehienak Estatu Batuetako erabiltzaileenak dira (hortik abiatuz eraiki dute zuhaitza), baina Europako hainbat familia-adarrak eta arbasoak ere aurkituko ditugu.
Proiektu honek bi kontu nabarmentzen ditu: batetik, herritarren zientzia delakoak emaitza ikusgarriak eman ditzakeela (milaka zaleturen datu txikiek informazio garrantzitsua ematen dutela, alegia); bestetik, artxiboen digitalizazioak nola erraztu eta bizkortu duen informazioa lortzeko eta partekatzeko aukera. Gaur egun askoz errazagoa da gure arbasoen datuak lortzea, orain dela 20-30 urte baino, artxiboz artxibo ibili beharrean, sarean ere aurkitu ditzakegulako datu horiek (EAEko arbasoen kasuan, bederen).
Jasotako datuetatik informazio zabala atera daiteke. Esate baterako, garai bakoitzeko bizi-itxaropena, genetikak ea zer garrantzi daukan bizi-itxaropen horretan, belaunaldi bakoitzean zenbat kilometro egiten ziren, batez beste, bikotekidea aurkitzeko, industrializazioak eragindako aldaketa sozialak, eta abar.
Esate baterako, azken belaunaldietako aldaketa nagusienetakoa mugikortasuna izan da. Horrela, 1750. urtea baino lehenago Estatu Batuetako ezkontzak 10 km-ko radio bateko kideen artean egiten ziren; XX. mende hasierarako, distantzia hori 100 kilometrokoa zen. Bestalde, 1850. urtera arte oso ohikoa zen lehengusu-lehengusinak ezkontzea; XIX. gizaldian zehar arau sozial hori aldatzen joan zen eta ohitura hori desagertzen.
Heriotzei dagokionez, ondorioztatu dute genetikak baduela nolabaiteko eragina (familia-adar batzuetako itxaropena beste batzuena baino handiagoa izan da historian zehar), baina alde hori %15 ingurukoa besterik ez da. Bizi-itxaropenean, beraz, beste kontu batzuk eragiten dute, hala nola, bizi-ohiturak eta ingurune sozialak.
Datu-basea online jarri dute, edonork jaisteko moduan, nahiz ikerketarako erabili dituzten datuetako asko anonimoak diren. CC-by-sa lizentziarekin partekatu dute. Ez gara hasi datuetan bila, baina ziur gutako askoren arbasoak ere azaltzen direla horien artean. Azken batean, lan honek erakusten duen beste kontu bat hori baita: guztiak lotuta gaudela eta arbaso beraietatik gatozela.
Familiaren erroak bilatu nahi dituenak hainbat baliabide ditu gaur egun bere esku. MyHeritage eta Geni.com aipatu ditugu. Are sare zabalagoa da, ziurrenik, Mormoiek kudeatzen (eta sustatzen) duten Familysearch.org, (helburu erligiotsuak dituen proiektua da, hortaz). Familysearch doakoa da eta beste erabiltzaile batzuek gehitutako datuak berrerabiltzeko aukera ere ematen dizu. Beste hamaika tresna ere badaude sarean, noski, gaur egun negozioa ere bai baita genealogiarena.
Arabasoen datuak lortzeko orduan, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko gotzaitegiek digitalizatuta eta indexatuta dauzkate 1900 aurreko bataio, ezkontza eta hileta agiri guztiak. Tresna eta abantaila itzela zuhaitzean atzera egiteko, Europa osoan parekorik ez daukana. Hala ere, ez da dirudiena bezain erraza, grafiak, izenak, idazkerak,... aldatu direlako; eta etenak ere egon daitezkeelako (zenbait erregistro desagertuta daudelako urteen poderioz). Egokieana, sarean sartu eta probatzen hastea da; hasteko, adibidez, Dokuklik-eko sakramentaletara sartuta, edo zuzenean Donostiako elizbarrutiko artxiboan.
EAEtik kanpoko arbasoendako, errejistro sakramentalei dagokionez, denetarik dago. Parrokia partikularrak (bertako apaizari deitu edo idatzi beharra), gotzaitegian zentralizatua (adibidez Iruñean, zeinetan txanda eskatu behar den liburutegiko sagutxoarena egiteko), edo Iparralde eta Frantzian artxibo departamentaletan konsultatuaz (Baionan, esate baterako).
Errejistro sakramentaletaz gain hainbat eta hainbat artxibo eta iturri desberdin ere badaude. Erabilterrazenak, agian, enpadronamenduak eta jaiotza agiriak dira (XIX. gizalditik honakoak). Biak ala biak udaletxeetan eska daitezke, edo bigarrena online justizia.net-etik. Hortaz, mundu honetan sartu gura duenak, badu bai nondik hasi eta nahi adina tresna bere esku.
Erantzun
Sartu