PuntuEUS Behatokiak 2017ko txostena aurkeztu du gaur goizean. Hirugarren urtez jarraian euskarak Interneten duen presentzia aztertu du PuntuEUS Behatokiak. Behatokiak hiru alor neurtzen ditu: .EUS domeinuaren egoera, Internet Euskal Herrian eta euskararen egoera Interneten. Euskararen interneteko egoeran eragiteko eper ertain-luzeko estrategiak behar direla azpimarratu dute txostenaren egileek. Datu orokor bat ere eman dute: 26.663 webgune daude euskarazko edukiren bat daukatenak (Euskal Herri osoko webguneen %16).
PuntuEUS Behatokia PuntuEUS Fundazioaren ekimena da, eta euskarak Interneten duen egoera neurtzen du; emaitzak webgunean daude ikusgai. Azterketa urtean behin egiten da, eta 2017ko datuen gainean egindako neurketaren emaitza aurkeztu dute Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako Foru Diputatuak eta Josu Waliño PuntuEUS Fundazioaren zuzendariak, Bilbon egindako agerraldian.
Hiru puntu azpimarratu dituzte:
Behatokiak Euskal Herriko Internet neurtu duen hiru urte hauetan datuak gutxi aldatu direla nabarmendu du Waliñok. Azken hiru urteotan antzeko emaitzak jaso izanak agerian uzten du Interneten hizkuntza ohiturak aldatzeko epe ertain-luzeko politikak behar direla eta argazkia ez dela egunez egun aldatzen.
Euskal Herriko webgune guztiak aintzat hartuz gero, euskarazko edukia duten webguneak 26.663 dira, guztien % 16. Hala ere, euskararen erabilera oso bestelakoa da .EUS domeinudun webguneak bakarrik aztertuz gero. Izan ere, .EUS domeinudun webguneen % 90ek euskara darabil.
Datu eta informazio gehiago.
Erantzun
Sartu