Teknologia albisteak

Euskal balea (E. glacialis) 2040. urterako desagertu daiteke; azken urtean ez da balearik jaio

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-02-28 : 11:55

Sardako balea (Eubalaena glacialis), euskal balea izenez ere ezaguna euskal baleazaleek ehizatzen zutelako, 2040. urtea aurretik desagertuko dela uste dute adituek, bere populazio dinamika errotik aldatzen ez bada, bederen. Azken datuak kezkagarriak dira: 400 ale bakarrik geratzen dira, hortik 100 eme ugalkor, eta ugalkortasun-tasa gero eta baxuagoa da. Azken urteotan gehiago dira hiltzen diren baleak jaiotzen direnak baino. 2017an behea jo du joera horrek: aurtengo neguan ez da jaio balea kume bakar bat ere ez Atlantikoan. Bide honetan, Donostiako aquariumeko hezurdura izango da geratuko zaigun bakarra.

Ipar Atlantikoko sardako balea (Eubalaena glacialis) euskaldunok ondo ezagutzen dugun espeziea da. Euskaraz "euskal balea" izenez ere ezagutu izan dugu. Izan ere, hainbat gizaldiz euskal baleazaleek Atlantikoko bazter honetan eta bestean ehizatu izan zuten espeziea da. Balea vasca da galizieraz, baleine de Biscaye frantsesez, ballena de los vascos gaztelaniaz.

Animalia lasaiak dira, kostaldetik gertu ibiltzea atsegin dutenak, gizakiarekin beldurtzen ez direnak, itsas-azalean elikatzen direnak... eta hil ondoren flotatzen dutenak. Horrek guztiorrek izugarri erraztu izan die baleazaleei espezie hau harrapatzea. Horrela izan zen hainbat mendez, 1937an bere ehiza debekatu zen arte. Harrezkero, populazioak pixkat sendotu ziren, baina igoera oso apala izan da. 450 ale bakarrik geratzen dira, ia guztiak Atlantiko mendebaldean (ekialdeko populazioa desagertutzat ematen da, ale solte batzuk geratzen diren arren). 

Azken urteotako populazio dinamika kezkagarria da. Jaiotze tasa txikiagoa da heriotza tasa baino. Azkenaldian urtean 10-20 balea jaio izan dira, baina gehiago dira urtero hiltzen direnak. Ugalkortasuna gero eta baxuagoa da azken urteotan, gainera. Azken 10 urteotan erdira jaitsi da ugalkortasun-tasa. Arrazoi nagusiak bi izan daitezke: ozeanoetako kutsadura eta elikadura kaskarregia (emeen pisua jaitsi eta ugalkortasuna txikitzen duena) eta populazioaren aldakortasun genetiko txikiegia. Horri, gainera, gizakiak zuzenean eragindako heriotzak erantsi behar zaizkio (urtero-urtero hiltzen dira hainbat balea itsasontziekin talka eginda edo arrantza-sareetan kateatu eta itota).

Aurtengo kumatze-denboraldiko datuak eman dituzte eta emaitza ezin da eskasagoa izan: aurten ez da jaio euskal balea bakar bat ere ez. Heriotzak, aldiz, 18 izan dira (gutxienez). Adituek diotenez, populazio-dinamika ez bada errotik aldatzen datozen urteotan, oso litekeena da 2040. urterako euskal balea desagertuta egotea. Bide honetan, Donostiako aquariumeko hezurdura izango da geratuko zaigun bakarra.

 

...................

Irudia: Hegoaldeko sardako balea, Wikimedia Commons.

Erantzun

Sartu