Teknologia albisteak

Bonaparte printzearen ondare nafarra digitalizaturik eta sarean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-02-07 : 09:35

Luis Luciano Bonapartearen euskarazko eskuizkribuen funtsa digitalizatu eta sareratu du Nafarroako Artxiboak. Bonaparte printzeak XIX. mendean euskalkiak ikertzeko erabilitako materialaren zati handi bat da. Garrantzi historiko eta linguistiko handiko dokumentuak dira, gehien-gehienak euskaraz, eta gutxi batzuk latinez, gaztelaniaz, frantsesez, okzitanieraz eta oil hizkuntzan. CC BY-NC-ND 3.0 lizentziarekin partekatu dituzte agiriak sarean.

Nafarroako Artxibo Orokorrak iragarri duenez, sarean dira jada Bonaparte printzearen funtseko dokumentuak. 134 dokumentu dira guztira, dagoeneko digitalizatuta eta PDF formatuan sareratu dituztenak. 134 horietatik 118 euskaraz dira eta gainontzekoak latinez, gaztelaniaz, frantsesez, okzitanieraz eta oil hizkuntzan. Guztia ere sarean aurkitu dezakegu, www.archivoabierto.navarra.es webgunean.

Luis Luziano Bonaparte (edo Bonaparte printzea) Worcestershiren jaio zen (Ingalaterra) 1813an eta Italian hil 1891an. Napoleon Bonaparteren iloba zen. Hizkuntzalaritza landu zuen eta Europako hainbat hizkuntzaren inguruko azterlanak argitaratu zituen XIX. mendean, besteak beste euskarari buruzkoak. Luis Luziano Bonaparteren lanek euskalaritzaren historian berebiziko garrantzia izan dute, euskalkien lehen sailkapen zientifikoa egin zuelako ( Carte des sept provinces basques, 1863); berea da oraintsura arte erabili izan dugun euskalkien sailkapena eta izendapena (bizkaiera, gipuzkera, lapurtera, ...). Guztira zortzi euskalki, hogeita bost azpieuskalki eta berrogeita hamar hizkera bereizi zituen. Euskalkiak aztertzeko Euskal Herriko hainbat berriemale eta laguntzaile izan zituen; bilketa-lan horretarako erabilitako materialaren zati bat da orain digitalizatu eta sareratu dena.

Hil ondoren, haren liburutegi osoa Chicagoko Newberry Library-k erosi zuen. Euskal gaiei eta beste hainbat gairi buruzko eskuizkribuak R. M. Azkuek erosi zituen Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Arabako diputazioentzat, eta haietan daude gorderik. Bonapartek Nafarroan izan zituen laguntzaileen artean daude, besteak beste, Arturo Campión eta Bruno Etxenike. Gainera, hainbat heerritako apaiz eta irakasleren laguntza ere jaso zuen, tokian tokiko hizkerak jasotzen lagundu ziotenak. Material hori da Nafarroako Artxiboak sareratu duena.

Dokumentu guztiak Artxiboaren funtsetan bilatu daitezke. PDF formatuan daude eta CC BY-NC-ND 3.0 lizentziarekin partekatu dituzte. 

 

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago