Teknologia albisteak

Gaur duzu (abenduak 26) arrazoi naturalengatik hiltzeko egunik probableena #ArgiIbili

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-12-26 : 08:48

Eguberrietako zorion eta pakea,... beharbada betiereko pake bihur daiteke. Izan ere, modu naturalean hiltzeko urteko egunik probableenak Gabonetan daude. Gaur da (abenduak 26) egunik probableena; abenduaren 25a (Eguberri eguna) bigarrena; eta urtarrilaren 1a zerrendako hirugarrena. Tira, Estatu Batuetako datuak dira, egia esateko; auskalo Euskal Herrian ere horrela ote den. Baina ez esan titular potentea ez denik: Gabonek hil egiten dute! ;)

Aspaldi da ezaguna neguan (eta bereziki Gabonetako oporraldian) heriotza-tasa handitu egiten dela. Istripu gehiago, suizidio gehiago, tenperatura hotzak (eta gaixotasun larritzeak),... hilketak ere gehitu egiten omen dira neguan. Kontua da, heriotza naturalen kasuan ere, Gabonak garai "arriskutsua" direla. Hau da, heriotza natural gehiago gertatzen dira Gabon sasoian urteko beste une batzuetan baino. Halaxe gertatzen da, behinik behin, Estatu Batuetan, 1973-2001 bitarteko 53 milioi heriotza aztertuz jasotako ondorioen arabera. 

Esan bezala, neguan jende gehiago hiltzen da udan baino, baina 2 tontor nabarmen daude oporraldien bueltan, bata abenduaren 25-26 inguruan (Eguberriekin) eta bestea urtarrilaren 1ean (Urte Berri egunean) Bihotzeko arazoen kausaz gertatutako heriotzei dagokienez, urte guztia kontuan hartuta, heriotza gehien gertatzen diren eguna abenduaren 25a da, bigarrena abenduaren 26a eta hirugarren postuan urtarrilaren 1a dago. Ikertzaileek aztertutako 26 urteetatik, 24 urtetan betetzen zen hori eta, gainera, urtetik urtera egun horietako heriotza-tasaren tontorra geroz eta handiago zen. Bihotzeko gaitzekin zerikusirik ez zuten heriotzen kasuan ere, patroia oso antzekoa zen.

Baina, zergatik gertatzen da hori? Bada, oraindik ez da erantzun zientifikorik aurkitu. Hainbat hipotesi aztertu eta baztertu dira: dieta aldaketa, alkohol kontsumoa, oporraldiarekin lotutako estresa, neguko arnasketa-arazoen areagotzea, oporraldi horretan gertatzen den kutsadura-maila handiagoa, jaiegunetan heriotzak ez direla jakinarazten, edota jaiegunetan gaixoek ez dituztela tratamenduak behar bezala hartzen edo ez dutela medikuengana jotzen.

Horietako baten eragin zuzena ezin izan da oraindik frogatu; ziurrenik hainbat faktoreren arteko nahastea izango da heriotza-iturria. Halarik ere, kasu! ;)

 

...........

Informazioaren iturria: Zientzia Kaiera. Irudia: Wickedhorror.

 

 

Erantzun

Sartu