Teknologia albisteak

2Deo: euskarazko ikus-entzunezkoak bultzatzeko "laborategi" bat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-12-14 : 15:59

Gaur aurkeztu da Tabakaleran, Donostiako ekipamendu horretan kokatuko den "Euskarazko Ikus-entzunezkoen Laborategia", gaurdanik 2Deo izenarekin ezagutuko duguna. Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den urtean ekin zion euskarazko ikus-entzunezkoen produkzioa hauspotuko zuen proiektu esperimental bat jorratzeari, etorkizuneko politika eta azpiegitura estrategikoak garatzeko martxan jarritako Etorkizuna Eraikiz ekimenaren babesean. Alor honetako lanketa, Goienak eta Mondragon Unibertsitateak egin dute, eta emaitzak gaur aurkeztu dituzte Tabakaleran Markel Olano diputatu nagusiak, Goienako Iban Arantzabalek eta MU-ko Amaia Pavonek.

“Ikus-entzunezko produktuen kontsumoa gero eta handiagoa da eta testuinguru horretan euskararen presentzia handitzea ezinbestekoa bilakatzen da, hizkuntzaren erabilera areagotzeko. Era berean, euskal kultura eta identitatearen transmisioa gelditu edo geldiagotzeko arriskua dago”, adierazi du Markel Olanok.

Proiektua landu dutenek egindako ibilbidearen errepasoa egin dute, eta zenbait proiektu bidean geratu direla ere, stand-by, nolabait esateko, baina aukerekin hemendik aurrera lantzeko ere. Adibidez:

  • Azpidatzien inguruko ekimen bat, iAmetza enpresak proposatua.
  • Animazio teknika aurreratuak enpresa ingurunean aplikatzekoa, Beñat Beitia animazio-aditu eta ekintzailearen ideia bat.
  • Gidoilari Elkartearekin landutako programa bat.
  • Bideojokoen inguruko zer edo zer, Game Erauntsiarekin bai edo bai garatu beharko dena halako batean.

Baina beste ideia batzuk, abiatzen ari dira edo garatuta daude. Honako hiru adibideak aipatu dituzte:

  • Sormenaren alorrean, web-telesail bat egiteko Next Station ekimena, 10-12 bat atal ekoiztuko dituena 2018an zehar.
  • Transmedia esperimentu gisa, Go!Azen telesailaren edukiak osatzen dituen Go!App aplikazioa.
  • Zabalkundean teknologikoki eragiteko, JarriON aplikazioa (CodeSyntax enpresa garatzen ari dena), zeinak hainbat iturritako euskarazko bideoak bilduko dituen
    herri telebistenak, Interneteko zenbait ekimenenak, Youtubeko euskarazko eduki hautatua...) Android telefonoetan, eta Chromecast daukan telebista baduzu etxean, baita telebista-pantailan ere. Urtarrilerako kalean egongo da jada JarriON, gaur jakinarazi denez.

Proiektu hauek, garatutakoak eta stand-by daudenak, elkarren "polinizatzaile" izatea ere bada 2Deo delakoaren helburuetako. Teknologo, sortzaile eta ekoizleak harremanetan jartzeko aukera eta foro bat izateko jaiotzen da laborategi delakoa. Gainera, foro honek presentzia fisiko bat ere izango du Tabakaleran antolatuko den espazio batean. 2Deo fisikoa areto bat, estudio bat eta topaketarako gune bat izango da Tabakaleran. Eta gainera, proiektuak jarraipena "blindatuta" daukala esan dute, babes ofiziala izango duela, alegian. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaz gain, Eusko Jaurlaritza eta Donostiako Udala (Bingen Zupiria Kultura sailburuaren eta Eneko Goia alkatearen bidez) proiektuan inplikatuko direla jakinarazi da gaurko ekitaldian.

Erantzun

Sartu