Teknologia albisteak

“Memoria historikoa zertarako den (II). Noaingo Bataila gogoan.” Iritzi artikuloa

Orain dela gutxi Beñi Agirrek idatzitako artikuloa irakurri ahal izan genuen. Bertan, herriek bere Historia ezagutzeko, eta ez ahaztutzeko, beharraz hitzegiten zigun. Azken finean, iragana-oraina-etorkizuna triangelua. Nik lekukoa hartu nahi diot, eta artikulo hau idazteko, Beñik jarritako izenburua lapurtu dut.

Azken egun hauetan, eta Nafarroa Bizirik ekimenarekin harremanetan hasi nintzenetik ere, oroimen historikoak baliorik ote duenaren inguruko eztabaidak ailegatu zaizkit handik eta hemendik. Batzutan haize lehorrek urrunetik ekarritako zurrumurru ustelak ziren, baina beste batzutan, etxeko sutondoan entzundako hitzak ziren. Nire ustez, eta barkatuko didazue hain bortitza izatea, ez dago zalantzarik, guztiz beharrezkoa da gure Historia ezagutzea, oroimen historikoa berreskuratzea-bereraikitzea, alegia. Horregatik, eta beste eztabaida batean buru-belarri sartuak geundelarik (Nafarroako konkistak eta horrek utzitako ondorioak), lehen aipatu dudan “ur horietan” ez nintzen sartu. Baina agian, orain da momentua, behintzat nire barruek horrela eskatzen didate.

Pertsona orok bere oroimen historikoa eraikitzen ez duela norbaitek defenditzen al du? Nire ustez, bakoitzaren nortasuna eta jokabideak, hein handi batean, iragana-oraina-etorkizuna nola ulertzen dugunaren arabera, baldintzatuak daude. Beste alde batetik, Herri baten nortasunaren edota nortasunen auzia egonen da. Zentzu honetan, memoria historikoak balore taktiko ukaezina dauka, nortasun propio bat eraikitzeko zutabe inportantea izan daiteke eta. Hori bai, nork eraikiko du gure oroimena? Zertan oinarrituko gara gure nortasuna eraikitzeko ? Gure Historiaren ze pasarteei emanen diegu inportantzia? Hor dago gakoa.

Gernika “gorriek” erre al zuten? Francisco Franco politikari-militar espainar “soil” bat izan al zen? Ikurriña eta txistua vascongado “maltxurrek” ekarri eta inposatu al zuten Nafarroako jendarteari? Berdinen arteko hitzarmen bat gauzatu al zen 1512an Nafarroako eta Gaztelako erresumen artean? Eta 1199-1200 urteetan ? Erromatarrek “sortu” al zituzten gure herri eta hiribilduak? Ez al zegoen inor bertan bizitzen,maitatzen,jolasten,hazitzen eta hiltzen?

Galdera handiek erantzun txiki eta bakarrak ez dituztela onartzen esaten ohi dute. Nik behintzat, nire ekarpen txikia egiten saiatu naiz. Hemendik aurrera, eta Nafarroako Konkistaren V.mendeurrenaren urtean emandako aurrerapausoa eta gero, erronka berriak azaldu dira gure begien aurrean. Beste efemeride inportante batzuk gogora ekartzeko aukerak badira adibidez. Baina Iparra galdu gabe, bere Historia ahaztutzen ez duen Herriak Iparra ez du galduko eta … Orain dela gutxi sare sozialetan Lander Garro idazleak zabaldu zuena gogora ekarriz, “gaurko panorama ikusita, Nafarroan (pixkat) 1512an oraindik gaudela ematen du”. Historiaren ikuspegi zirkularra, etengabe errepikatzen omen da. Eta gainera, Historia ez delako bukatu,ez Erromatarren inperioarekin, ezta Berlingo Harresiaren erorketarekin.

Ekainaren 29an Noaingo Bataila gogoratzeko aukera izanen dugu, orain dela ia 500 urte galdu zen bataila hura. Baina oraingo honetan, memoriaren bataila irabazten ari garela argi izan ezazue! Goazen ba gure Historia ahazturatik ateratzera !

Sergio Iribarren Galbete
1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimeneko kidea

Erantzun

Sartu