Teknologia albisteak

Nafarroako Historiaren Kurrikulum berri baten alde

1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenetik, Nafarroako Historiaren kurrikuluma aldatzeko egiten ari garen ahaleginarekin bat egitera gonbidatu nahi zaituztegu. Historia eta Nafarroako oroimen historikoa berreskuratzeko lanean diharduten eragileak, Hezkuntzako sindikatuak, argitaletxeak, historialariak, ikasle-elkarteak, guraso-elkarteak, eta ikastetxeetako irakasle eta zuzendari elkarguneak, bat egiteko beharra daukagu Nafarroako Historiak behar duen lekua har dezan.


Iragana kontolatzen duenak etorkizuna kontrolpean dauka. Oraina kontrolatzen duenak iragana kontrolpean dauka.” George Orwel (“1984″ eleberrian).

Nafarroako Konkistaren V.mendeurrena dela eta, 2012. urtean, Nafarroako Historiaren inguruko eztabaida mahai gainean egotea lortu dugu. Eragile asko eta oso ezberdinek egindako lanari esker izan da: Nafarroa Bizirik ekimenak herriz herri zabaldutako dinamikak, Nabarraldek, Xavier Minak, UEUk, Eusko Ikaskuntzak eta Navarratek, beste beste, antolatutako Historialarien Biltzarrak, zenbait argitaletxeek argitaratutako liburuak (Pamiela, Txertoa, Txalaparta, …), antzerki, margolari eta bestelako kultur taldeak ...

Ahalegin handia egin da gure Historia itzaletik ateratzeko asmoarekin, baita horren inguruan dauden manipulazioak desmontatzeko helburuarekin ere. Gaur, Nafarroak, erresuma burujabea izan zen bitartean, garapen propioa izan zuela esan dezakegu, ez inongo patu-dibinoei lotua, ez Gaztelar inperioarekin, ezta Frantziar erresumarekin.

Zentzu honetan, 2012ko azaroan Nafarroako Parlamentuan ospatutako lan saio batean, gure lurraldearen eskoletan indarrez dagoen kurrikuluma aldatzeko beharra azpimarratu genuen. Hor baitago gako inportante bat: oraina ulertzeko Historiak duen garrantzia ezinbestekoa da. Iragana-Oraina-Etorkizuna, guztiz lotuak dauden hiru terminoak dira. Horregatik, belaunaldi berriei ezin diegu ukatu lur zati honetan iraganean zer gertatu zen jakitearen eskubidea.

2013ko urtarrilean, prentsaren bidez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak bultzatutako lehiaketa baten berri izan genuen. DBHko 2. mailako ikasleei zuzenduta, eta “1212-1512-2012” Batzordearen laguntzarekin argitaratu duten “unitate didaktikoa” oinarri bakar gisa hartuta.

Hasteko, ez dakigu zenbat diru-publiko gastatu duten material hauen ekoizpenean. Guztion diruarekin, “alde bateko” bertsioa bultzatzea ezin da begi onez ikusi; instituzio ofizialek eztabaida bultzatzea eta sustatzea izan behar zuten helburu. Froga gisa, hona hemen, argitaratu duten komikiaren lehenengo orrialdean agertzen den sarreraren pasarte bat:

 

Finalmente, en 1530 Navarra quedó dividida por la frontera natural de los Pirineos (exceptuando la localidad de Valcarlos), que separó el Reyno entre la Navarra española (Alta Navarra) y la Navarra francesa (Baja Navarra).

Cinco siglos después de esta fragmentación del Reyno, los territorios navarros al sur de los Pirineos han logrado mantener hasta nuestros dias sus propias leyes hisóricas y su identidad. Sin embargo, la Navarra francesa quedó diluida en el centralismo estatal que se impuso en Francia tras la Revolución francesa de 1789”

 

Gure ustez, testu honetan “historiografia ofizialetik” bultzatu duten manipulazioa laburbiltzen da. “Muga naturala”, “Nafarroa espainarra”, “Nafarroa frantsesa”, “lege propioak eta nortasuna mantendu izana”, … Terminologia hau erabiltzean, Nafarroako Historiari iruzur egitea besterik ez dute bilatzen.

Lehenik eta behin, Nafarroako Konkistaren V. mendeurrenaren urtean, UPNk hartutako jarrerak salatu nahi ditugu. Alde batetik, eztabaida saihestu nahi izan dutelako. Eta bestetik, herri mugimendutik egiten ari garen lana oztopatu nahi izan dutelako. Orain, gure ustez “hankamotz” gelditzen den “lehiaketa” honekin etortzen zaizkigu. Hau ez da bidea.

Eta bukatzeko, guzi honengatik, 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenetik, Nafarroako Historiaren kurrikuluma aldatzeko egiten ari garen ahaleginarekin bat egitera gonbidatu nahi zaituztegu. Historia eta Nafarroako oroimen historikoa berreskuratzeko lanean diharduten eragileak, Hezkuntzako sindikatuak, argitaletxeak, historialariak, ikasle-elkarteak, guraso-elkarteak, eta ikastetxeetako irakasle eta zuzendari elkarguneak, bat egiteko beharra daukagu Nafarroako Historiak behar duen lekua har dezan.

 

 

Sergio Iribarren Galbete

1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimena

Erantzun

Sartu