Atzerrian lanean ari diren diplomatiko estatubatuarrek hizkuntza-eskolak jasotzen dituzte harrera-herrialdean. Eskola horiek Estatu Batuetako Foreign Service Institutuak (FSI) kudeatzen ditu, eta bertan jasotako datuekin ondorengo mapa egin dute. Mapa honek adierazten du, ingeles hiztun batek zenbat ordu/aste behar dituen atzerriko hizkuntza bat menderatzeko (S3 maila, Professional Speaking and Reading). Maila ertain-altua, alegia. Diplomatiko estatubatuar batek 600 ordu nahikoa ditu gaztelania, italiera edo errumaniera ikasteko; 900 ordu swahilia ikasteko; 1.100 ordu errusiera edo suomierarentzako; 2.000tik gora arabiera edo japoniera menderatzeko. Zoritxarrez, euskara "unclassified" atalean azaltzen da. Non legoke? Garbi dagoena da, 2 urte nahikoa izan daitezkeela munduko edozein hizkuntza, baita ezberdinena ere, menderatzeko; horretara buru-belarri jarriz gero, behintzat.
Datuek eta mapak oinarrizko ideia garbi bat adierazten dute, noski: zenbat eta gertuagokoa izan 2 hizkuntza (egitura, lexikoan, morfologian,...) errazagoa izango da hiztun batentzat bigarren hizkuntza hori ikastea. Horrela, logikoa denez, ingeles batentzat hizkuntza indo-europarrak dira errazenak, bai hizkuntza germaniko gehienak (daniera, nederlandera edo norvegiera), zein hizkuntza erromantzeak edo latin jatorrikoak (gaztelania, frantsesa, errumaniera, portugesa,...).
Beharbada, lehen begiratuan harrigarria egingo zaigu alemanieran egoera. Izan ere, ingelesaren, danieraren eta nederlanderaren taldekoa izan arren (germaniar hizkuntza), hizkuntza erromantzeak baino zailagoa da diplomatiko estatubatuarrentzat. Horren zergatia bikoitza da: batetik, alemanierak gramatika ezberdinagoa izatea; bestetik, ingeleseko hiztegiak eragin latindar handia izatea. Horren ondorioz, beraz, ingeles hiztun batentzat errazagoa da errumaniera, esate baterako, alemaniera baino. Dena dela, aldea ez da handiegia. Kasu guzietan, nahikoa lirateke 25-30 aste hizkuntza horiek maila ertain-altuan menderatzeko.
Dexente zailagoak egiten zaizkie, aldiz, hizkuntza eslaviarrak, uraldarrak, greziera, turkiera,... Ia-ia bikoitza behar dute talde horretako hizkuntzak ikasteko. 50 aste inguru eta 1.100 ordutik gora. Pixkat gutxiago errusiera eta bere talde linguistikoko hizkuntzak ikasteko (txekiera, ukrainiera, poloniera,...) eta pixkat gehiago hizkuntza uraldarrak ikasteko (hungariera, suomiera eta estoniera). Talde honeta leudeke, zailtasun maila antzekoarekin, munduko beste hainbat hizkuntza, hala nola, persiera, mongoliera, tailandiera, zulua, paxtuera eta abar. Ustez oso urruti dauden beste zenbait hizkuntza guretzat "exotiko", ostera, errazago ikasten dituzte estatubatuarrek, tartean indonesiera edo swahilia.
Ikasketa-prozesu luzeena eskatzen duten hizkuntzak, berriz, eta alde handiarekin gainera, arabiera, japoniera eta txinera dira. V kategorian sartu dituzte; 88 aste (2.200 ordu) behar dituzte hizkuntza horiek ikasteko. Frantsesa edo gaztelania ikasteko baino 4 aldiz gehiago.
FSI zerbitzuak diplomatiko estatubatuarrei irakasten dizkieten hizkuntzen zerrenda eta sailkapena ondorengo taulan.
Erantzun
Sartu