Teknologia albisteak

Firefox Quantum berria aurkeztu dute: azkarragoa eta arinagoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-11-15 : 12:48

Meritua dute Firefoxek eta Mozilla Fundazioak. Meritu itzela. Googlek, Applek eta Microsoftek dominatzen duten munduan, irabazi asmorik gabeko fundazio libre eta independiente batek aurre egiten die Interneteko erraldoiei, Asterixen herrixkak Erromako Inperioari lez. Gaurtik aurrera deskargatzeko prest dago Firefox 57 Quantum nabigatzaile berria: arinagoa, azkarragoa, seguruagoa,... Eta, gainera, librea eta euskaraz. Ba ote arrazoirik beste nabigatzaile bat erabiltzeko?

Urrian aipatu genuen lehenengo Firefox Quantum nabigatzaile berria. Mozilla Fundazioak garatzen duen Firefox nabigatzailearen azkenengo bertsioa, baina aurreko guztiekin erabat ezberdina izango dena (azpiegitura ezberdina, potenteagoa, bizkorragoa,...). 2004az geroztik, Firefoxek izan duen eraldaketarik handiena dakar Firefox 57 - Quantum berri honek. Zenbait astez Beta fasean egon ondoren, atzotik prest dago edonork instalatzeko moduan.

"Azkarra da, oso azkarra. Aurreko Firefox bertsioa baino 2 aldiz azkarragoa", azpimarratu dute garatzaileek bere blogean. Eta arinagoa ere bai, askoz baliabide gutxiago beharko dituena. Izan ere, horiexek dira nabarmendu dituzten ezaugarrietako batzuk (guk ere probatu ondoren baieztatu ditugunak): 

  • Abiadura: Firefoxen azken bertsio hau oso azkarra da. Klik egin eta berehala kargatzen dira orrialdeak. Chrome baino bizkorragoa dela diote garatzaileek, eta horrela azaldu dute bideo baten bidez (Chrome eta Firefox alderatuz).
  • Errendimendua eta arintasuna: azpiegitura teknikoan egindako aldaketen ondorioz, nabigatzailearen errendimendua askoz hobea da, ordenagailuaren (edo mugikorraren) baliabide gutxiago behar digu funtzionatzeko. Gailuak arinago dabiltza eta bateria gutxiago gastatzen dute.
  • Interfazea: oraingoa baino askoz garbiagoa, minimalistagoa. Edukian jartzen du foko guztia.

Mozilla, Interneteko handiei aurre egiteko prest

Interneteko garapenean hainbat guda daude zabalik, besteak beste nabigatzaileen guda. Egia esateko, irabazle garbia dauka guda horrek gaur egun, Googleren Chromek merkatuaren erdia baitauka (%55). Bere atzetik datoz, nahiko atzean, Appleren Safari (merkatuaren % 15), UC (%7) eta Mozillaren Firefox (%6); are atzerago Microsoften Edge, Opera eta abar. 

Merkatuaren %6a "bakarrik" izatea, baina, ez da gutxi Mozilla bezalako fundazio txiki batentzat. Orain dela 10 urteko datuetatik urruti daude gaur egun (%20-30 inguruan ere ibili ziren Chrome sortu aurretik), baina merkatuaren egungo egoera, batez ere smartphoneen zabalkundea hasi zenetik, oso ezberdina da, eta Firefoxek bizirik irautea lortu du. Ez da gutxi. Ikusi, bestela, non dagoen Microsoften Explorer (gaur egun Edge), garai batean merkatuaren %90etik gora zuena eta gaur egun erabat bazterrekoa dena (%2,2 azken hilabetean).

Gogoan izan, Interneteko enpresa handienen aurkako borrokan ari dela Firefox; Googlek, Applek eta Microsoftek euren gailuetan lehenetsita dakartzaten nabigatzaileen lekua hartu nahian. Eta hori ez da erraza, noski. Nire mugikorrean Chrome edo Safari instalatuta baditut, zertarako hartu lana Firefox instalatzeko? 

Firefoxen erantzunak bi alde ditu. Bata, lehenengoa, teknikoa: Firefox ona delako. Baina badu bigarren erantzun bat ere, filosofikoagoa: Firefox librea delako. Izan ere, Mozillak aldarrikatzen duenak hausnarrerako sua piztu beharko liguke, bederen. Irabazi asmorik gabeko erakundea da, independientea, Internauton premiak babestu beste helburutik ez duena, Internauton segurtasuna bermatuz, horretarako nabigatzaile libre bat garatzen duena, komunitate zabal batek eskaintzen duen indarrarekin, Internautongan (bakarrik) pentsatua... Marka handiek dominatzen duten mundu honetan, askatasunaren aldeko aldarria ere bada Mozillarena.  

Internauta askok pentsatuko dute: "ba ote arrazoirik Firefox erabiltzeko?". Eta, beharbada, galdera da: ba ote arrazoirik Firefox ez erabiltzeko?

Erantzun

Sartu