Teknologia albisteak

Pixel Buds, itzulpen automatikoa egingo dizuten aurikularrak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-10-05 : 10:49

Googlek bere Pixel 2 gama osoa aurkeztu zuen atzo iluntzean. Laupabost produktu berri aurkeztu zituen, baina guri batek eman zigun atentzioa: itzulpen automatikoa egingo dizuten aurikular inalanbrikoak aurkeztu zituen, Pixel Buds izenekoak. Parean duzun pertsonaren ahotsa jaso, eta automatikoki itzultzen dizu. 40 hizkuntzatan funtzionatzen du hasiera honetan (euskaraz oraindik ez). 

Aurkezpen "handien" garaia da udazkena. Applek bere iPhone berria aurkeztu zuen duela egun batzuk, Samsungek bere Galaxy modernoena,... eta orain Googleren txanda izan da. Atzo arratsaldean (guretzat gaua) egindako aurkezpen batean, hainbat produktu aurkeztu zituen, hala nola gama altuko mugikor berriak (Pixel 2 eta Pixel 2 XL), Pixelbook tableta, Google Clips kamera eta Google Home berria. Hemen duzue ekitaldiaren laburpena (15').

Guri deigarriena egin zaiguna, baina, aurikular inalanbrikoak dira, Pixel Buds, Googlek komertzializatzen dituen lehenengoak. Pixel mugikorrekin eta Google Assistant erremintarekin estu-estu lotutako gadgeta izango dira. Kalitatea, erosotasuna eta abarrak azpimarratu zituzten atzoko aurkezpenean, baina horretaz gain (edo hori alde batera lagata), deigarriena da ahotsaren itzulpen automatikoa eskaintzen dizutela. Aldibereko itzulpena. Parekoaren ahotsa jaso eta itzulpena entzungo duzu aurikularren bidez.

Ondorengo bideoaren hasieran ikusi dezakezu nola dabilen.

Aurikularren berezitasun handiena da mugikorraren Google Assistant tresnarekin lotuta dagoela. Botoi bat klikatuz Assistant aktibatzen da eta mugikorrari aginduak emateko aukera ematen du. Musika entzuteko aukerak kontrolatu, deiak egin, jakinarazpenak eman/jaso,... eta baita itzulpen-sistema automatikoa aktibatu ere. 

Behin itzulpen-sistema aktibatuta, erabiltzaileak parean duen pertsonaren ahotsa jasoko du mikrofonoaren bidez, eta itzulpena entzungo du aurikularren bidez. Hasiera honetan 40 hizkuntza ulertu eta itzultzeko gai da, tartean katalana, baina ez euskara. Sarean zabaldu dituzten adibideak ikusgarriak dira; ikusteko dago, ordea, benetako egoera batean nola funtzionatzen duten (jatetxe batean, ahoskera zabarra duten hiztunekin, burrundara handiko lekuetan,...). Hala ere, alderdi teknikotik, aurrerapausu demasa, etorkizunean norantz joango garen garbi adierazten duena.

Hemen atzoko aurkezpen osoaren laburpena.

 

 

Erantzun

Sartu