Facebookek badu bere VOD plataforma berria martxan, Facebook Watch. Azken egunotan erabiltzaile gutxi batzuek proba-fasean testeatu ondoren, aste honetan Estatu Batuetako erabiltzaile guztiei zabaldu zaie plataforma berria erabiltzeko aukera. Badirudi oraingoz oso eskaintza murritza duela, baina hurrengo hilabeteetan eskaintza hori zabaltzen joango omen da eta Facebookeko erabiltzaile guztiei joango zaie irekitzen aukera hori. Netflix, Rakuten, HBO, Amazon Prime,... orain beste lehiakide bat ere badago VOD merkatuan, eta ez nolanahikoa, gainera: Facebook erraldoia.
Facebook aspalditxo ari da bideoak eta zuzeneko emanaldiak ematen bere plataformaren azpian (Sustatun bertan aipatu genuen ekainean, nola 2017-2018 denboraldiko Championsa Facebook bidez ikusi ahalko den Estatu Batuetan). Hala ere, abuztu hasieran iragarri eta aurkeztu du bere VOD plataforma izango dena, Facebook Watch. Azken egunotan proba-fasean ibili dira, aukeratutako erabiltzaile gutxi batzuei eskainiz Watch erabiltzeko aukera, eta irailaren 5etik dagoeneko AEBko Facebook erabiltzaile guztiei ireki zaie atea. Gutxinaga gutxinaka sare sozialeko erabiltzaile guztiei zabalduko diote aukera hori, nahiz eta oraindik ez duten zehaztu hedapen hori nola egingo den.
Hasierako harrera eta kritika ez da txaloak jotzeko modukoa: YouTube kaskar bat dela esan du The Vergek, oso aukera gutxirekin eta oso eskaintza murritzarekin. Baina Facebookek ukitzen duen gehiena urre bihurtzen denez, ez litzateke harritzekoa izango nahiko epe laburrera Facebook ere VOD merkatuko lehiakide handienetako bat izatea, gaur egun Netflix, Rakuten edota HBO diren bezalaxe.
Facebookek aurreratu duenaren arabera, plataforma berriak zuzeneko emankizunak eta grabatutakoak izango ditu. Filmak, web-serieak, bideo-blogak, programa tematiko eta kulturalak,... Bai erabiltzaileek eurek sortu eta bultzatutakoak, zein Facebookek ekoitzitakoak. Ekoizle eta sortzaileek euren lana katalogo horretara gehitu ahal izateko, baimena eskatu beharko dute (ez Youtuben bezala). Hortaz, ez da telebista, ez da Netflix, ezta Youtube ere,... baina guztien arteko nahaste modukoa izango da.
Garbi dago, hasiera batean behintzat, Watchek muga nabarmena izango duela: eskaintza murritz samarra. Baina baditu bi abantaila izugarri: 1) nahi adinako aurrekontua; 2) munduko sare sozialik handiena, programak eta ikusleak erabat konektatuko dituena. Azken batean, Facebookek horixe aprobetxatu nahiko du, bere 2.000.0000.000 erabiltzaileek ematen dioten indar izugarria. Izan ere, horixe baita bere arerio nagusi den Youtuberi gehien falta zaiona, benetako sare sozial izaera (Googlek lortu ez duen gauza bakarra, sare sozial potente bat sortzea).
Facebookek indar hori aprobetxatu nahi du, hortaz. Ikusten duzuna zure lagunen artean partekatu ahalko duzu, zure lagunek zer ikusten duten jakingo duzu denbora errealean, iruzkinak edonon eta edonoiz utzi ahalko dira,... Norbere telebista, norbere gustura, lagunekin zuzenean partekatzeko aukerarekin. Googlek ere hori badaki, jakina, eta azkenaldian Youtuben egiten ari den aldaketa gehienak bide horretara bideratuta daude, plataformaren alderdi soziala indartzera, alegia.
Programa eta zuzeneko emanaldi katalogo txukuna lortzeko gai bada, Watch berri honek zeresana emango du oso epe laburrean. Facebook vs. Youtube borroka izango dugula, behintzat, argi dago.
Erantzun
Sartu