Teknologia albisteak

Irma urakana, historiako handienetakoa, zuzenean jarraitzen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-09-07 : 10:26

Historian ezagutu den urakanik handienetakoa da. Azken urteetako bortitzena, zalantzarik gabe, eta baita Atlantiko zabalean sekula neurtu den handiena ere (Karibe itsasotik kanpo, alegia). Errekor historikoak ari da gainditzen eta Irma zaio izena. Karibeko hainbat herrialde txikitu ditu azken orduotan eta une honetan Haitira bidean doa, Dominikar Errepublika ukitu ondoren. Asteburuan Bahamak eta Florida ere harrapatuko lituzke. Hona hemen non eta nola jarraitu Irmaren ibilbidea denbora errealean, NOAATwitter, Youtubeko zuzeneko eta abarrei esker.

Irmaren historia duela 15 egun inguru hasi zen, ekaitz tropikal baten itxura hartu zuenean Afrika mendebaldeko kostaldean. Harrezkero, Atlantikoa zeharkatuz joan da, gero eta indartsuago bilakatuz, eta atzo (irailaren 6an) 5. kategoriako urakan bilakatu zen. Eta ez edonolako urakana, gainera, sekula neurtu den urakanik bortitzenetakoa baita. Azken orduetan Antilla uharteak harrapatu ditu eta sekulako triskantza eragin du Barbudan, Saint Martinen eta Birjina Uharteetan, besteak beste. Oraingoz 8 hildako daude ofizialki, baina uharte horietako azpiegituren %90 txiki-txiki eginda dago. Bertako biztanle gehienek ez dute ez etxerik, ez urik, ez argindarrik. Gaur gauean Puerto Rico ukitu du, baina erabat harrapatu gabe. 

Esan bezala, ohiko neurrietatik kanpoko urakana da Irma. Sekula neurtu den urakanik handienetakoa, zalantzarik gabe (hainbat arlotan, sekula neurtu den bortitzena ere bai). Beste urakan mitiko batzuen errekorrak gainditzen ari dena (Allen 1980, Andrew 1986, Wilma 2005Katrina 2005, Cuba 1924... ), eta hurrengo orduetan are gehiago berrindartu daitekeena. Sekula neurtutako haize-ufadarik bortitzenetakoak, 180 mph abiaduratik gorako haizeak 24 orduz mantentzen dituen lehenengoa, 24 orduko epean Metatutako Energia Zikloniko handiena izan duena,...  

Historiako urakanik handiena izatearekin batera, gainera, bere ibilbidea ere azpimarragarria da, Karibe aldeko lurralde gehienak ukituko omen dituelako. Antillak suntsitu ondorenHaiti eta Dominikar Errepublika ditu jomuga gaur-bihar. Handik aurrerako ibilbidea ez da horren ziurra, baina azken kalkuluen arabera, Kuba iparraldetik igaro ondoren, Bahama uharteak bete-betean harrapatuko lituzke, eta handik Floridarantz abiatuko litzateke larunbat-igandean. Floridara iristerako indarra galduta egon daitekeela aurreikusten dute baina, badaezpada, Miamin dagoeneko hasi dira 100.000 lagun euren etxeetatik ateratzen. 

Zuzeneko jarraipena

Urakanen jarraipenerako zentrua (NHC) informazio osoa ari da ematen, zuzen-zuzenean. NOAA (National Oceanic and Atmospheric Administration) webgunean dago informazio guztia: satelite irudi guztiak (formatu eta parametro ezberdinekin), Irma urakanaren unean uneko datu eta ezaugarri guztiak, iragarpenak, eztabaida-foroa, eta abar. XML bitartez ere jaso daiteke eguneratutako informazio oso-osoa. 

Twitterren ere etengabeko jarraipena dago #irma traolarekin, noski. Urakanen ikerketa eta jarraipena egiten duten hainbat erakunderen eta meteorologoren Twitter-kontuak ere etengabe ari dira azken ordukoak ematen.

Youtubeko zuzenekoei esker ere unean uneko informazioa jasotzeko aukera daukagu. Hedabideak ere zuzenean ari dira jarraitzen Irmaren ibilbidea, eta denbora errealean ematen dituzte azken albisteak, hala nola The GuardianCNNBBC, eta abar.

http://www.ssd.noaa.gov/PS/TROP/floaters/11L/imagery/vis_lalo-animated.gif

 

Aldaketa klimatikoaren ondorio?

Urakan honen neurri paregabea dela eta, gero eta gehiago ari dira aipatzen aldaketa klimatikoaren ondorioak zeintzuk izan daitezkeen epe labur-ertainera. Azken urteotako joera omen da, neurriz kanpoko egoera meteorologikoak neurtzea gure planetako edozein bazterretan. Urakanak ere gero eta gehiago eta handiagoak izan daitezkeela aurreikusten dute, besteak beste, ozeanoetako uraren tenperatura gorantz doalako, eta ur epel hori delako urakanen erregaia. Ur beroak indartzen ditu urakanak, gasolinak sua bezala. 

Dena dela, gauza jakina da Trump presidenteak ez duela sinesten aldaketa klimatikoan. Ez duela federik zientzilariek ematen dizkioten datuetan. Bai, ordea, beste fede mota bat, antza. Urakanei aurre egiteko bidea aurkitu du: errezua. Eta horrelaxe aritu zen duela egun batzuk, Harvey urakanaren ostean, bere lantalde osoarekin. 

 

Erantzun

Sartu