Teknologia albisteak
2

Mila eta bostehun milioi, Unix denboran (1500000000)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-07-13 : 15:29

Bihartik aurrera Sustatuko artikuluen URL helbideak 15 zenbakiekin hasiko dira, eta hurrengo hiru urteetan hala izango da. Orain ertz-ertzean gaude, honeko artikulu hauen URL zenbakia da 1499952448, ia 1,5 miliar edo 1.500 milioi. Eta zergatik gertatzen da edo gertatuko da hau? Ba Sustaturen artikuluak antolatzeko modua Unix denboran oinarritzen delako, eta Unix denborak zenbatzen ditu 1970eko urtarrilaren 1etik igaro diren segunduak. 

1970eko hamarkada hasieran Unix sistema eragilearen konputazio batzuetan denbora linealki zenbatzeko metodo bat behar zuten, eta hasiera bat eman behar zitzaionez konputuari, hamarkadaren hasiera erabaki zuen norbaitek.

Era bateko edo besteko eboluzioen ondoren, Unix-eko erabaki hura, beste sistema batzuetara hedatu da denbirarekin. Esate baterako, Python programazio lengoaiara. 2001. urtean, CodeSyntax enpresak Sustatu sortu zuenean, Python erabiltzen zuen blogintza-azpiegitura bat erabili zuen, Squishdot izenekoa, eta han URL-ak sortzeko metodoan, Unix denborarena zegoen.

2001eko azaroan, hau martxan jarri genuenean, 1004348874 izan zen Sustatuko artikulu batek hartutako lehen ID-a, gure artxiboetako Unix denbora txikiena (azaroan ireki zen Sustatu, baina aurreko egunetako artikulu batzuk kargatuta zeuden, ez zedin webgunea hutsik egon inaugurazioan).

2011. urtean, azpiegitura aldatu genion Sustaturi, Django sistemara igaro genuen. Pentsatu genuen zenbakitutako URL edo identifikatzaileen sistema ez zela txarra, eta huraxe berregin genuen, eta hortaz, Unix orduaren araberako artikuluak argitaratzen ditugu oraindik ere. Artikulu zaharren URL-etan zegoen .com luzapena ere .eus bihurtu da, baina URL zaharrek funtzionatzen jarraitzen dute.

Etxe honetarako egindakoa, ondoren, beste bezero batzuei ere aplikatu izan diegu. Tokikom elkartearen hainbat hedabidek CodeSyntax-ek garatutako webguneak darabiltzate, eta haietan ere, mila eta bostehun milioi segunduak markatzen dituzten URL-ak ikusiko dituzue biharko egunetik aurrera.

Irudian, Unix ordua markatzen duen erloju bat. Horrelako bat urratsez urrats nola sortu hemen azaltzen dute.

Erantzunak

2017-07-14 : 09:44

Desberdintasun bat dago goiko URLetan, egia esanda (fijatzen bazarete): Sustatukoa laburragoa da: 1500012638, 10 zifrakoa, eta Tokikomeko URLetan ikusten direnak 13 zifrakoak dira: 1500016353730. Baina printzipio berak sortzen ditu, kontua da Tokikom-eko kasuan milisegunduak kontatzen dira, Mila eta Bostegun miliar milisegundo, edo Bilioi eta erdi milisegundo igaro dira Unix orduaren hastepenetatik (1970eko urtarrilaren 1etik) Euskalerria Irratiak artikulu hau argitaratu duen arte:

https://euskalerriairratia.eus/irunea/1500016353730-iruneak-argi-du-emakumeenganako-erasorik-ez-da-onartuko

Milisegunduen formatua Sustatuk sareko txioen bidez jasotzen dituen URLetan ere ageri da, adibidez honetan:

https://sustatu.eus/1500018109819

Erantzun

Sartu