Teknologia albisteak

Buztinean zizelkatutako bisonteak eta irudi gehiago Aitzbitarten

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-07-10 : 15:22

Espeleologo batzuek apirilean aurkitutako Euskal Herriko labar arteko azken aurkikuntzak azaldu dituzte gaur prentsaurrekoan Donostian. Errenteriako Aitzbitarte IV izeneko kobazuloan buztinezko erliebean egindako bisonte eta zaldiak agertu dira, guztira 15 bat animalia forma.

Kantauriko labar-artean orain arte aurkitu ez den teknika da Aitzibitarteko irudi hauena: hormetako buztina moldatu zuten artistek, silexko tresnak erabiliz, formak zizelkatu zituzten, erliebeak indartuz eta bolumenak moldatuz.

14.000 urteko antzinatasuna dute irudiek, eta hain dute irismen zaila kanpoaldetik, non primerako kontserbazio egoeran dauden. 15 animalia irudien artean, argazkietan banatu den bisontea da gure begiek ondoen igarriko dutena. Beste batzuk zaldiak eta oreinak izan daitezke, eta batzuk determinatu ez diren animaliak. Hona zaldietako bat:



Horiez gain, esku marka eta bulba bi ere badaude. Emakumezkoaren genitalen errepresentazio horietako bat metro bateko tamainara iristen da. Bulba horietako bat jarraian, marrak nabarmenduta eskuinekoan (animalien irudietan ez dago ukiturik, argiztapenaren bidez ikusten diren bezalaxe ageri dira):



Gaur Gipuzkoako Foru Aldundian emandako prentsaurrekoan, aurkikuntza apirilean egin zuten bi espeleologoak egon dira, Javier Busselo eta Sergio Laburu (biak Felix Ugarte Espeleologia Elkartekoak). Haiekin batera, Diego Garate arte paleolitikoan aditua; eta baita erakundeen ordezkariak ere. Hona hemen Foru Aldundiaren prentsa-oharra, eta Elhuyar zientzia agerkariak argitaratutako artikulua.

Ez da lehen aldia labar-artea aurkitu dutena Aitzbitarten. 2012an mantxa gorriak aurkitu ziren, eta 2015ean grabatu aberatsagoak (zaldi eta bisonteak orduan ere).

Gipuzkoako Foru Aldundiak banatutako argazkiak dira artikulukoak. Eta hona hemen atzoko prentsa aurrekoa:

 

Erantzun

Sartu