Teknologia albisteak

20 urte Marteko lurrazala aztertzen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-07-03 : 09:51

1997ko uztailaren 4a data esanguratsua da espazioaren ikerketaren arloan. Gizakiak, lehenengoz, robot bat jarri zuen Marteko lurrazalean. Harrezkero, etenik gabe, Marteko argazkiak jaso ditugu egunero, bertako lurzorua ezagutzeko hainbat lagin jaso dira, eta hainbat ikerketa bideratu dira. Aste honetan 20 urte beteko ditu gizakiak Marten. Hurrengo erronka? 2030ean astronautak eramatea planeta gorrira.

 

Marte, planeta gorria. Eguzkitik hasita laugarren planeta da eguzki-sisteman, erromatar mitologiako Marte gerra-jainkoaren izenarekin bataiatua, gaueko ortzian ageri duen gorritasuna zela-eta. Bi ilargi ditu (Phobos eta Deimos), eta orbita nahiko eszentrikoa (Eguzkitik eta lurretik duen distantzia asko aldatzen da denboran zehar).

Marte exploratzeko lehenengo saiakerak 70eko hamarkadan hasi zituen Sobietar Batasunak Mars 2 eta Mars 3 espedizioekin, baina lehenengo misio arrakastatsua NASA Pathfinder izan zen: 1997ko uztailaren 4an hartu zuen iritsi zen planeta gorrira eta horixe izan zen gizakiak Marteko irudiak zuzenean jaso zituen lehenengo aldia. 20. urteurrena dela eta, hainbat bideo eta argazki-bilduma argitaratu dituzte egunotan, eta ziur aste honetan gehiago ikusiko dituguna. Hemen NASAren argazki-bilduma ederra eta baita ondorengo bideoa ere.

Mars Pathfinderrek 3 hilabetez aztertu zituen Marteko lurrazala eta atmosfera, eta sekulako aurrerapausua izan zen Marteko egitura geologikoa eta klima ezagutzeko orduan. Harrezkero, NASAren beste 8 misio iritsi dira Martera eta ez da egon egun bakar bat ere, 20 urteotan, Martetik irudirik eta daturik jaso ez dugunik. 2004an Spirit eta Opportunity roberren garaia heldu zen. Milaka argazki eta datu jasotzeaz gain, ur bila aritu ziren etengabe, eta garai batean Marten ura izan zela ondorioztatu zuten. 2012an, berriz, Curiosity izan zen Marten lur hartu zuen robota. Askoz garatuagoa, 17 kameraz hornitua, are informazio zehatz eta garrantzitsuagoa bidali du azken urteotan (ikus Curiosityk ateratako argazkiak).

Datorren urtean bidaliko du NASAk hurrengo robot edo roberra Martera, Mars InSight delakoa. Oraingo honetan lurrazala baino lurrazpia aztertuko du robotak. Eta 2020an bizitza mikrobiarra aurkitzeko prestatutako beste misio bat bidaliko dute. Azken urratsa 2030ean letorke: gizakia martera eramatea. Journey to Mars proiektuak dagoeneko erabat bideratuta omen dauka gizakiarentzat mugarri litzatekeena, gizakiak beste planeta batera bidaltzea lehenengoz.

 

Erantzun

Sartu