Teknologia albisteak

Toner-kartutxoa erosiz gero zeurea izango da, baina adi softwarea badauka

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-06-06 : 10:24

AEBetako Epaitegi Gorenak erabaki du patente baten eskubideak ez direla iristen produktu baten erosleak produktuarekin egin dezakeenera. Zerbait eroste baduzu, zeurea da eta kito. Baina adi, patente industrialaz ari gara: softwarea duen zerbait erosten baduzu, badirudi oraindik erosi duzuna ez dela zeurea baizik eta ekoizlearena.

Auzitan inprimagailuetako toner kartutxoak daude. Lexmark etxeak ez zuen utzi nahi inork ber-kargatzerik, ez bazen bere zerbitzu profesioanala. Baina arrazoia kendu diote. Erabakiak badu kontu teknologikoekin erlazioa:

Hala ere, patente industrialak, eta software pribatiboa zein DRM eskubideak lege desberdinen arabera arautzen dira Estatu Batuetan, eta oraingoz erabiltzaile eta erosleen askatasunak ez daude ziurtatuak teknologia digitala dagoenean tarteko.

Hau da, inprimagailuko kartutxoa erosten baduzu, zeure esku dago haren "tripak" iraultzea zuk nahi bezala berrerabiltzeko, erabaki honen argitan. Baina inprimagailuaren zirkuitoetan dagoen softwarea ez, horrek jarraitzen du itxita egoten. Hortaz, Lexmark-entzat nahikoa izan daiteke kartutxoei "softwarea" gehitzea, eskubide intelektualarekin babesturiko DRM-zko kode zati bat, berriz giltzapetzeko kartutxoak.

Cory Doctorow adituak Boing Boing-en idatzi duenez, izatez, DRM legeek hain urrun iritsi dira non kartutxo batean "kode pribatiboa" sartuz gero, 5 urteko espetxe zigorra ere ezarri diezazuketen AEB-etan.

Guztiarekin, tira, norbaitek konturatuko da egunen batean, "mekanikoaren" eta "digitalaren" artean ez dagoela, 21. mendean, hainbesteko alderik, eta traktorea, inprimagailuko kartutxoa, edo programa informatikoa erosi duenak eskubidea behar lukeela izan erosi duenarekin nahi duena egiteko, baita tripak irauli ere, gogoa balu.

Erantzun

Sartu