Txoriak.eus webgunean, Euskal Herriko txori eta hegaztien inguruko informazioa batu dugu. Euskal Herriko txori-espezieen fitxak osatu ditugu eta, informazio ornitologikoarekin batera, txori bakoitzaren euskarazko izendegia ere aurkezten da (elkarrizketen bidez, baserritar eta ehiztarien artean ahoz jasotakoa). Webgunearen oinarrian, Asier Sarasua biologoak egindako izen-bilketa dago. Euskal Herriko Ahotsak proiektuak ere hartu du parte garapenean eta alderdi teknikoaz Codesyntax enpresa arduratu da.
Zer den Txoriak.eus webgunea? Hitz gutxitan esanda, Euskal Herriko hegaztien inguruko datu-base bat, non 2 motatako informazioa biltzen den. Batetik, txori-espezie bakoitzaren informazio biologikoa (ornitologikoa) jasotzen dugu: espeziearen ezaugarriak, argazkiak, non eta noiz aurkitu daitekeen, ikusentzunezkoak,... Eta bestetik (eta batez ere), txorien euskarazko izenen datu-base bat da. Txori bakoitzak zer izen hartzen dituen eskualde, euskalki eta hizkera bakoitzean; nori jaso zaion izen hori, eta bibliografian nola/noiz/nork erabili izan duen. Kasu batzuetan, lekukoen hitzak ikusi eta entzuteko aukera ere badago, Ahotsak proiektuan jasotako grabazioei esker. Hortaz, Txoriak.eus, Euskal Herriko txorien eta txori-izenen inguruko webgune edo datu-basea da.
Orain ikusgai daukazun hau lehenengo bertsio bat besterik ez da; oraindik ere edukia gehitzen eta orrazten ari gara eta horretan jarraituko dugu etorkizunean ere. Hasiera honetan, gehienbat, txorien izendegiari eman zaio garrantzi berezia. Gutxinaka, hegaztiei buruzko informazio gehiago sareratzen ere joango gara. Une honetan Euskal Herriko 100 espezie nagusienen datuak aurkezten dira, baina urte amaierarako 200 espezietara ere iritsiko gara; txori-izenei dagokienez, une honetan, 2.000 txori-izen ezberdin inguru daude jasota eta ikusgai datu-base honetan. Horrekin batera, Txoritokiak izeneko atal bat ere sortu dugu, Euskal Herrian (eta inguru hurbil samarrean) hegaztiak ikusteko tokirik aproposenak zerrendatu eta bakoitzaren inguruko informazio praktikoa eskainiz. Atal hori ere indartzen joango da datozen hilabeteetan.
Txorien euskarazko izenak batzea da webgune honen helburu nagusienetako bat. Txori bakoitzak herri bakoitzean zein izen (izan) duen zehaztea. Izan ere, hegazti-izenen alor semantikoa oso aberatsa da. Hegaztiak dira animaliarik ezagunenak eta ugarienetarikoak, eta tradiziozko ondarean leku zabala izan dute. Gainera, ehizaki eta elikagai ere izan dira. Ondorioz, hegazti gehienak ezagunak dira herritarrentzat (edo izan dira, orain gutxira arte, behinik behin), eta bakoitzak oso izen ezberdinak izan ditzake herri batetik bestera. Hori horrela izan da duela 30-40 urtera arte, non sekulako etena gertatu den izenen eta garai bateko ohituren transmisioan.
Baserritar, arrantzale eta ehiztari nagusien artean egindako galdeketetan, nabarmen ikusten da, beste alor lexikaletan ez bezala (ugaztunak, anfibioak, perretxikoak, zuhaitzak, lihogintza, baserriko tresnak...), hegaztien inguruan jasotako berba asko liburuetan estandarizatu diren izenetatik urrun daudela, eta askotan hiztegietatik kanpo ere bai. Herri batetik besterako jauzia itzela izan daiteke, eta oso arrunta da edozein hegaztik dozena bat izen ezberdin izatea Euskal Herrian zehar, gehiago ez badira.
Hori horrela zela jakinda, eta berba gehienak 70-80 urtetik gorakoen ahotan bakarrik jaso zitezkeela ikusita, galzorian zegoen altxor lexikal eta etnografiko hori jasotzea erabaki zuen Asier Sarasua Aranberrik 1990eko hamarkadan, eta horretan jardun du harrezkero. Bilketa etnolinguistiko hori izan da webgune eta egitasmo hau martxan jartzeko ernamuina. Hona hemen Asier Sarasuak berak webgunea aurkezteko unean idatzitako azalpenak.
Garapena Badihardugu Euskara Elkartearekin lankidetzan egin da (Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren bitartez). Eduki guztia cc-by-sa lizentzia librearekin banatzen da. Azpiegitura informatiko osoaren garapena Codesyntax enpresak egin du eta proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du 2016. urtean.
Erantzun
Sartu