Teknologia albisteak

Ramon Saizarbitoria: "Katalana ere ez zaigu baliagarri eredu bezala"

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-12-16 : 12:36

Ramon Saizarbitoriak (Donostia, 1944) jaso du Gipuzkoako Urrezko Domina, Markel Olano diputatu nagusiak emana, atzo Diputazioaren jauregian egindako ekitaldi jendetsuan. Ekitaldia osorik dago bideo honetan, baina hasiera unea jarri diogu Saizarbitoriaren hitzetan. 20 minutu interesgarri dira hitzaldikoak, gehiena euskaraz, baina gaztelaniazko pasarte batzuekin (horiek ere esanguratsuak).

Saizarbitoriak esker onez jaso du domina “belaunaldi baten izenean”, eta 1960ko hamarkadako urteetan eta intelektual gazteen talde jakin batean arreta jarriz hasi zuen hitzaldia.

"Txapelak sinbolizatzen zuen guztiaren kontra, anti-folkloristak ginen. Folklorekeriaren kontrakoak, hobe esan. Euskara alboratuz, txistua joz eta aurreskua dantzatuz, beren buruak euskaldun jatortzat erakusten zituztenen kontrakoak. Oteizaren akolitoen joera salatzen genuen, gure nortasuna folklore eta espekulazio metafisiko huts bihurtu nahia. Eta hizkuntzari ematen genion lehentasuna."

Garai hartako zenbait figura goraipatu zituen, bereziki Iñaki Beobide, Rikardo Arregi hain gazterik hila, eta Ibon Sarasola. Hitzaldian aurrera, gaurko garaietara iritsi da idazlea.

"Ez niri jaramon handirik egin, zahardadearen malenkoniak hartuta bainago ziurrenik (...). Adieraziko nuke, mundua doan bezala doala, ez dudala uste ziurgabetasun egoera gainditzerik inoiz lortuko dugunik, beti izango garela bereziak; eta hobekuntza, etortzekotan, ez zaigula etorriko mimetikoki handiak egiten dutena kopiatzetik. Ingelesa, edo gaztelania, edo katalana bera ere ez zaizkigu baliagarriak eredu bezala, eta ez dugula beste erremediorik orijinala izatea baino. Hartuko nituzke txikiago eta pobreago gineneko konpromisoa, erakundeen babesa ez genueneko entusiasmoa".

Eta egur pixkat ere banatu du idazleak, amaitzeko.

"Nire onetik ateratzen nau beren buruak bereizteko eta eskolan euskalduntzen den gehiengoa gutxiesteko, auzoko beren 'euskerie' aldarrikatzen duten gazteen harrokeria. Ezin jasan dut Euskal Telebistan erabiltzen den euskara sarritan ulertezina. Errabia ematen didate beren arrazakeria zabalkundearen izenean justifikatzen dutenek. Penagarria deritzot sormen kulturalaren eskakizun maila jaisteko joerari, onartezina diru publikotik arrunkeria eta zaborreria ordaintzea eta promozionatzea, gazteei zuzendua denean, eta eskolan, bereziki; atzo bezala, gaur, kalitateak salba gaitzakeela pentsatzen dudalako. Nahiago nuke norbaitzuk beren aldarrikapenetan hain urrun joango ez balira, kudeatu dezakeguna baino gehiago eskatzea ez zait inteligentea iruditzen. Deskontzertatu egiten nau zeinen zorrotzak garen eskakizunetan, askotan ahulenarekin intoleranteak izateraino, eta zein epelak, otzanak eta amore emaileak euskara zokoratzen eta mespretxatzen den beste egoera batzuetan."

Bideoan Saizarbitoriaren hitza izan baino lehenagoko hitzaldiak badituzue. Markel Olano Diputatu Nagusiak hitz egin zuen, eta baita ere, laudorioa egiteko hizlari gonbidatu gisa, Arantxa Urretabizkaia idazleak.

Erantzun

Sartu