Teknologia albisteak

Nola gutxitu jakinarazpenen zarata Twitterren

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-11-22 : 10:10

Joan den astetik, Twitterrek jasotzen ditugun erantzun eta notifikazioak moldatzeko (bereziki, zarata gutxitzeko) aukera ematen digu. Hona azalpena nola funtzionatzen duen.

Lehenengo eta behin, ohar edo notifikazioen fitxan klikaturik, bi modutan multzokatzen dira orain oharrak: guztiak (hau da, bertxioak, gogoko hartzeak, jarraitzaile berriak) ala bakarrik aipamenak jaso ditzakezu. Eta beste aukeratxo bat ere badugu hor eskumatan, ezarpenak moldatzeko.

Ezarpen berrien artean, aukera bat dugu lehendik ere kudeatu genezakeena ikusteko: nor dugun mutututa, eta nor blokeatuta. Badakizue, mututzea dela norbaiten abisurik ez jasotzea, baina berak zu jarraitu zaitzakeela. Blokeatzea ekintza gogorragoa da, ez duzu haren berri izango, eta ezta berak zeurea ere.

Baina mututu/blokeatzeaz gain, aukera gehiago ere badituzu orain. Batetik, hor duzu lehen aukera goiko irudian, bakarrik kaso notifikazioak jarraitzen duzun jendearena. Beste guztiak mututzeko modu bat da, azken batean.

Eta beherago dago beste aukera, ingelesez ageri dena oraingoz intefazean: hitz jakin batzuk mututu zure jakinarazpenetan. Hor hitz batzuk sar ditzakezu, eta horrez gain, "Kalitate aragazkia" alorra aktibatu egin behar duzu. Gure probetarako, bi berba sartu ditugu, ez besterik:

Horrela ezarrita dugunetik, norbait guri zuzentzen bazaigu "sukaldatu" aipatuz, ez dugu notifikaziorik jasoko. Hori bai, "isilarazitako" terminoak ez dira desagertzen jario nagusi edo Timeline delakotik. Honek balio dezake, adibidez, inork zuri "feminazi" deitzekotan, ba hori ez ikusteko. Baina berba Timelinean agertuko da.

Azkenik, zarata gutxitzeko beste tresna bat ere jarri du Twitterrek. Zera da kontua: Elkarrizketa batean aipatzen zaituzte behin, eta ez duzu sartu nahi, eta tabarra isilarazi nahiko zenuke ze erantzunak eta erantzunak pilatzen doaz. Ba horra konponbidea: mezu-kateko txio jakin batean 3 puntuen ikonoan klik egin, eta "isilarazi elkarrizketa hau" aukeratu.

Erantzun

Sartu