Teknologia albisteak

Txinak beste espaziontzi bat jaurti du, espazioa konkistatzeko lehian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-10-21 : 09:05

Igandean bi astronauta espazioratu zituen Txinak, Jing Haipeng eta Chen Dong. Gobi desertutik espazioratu zuten Shenzhou-11 zeraman suziria. Irailetik espazioan dagoen Tiangong-2 estazioari atxikitu zitzaion asteazken goizaldean Shenzhou-11 kapsula. 30 egun pasako dituzte bertan astronautek. Tiangong (Espazioko jauregia) izeneko espazio-estazioen serieko bigarrena da astronautek erabiliko duten hau. Lehen estazioa, Tiangong-1 delakoa, 2011. urtean espazioratu zuten. Bertan igaro zuten astronautek orain arte Txinak eginiko misiorik luzeena: 15 egun espazioan. Misio berri honek bikoiztu egingo du astronautek espazioan igarotako errekor txinatarra.

Tamaina aldetik, estazio txikia da Tiangong-2 hau. Nazioarteko Espazio Estazioa 50 aldiz handiago da, masari erreparatzen badiogu (NEEak 419 tona eta Tiangong-2ak 8,6 tona). Izan ere, Tiangong-2a esperimentu batzuk egiteko dago pentsatua eta ez astronauta eskifaia iraunkor bat izateko. Handiagoa izango da 2022an espazioratzea espero duten Tiangong-3 kapsula (22 tona).

Beheko txioan ikus daiteke bi astronautak estazio-laborategian sartu ziren unea:

Txina espazioan bere kasa

2003an bidali zuen Txinak lehen astronauta espaziora; 21 ordu iraun zuen bere bidaiak eta Lurrari 14 itzuli eman zizkion Yang Liwei astronautak. Bere kasa astronauta bat espaziora bidaltzen zuen hirugarren herrialdea izan zen, Sobietar Batasuna eta Ameriketako Estatu Batuen ostean.

2008an lehen espazioko paseoa eman zuten. 2013an astronauta pare batek espazioan 15 egun igarotzea lortu zuten, eta urte amaieran Yutu ibilgailuak ilargian lurreratzea.

Zergatik dabil Txina bere kasa espazioan? 2011. urtean AEBetako kongresuak debekatu egin zion NASAri bere instalazioetan txinatarrei sartzen uztea, segurtasun kontuak direla eta. Besteak beste ezin du Nazioarteko Espazio Estazioa erabili, eta NASAko ikerlariek debekatua daukate Txinako erakundeekin lana egitea.

Debeku hori hor dagoen arren, Txinak bere bidea egiten dihardu, eta 2018an Ilargiaren alde ilunera joatea aurreikusten du eta 2021ean Martera, Txinako Alderdi Komunistaren mendeurrenean.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago