Abenduan onartu zituzten taula periodikoa osatzen duten azken elementuak, 113, 115, 117 eta 118 zenbakidunak, taulak zituen azkenengo 4 hutsuneak betetzera zetoztenak. Oraingoan, elementu horien izenak ere aurkeztu dituzte. Oraindik ere proposamena besterik ez dira, baina azken orduko aldaketarik ez badago, hauexek izango dira taula periodikoko azken lau elementuen izenak: nihonioa, moskovioa, tenesinoa eta oganesona.
Guztiok ezagutzen dugu elementu kimikoen taula periodikoa. 1869. urtean proposatu zuen lehenengoz Dmitri Mendeleiev kimikariak, eta 118 elementurentzako tokia dauka, ustez horiek baitira elementu "posibleak". Hasiera batean, taulak hainbat hutsune izan ditu (aurreikusten ziren elementuena, baina benetan existitzen ote ziren erabat konfirmatu gabe zeudenena). Urteen poderioz, hutsuneak betetzen joan dira, elementu berriak aurkituz edo sintetizatuz, leihatila guztiak bete arte.
Joan den abenduan onartu zuen Nazioarteko Kimika Batasunak azken elementuen aurkikuntza. Taulako azkenengo 4 elementuak ziren, 113, 115, 117 eta 118 laukitxoak betetzen zituztenak, une hartan behin-behineko izenez bataiatuak: ununtrioa, ununpentioa, ununseptioa eta ununoktioa.
Oraingoan, elementu horien izen-proposamenak aurkeztu dituzte. Izena ez ezik, baita sinbolo kimikoa ere. Azken orduko aldaketarik ez badago (oraindik proposamenak besterik ez baitira), hauexek izango dira elementu berrien izenak eta laburdurak:
Oharra: izenen euskarazko ordezkoa guk geuk sortua da; ez dugu inon aurkitu euskarazko baliokide estandarizaturik.
Gorago esan dugun moduan, hauexek ziren taula periodikoa osatzeko falta ziren atzenengo 4 elementuak. Taulako 7. lerroa osatuta geratzen da, beraz, eta taula periodikoa erabat beteta. Gutxienez, orain arte ezagutu dugun taula periodikoa, Mendeleievek aurrenekoz orain dela 150 urte proposatu eta harrezkero guztiok eskolan ikasi duguna.
Hemendik aurrera, kimikarien erronka izango da ikustea, ea 8. eta 9. lerroak ere existitzen ote diren. Izan ere, dagoeneko prest dago elementuen taula hedatua, non beste hainbat elementu posible proposatzen diren.
Elementu horiek sintetizatzea ez da batere erraza izango, euren bizitza oso-oso laburra izango baita (7. lerroko elementuen bizitza milisegundo gutxi batzuetakoa da, eta 8-9 lerroetako elementuena are laburragoa izango omen da, izatekotan).
Elementu guzti horien erabilera praktikoa ere ez da handiegia gaur egun, arrazoi berdinagatik (ez dutelako apenas irauten), baina gizakion oinarrizko ezagutzaren parte da elementu kimikoak zeintzuk/nolakoak diren jakitea, noski, eta etorkizunean, beharbada, erabilera ere eman ahalko zaiela uste da.
Eta bestela, behintzat, gurutzegramak zailtzeko beti izango zaizkigu aukerako! ;)
Twitter bidez adierazi digutenez, "tenesino(a)" baino egokiagoa izango da, ziurrenik, "teneso(a)". Halogenoen taldekoa denez, taldeko beste elementuen bide beretik egin beharko luke honek ere; bromo(a), iodo(a), kloro(a),... bezala, alegia. https://twitter.com/Josu_lg/status/747424136906027009.
Tenesoa, tenesioa, tennessoa,... horren inguruan dabiltza Twitterren. Gaztelaniaz "tennessio" proposatu dute hemen, adibidez: http://www.investigacionyciencia.es/blogs/fisica-y-quimica/24/posts/cuatro-elementos-qumicos-nuevos-14289. Elhuyarrek "tenessoa" proposatu digu: https://twitter.com/ElhuyarHizk/status/747721864093499392.
Dena dela, artikuluan esaten genuen bezala, oraindik ere izen horiek proposamena besterik ez dira, eta udazkenean emango dute behin betiko erabakiaren berri.