Teknologia albisteak

Oracle eta Google epaitegietan Java eta Android dela eta

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-06-03 : 11:15

9.000 milioi dolarreko kalteordaina eskatu zion Oraclek Googleri Android sistema eragilean copyright-a hautsi izana leporatuz. 2010etik dabiltza epaitegietan atzera-aurrera. Epaileak Googleri eman dio arrazoia, baina Oraclek iragarri du apelatu egingo duela.

Android mugikorretarako sistema eragile bat da. 2005ean erosi zuen Googlek eta 2008an merkaturatu zen Android zerabilen lehen mugikorra. Gaur egun mugikorren merkatuaren %80aren jabe da.

Android sistema eragilea Java programazio ingurunean dago kodetua. Java programazio hizkuntza eta ingurunea Sun Microsystems enpresak egin zituen duela hogei bat urte, eta nahiko hedatua dago programatzaileen artean. Googleren asmoa zen Androiderako garapena erraztea, eta horretarako hedatua eta ezaguna zen ingurune bat aukeratu zuen: Java. Baina Sun Microsystems-ekin egindako negoziaketek ez zuten emaitzarik eman, eta Googlek bere Java bertsio propioa egin zuen Androidentzat.

Googleren Java bertsioa ez zen Sun Microsystems-en bertsioaren kopia bat, ez zuen azken honen koderik berrerabiltzen. Baina bateragarritasuna eta ezagutza bermatzeko Googlek hainbat funtzio Java originalean bezala izendatu eta funtzionatzeko prestatu zituen.

2010ean Oracle enpresak Sun Microsystems erosi zuen, eta besteak beste Java garatzen jarraitu zuen. Googlerekin erabilpen akordio bat lortzen ahalegindu omen ziren. Baina adostasunik ez zuten aurkitu eta Oraclek Google salatu zuen egile eskubideak urratzeagatik.

Geroztik epaitegietan dabiltza bueltaka:

  • 2010eko salaketa 2012an ebatzi zuen epaileak, Googleren alde eginaz eta argudiatuz APIak ezin direla babestu copyright-arekin.
  • Oraclek apelazioa jarri zuen auzitegi federal batean, eta honek Oracleren alde egin zuen 2014an, esanaz APIak babestu daitezkeela copyright-arekin, eta kasua jatorrizko epaitegira itzuli zuen berriz epaitzeko eskatuz eta bidezko Googlek zentzuzko erabilpena ("Fair use") egiten zuen erabakitzeko.
  • Jatorrizko epaitegiak pasa den astean ebatzi zuen Googleren alde, honek zentzuzko erabilpena egiten duela argudiatuz. Oraclek 9.000 milioi dolarreko kalteordaina eskatzen zion Googleri. Oraclek iragarri du apelatu egingo duela.

Jokoan dagoena ez da soilik Googleren dirua. Software garapena egiteko eta ulertzeko modua baizik. Eta adibide batekin ilustratzen ahaleginduko gara (Vox.com-en aipatzen dute kasua). 1995ean apelazio epaitegiak Borland enpresa babestu zuen. Enpresa honek kalkulu-orri programa bat egin zuen, eta bere menua Lotus 1-2-3 programak egiten zuen modu berean izendatu eta ordenatu zuen. Epaitegiak esan zuen Lotusek menuko elementuak izendatu eta ordenatzeko modua ezin zela copyright bidez babestu.

Bestalde, Electronic Frontier Foundation-eko Pamela Samuelsonek adierazi du Oraclek epaia irabaztekotan beste hainbat salaketa egongo liratekeela. Android sistema eragilea instalatzen duten telefono ekoizleak Google bezain erantzuleak bait dira (Androiden kopiak instalatu eta saldu egiten dituztelako), eta Oraclek Samsung eta beste ekoizleak salatu ahal izango lituzkeela.

Erantzun

Sartu