Joan den asteko albiste batean, ETBko adierazpenen hizkuntza dela-eta, EITBren irizpide jakin batzuen berri eman ziguten kazetari pare batek. EITBk berak irizpide horien berri eman zuenean, puntu zehatz horiek ez zituen argitaratu, baina lagun batek helarazi digu dokumentu osoa (auskalo zergatik den sekretua), eta hemen argitaratzen dugu.
Euskal Irrati Telebistak euskarazko kanalak eta gaztelaniazko kanalak ekoizten ditu, hizkuntzak bereizirik, eta euskal herritar bakoitzaren esku uzten du euskara edo gaztelania aukeratzea. Hori ez da eragozpen EiTBk —euskararen normalizazioan eta prestigioan dagokion zereginari helduta— euskara ikusgai egin dezan gaztelaniazko kanaletan, batez ere orain, sustapen-planei esker euskal gizartearen parte geroz eta adierazgarriago batek bizitza publikoan eta pribatuan euskaraz egiten duen honetan.
Aurregogoeta
EiTBk 2013-2016 epealdirako prestatu duen plan estrategikoan, 3. lerroa euskarari dagokio. Helburua: gure gizarte eleaniztun honetan, hedabideetan euskara kontsumitzeko jarrera sustatzea eta normalizatzea. Helburu horretara heltzeko, bi proiektu zehaztu dira:
- Gaztelaniazko kanaletan euskarari tokia egitea.
- Euskarazko kanaletan erabiltzen den euskararen gaineko gogobetetasuna handitzea.
Jarraitu beharreko jokabideak
0. EiTBko kazetariak edo galdetzaileak garbi utziko du EiTBk beti errespetatzen duela adierazpenak egitekoa den pertsonaren hizkuntza-hautua: «Nola nahi duzu, euskaraz, gaztelaniaz, edo bietara?».
Hasierako harremana egiten denean, EiTBren euskara-planean jaso bezala, kazetariak edo galdetzaileak lehen hitza euskaraz egitea lehenetsiko du, batik bat solaskidea Euskal Herriko erakunde batekoa denean.
Kale-inkestak
1. Haur, nerabe eta gazteen kasuan, euskarazko testimonioei emango zaie lehentasuna EiTBren hedabideetan. Berdin jokatuko da euskaraz jario erraza eta gaztelaniaz, ordea, komunikazio-ahalmen murritza dutenen kasuan.
2. Euskara nagusi den herrien kasuan, herriko bizitza ukitzen duten gaietan, euskarazko testimonioei emango zaie lehentasuna EiTBren hedabideetan (ikus UEMAko udalerriak).
Prentsaurrekoak
3. EiTBko kazetariak sortzen den material guztia jasoko du, dagoen hizkuntzan dagoela, eta, albistea lantzeko unean, interes informatiboaren arabera erabiliko du, editoreak edo arloburuak markatzen duen ildoari jarraituz.
4. Prentsaurrekoa amaitutakoan, EiTBko kazetariak material osagarria biltzera jo dezake. Esate baterako, euskarazko adierazpenak egiteko eska diezaioke prentsaren aurrean azaldu den pertsonari, ekitaldian aukerarik izan ez bada.
Protagonistak, adituak eta lekukoak
5. Aurretiko kontaktuan bideratu behar da hizkuntzen kudeaketa: «Nola nahi duzu, euskaraz, gaztelaniaz, edo bietara?».
6. Politikari, artista, kirolari, aditu eta gainerako aurpegi ezagunak hedabideetan euskaraz hitz egiten ateratzeak hizkuntzari prestigioa eman diezaioke, interes informatiboari iruzur egin ezean, behintzat.
Materialaren tratamendua
7. Azpiko taulan laburbildu da zer teknika erabili behar den emisioko hizkuntzan ez dagoen material-mota bakoitza eskaintzeko.
a) Azpidazketa: itzulpena pantailaren behe-aldean idaztea. Kaleko testimonioek, berez, azpidatzita joan beharko lukete, baina bere horretan utziko dira, azpidatziak jartzeko prozesuak testimonio baten segundo apurrak baino denbora gehiago behar du eta.
b) Bikoizketa: itzulpena beste ahots batek ematea. Bikoizketarako, ahots gainjarriaren teknika erabiliko da, alegia, jatorrizko ahotsaren gainetik bikoizketako ahotsa ezartzea. Teknika hori oso malgua da:
• Ez dago zertan hitzez hitz bikoiztu. Bikoizketako testua jatorrizkoaren laburbilpena izan daiteke.
• Bikoizketako ahotsak ez du jatorrizkoa guztiz zapaldu behar. Oso gomendagarria da hasiera eta amaiera bere horretan entzuten uztea.
• Oso gomendagarria da bikoizketak ez zapaltzea jatorrizko ahotsa giltzarri edo funtsezko diren hitzetan.
c) Azalpena: inork esandakoaren mamia kazetariak adieraztea bere testuan bere hitzekin. Jatorrizko hitzak zapaldu aurretik, unerik esanguratsuena entzuten utzi behar du.
d) Interpretazioa: protagonista mintzatu ahala, ahozko itzulpena eskaintzea. Antolaketa konplexua behar du: denboraz planifikatzea, interprete profesional bat edo gehiago, eta edizio-arduradun bat jatorrizko hitzak noiz eten edo noiz zapaldu erabakitzeko.
Baztertu beharreko jokabideak
8. ETB1en eta Euskadi Irraitan, errealitatea euskaraz kontatzea da eginkizuna; gaztelaniari ezin dakioke bidea libre utzi. Bat-bateko egoeretan, protagonisten eta lekukoen gaztelaniazko hitzak justifikatuta egon daitezke baina, pieza editatuetan, adierazpenak eta testimonioak taulan azaldu bezala txertatu behar dira.
Euskarazko kanaletan gaztelaniazko hitzak txertatzeko prozedura bat badago ere, euskarazko albistegi eta programak ezin daitezke gaztelaniaz bete. Errealitatea euskaraz kontatzea ez da denbora osoan itzultzen aritzea.
9. Gaztelaniazko kanaletan ez da euskara-kuotarik ezarriko. Euskarari tokia egiteko saiakeretan, oso gidari ona da proba-errakuntza sistema, eta lau irizpide hauek:
_________________________
Goiko irudia, Edu Lartzangurenek Twitterren zabaldua.
Erantzun
Sartu