Teknologia albisteak

Hazkuntza ekonomikoa munduan zehar datorren hamarkadan: datuak eta mapa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-01-21 : 11:58

Harvard Unibertsitateko CID ikerketaguneak datozen urteotarako hazkunde-datuak argitaratu berri ditu. 2024. urtera bitartean, munduko estatu bakoitza zenbat haziko den urtero, bataz beste. Datu horien gainean, mapa adierazgarria ere egin dute Strange Maps blogean. Hona hemen datuak eta mapa. India izango omen da gehien haziko den herrialdea, baina Afrikako estatuak dira nagusi, oro har, zerrendako lehenengo postuetan. Herrialde garatuenetako hazkunde-maila, aldiz, askoz txikiagoa izango da kasurik gehienetan.

Harvard Unibertsitateko Center for International Development ikerketaguneak datozen urteotako hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenak argitaratu ditu, "Indiaren hamarkada" izenburupean. Izan ere, aurreikuspen horien arabera, India izango da datozen urteotan gehien haziko den ekonomia, urteko %6,98ko bataz bestekoarekin. 

CIDen datu horietan oinarrituta, Strange Maps blogean goiko mapa ere egin dute, non herrialde bakoitzaren tamaina hazkundearen araberakoa den (ez estatuaren neurriaren araberakoa). [Mapa jatorrizko tamaina handiagoan ikusteko, jo hona]. 

Horregatik da India handiena mapa horretan, urteko %6,98ko hazkunde horri esker. Asiako beste herrialde bat ere nahiko handi agertzen da, Filipinak (rankinaren 8. postuan, %5,68ko hazkundea). Txina, ostera, rankinaren 27. postura jaitsi da (%4,28ko igoera).

Mapari erreparatuz, garbi ikusten da hazkunde handiena Afrikako zenbait herrialdek izango dutela. Horrela, rankineko aurreneko 10 postuetan, Afrikako 8 estatu daude: Uganda (%6.04), Kenia (%6.0), Tanzania (%5.96), Egipto (%5.83), Madagaskar (%5.78), Senegal (%5.77), Malawi (%5.66), eta Zambia (%5.55).

Asiako beste zenbait herrialde ere nahiko goian ageri dira, besteak beste, Pakistan, Malaysia, Indonesia, Vietnam eta Tailandia. Eta nahiko goian, baita ere, Guatemala (11. postuan), Jordania (16.), eta Yemen (28.).

Herrialde garatuenen hazkundea, aldiz, nahikoa txikiagoa izango omen da, kasurik gehienetan %3tik behera. Hortxe daude, esate baterako, orain arte mundu mailako motore edo potentzia nagusi izan diren Estatu Batuak (%2,58), Japonia (%2,46), Frantzia (%2,77), Errusia (%1,96) eta batez ere Alemania, zerrendako azkenengo postuetan, %0,35ko hazkundearekin (Trinidad eta Tobago, Libia eta Kubarekin batera). Europan Espainia izango da gehien haziko diren estatuetako bat (%3.46). Estatu guztien datuak, CIDen webguneko lotura honetan.

 

Maparen iturria: Strange Maps.

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago