Teknologia albisteak

Nafarroako konkistaren ondorena: bi liburu, bi idazle, bi irudipen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2015-12-10 : 12:12

Durangoko Azokaren bezpera-egunetan hainbat liburu eta produktu aurkezten dira. Horrelako batean egon ginen eta bi libururen kronika egin ahal izan genuen Mugikaria aplikaziorako. Azoka jada igaro da, baina haren ondoren ere eros daiteke libururik ezta? Hemen duzue gomendio bikoitza beraz: Pruden Gartziaren 'Nafarroako Auziaz' saiakera, eta Aingeru Epaltzaren 'Gure Jerusalem Galdua'ren gaztelaniazko bertsioa, 'Nuestra Jerusalén Perdida', Angel Errok itzulia.

Bi liburu horien egileek hartu zuten parte solasaldi batean, Iruñeko Elkar dendan, Xabier Mendiguren Elizegi editoreak lagunduta, abenduaren 1ean, eta hantxe izan ginen (irudian ezkerretik, Mendiguren, Gartzia eta Epaltza). Jarraian duzue kronika.

"Gutaz ari da Epaltza" Joanes Mailu "militantearekin"

Epaltzaren eleberri trilogiaren ('Errresuma eta Fedea') eta Gartziaren saiakera berriaren gaia da Nafarroako Erresumaren galera, Gaztelak konkistatu zuenean. Gartziaren arabera, Gure Jerusalem Galdua da trilogiako lanik onena, eta gaztelaniazko edizioa gomendatzekoa da, baita aurrekoak irakurri ez dituenarentzat ere. Bere aburuz, "liburu hau ez da pasatuko, 10, 20 edo 40 urtera ere irakurriko da. Badu sakoneko karga bat, barrena eragiten duena". Neurri batean, Epaltzaren trilogiako protagonista, Joanes Mailu "militante abertzalea edo militante euskalduna da". Harekin, "gutaz ari da Epaltza, baina distantzia beharrezko eta lagungarri bat jarrita tartean.".

Pruden Gartziaren aburuz, "hari gorri batek" lotzen ditu Epaltzaren lana eta ospea izan zuen beste lan "historiko" nafar bat, Francisco Navarro Villosladaren 'Amaya o los vascos en el siglo VIII'. Navarro Villoslada ez zen aritu 8. mendeko euskal jendeez, egiazki, baizik eta karlistaden ondorengo egoeraz, eta gaur ere, antzera uler daiteke Epaltzaren lana.



Gartziak Epaltzari egindako gorazarreen ondoren, kontrako txanda iritsi zen, eta saiakera berria gomendatu zuen eleberrigileak. Historia liburua baino gehiago, saiakera literarioa da Pruden Gartziarena, eta gainera, bere lan batzuetan egin duen bezala, hipotesi ausart samarrak egitera ausartzen dena.

Martin Azpilikuetaren berri

16. mendeko Europako intelektualtasunaren kontestuan, zenbait egile aztertzen ditu Gartziak, eta horien artean, bat nafarra, Martin Azpilikueta. Kontestu horrek erakusten du Nafarroako konkista ez zela izan liskar isolatu bat Gaztela eta Nafarroaren artekoa, gerra amaitzean itxi zena, baizik eta garaiko testuinguruan ulertu behar den egoera bat.

Eta kontestu horretan, analisia zentratzen da Azpilikueta elizgizonean: izatez, Agramont-arren aldeko gizon bat (Gaztelaren kontrako bandokoa, alegia), zeinak, bere memoria apologetikoetan dioenez, funtsezko rola izan zuen gerra ondorengo bakea egiten: komentzitzen Agramontarrak armak uzteko, Espainia/Gaztelarekin bakea egiteko, amnistia onartuz eta, are gehiago, hainbat kasutan Inperioan karrera bikainak eginez ere. Puntu honetan, elkarrizketa interesgarria izan zen, ze entzuleen artean Patxi Zabaleta euskaltzain, idazle eta politikaria ere bazegoen, eta haren lanetako bat da antzezlan bat, Nafarroako Azken Mariskala. Mariskal hori izan zen etsi ez zuen Petri II.a, Agramontarren burua. Baina Mariskal aita Simancasko espetxe gaztelarrean hilik agertu zen aldi berean, Petri semeak egin zuen bakea Gaztelarekin, Azpilikuetak nolabait aholkatuta.

Aingeru Epaltzaren trilogiaren ondotik erabaki zuen Gartziak saiakera hau idaztea. Eta orain, berriz, Epaltzak aitortu zuen Azpilikuetari paper handiagoa emango ziola bere lanean, Gartziarena eskura izan balu.

Bien arteko lotura horretan, badago, baita ere, halako tentsio bat, adeitasun handiz adierazia, hori bai: Epaltzaren heroia erresistente bat da, eta aldiz, Gartziak, gerra ondorengo konponketa, oro har, ontzat emango balu bezala da.

Nafarroa Beherean jarraitu zuen Erresumak

Gerra ondorengoaz ere jardun zuten. Nola Erresumak, izatez, jarraitu zuen Nafarroa Beherean... Aro horretan, erlijio gerren kontestuak ez zion batere lagundu "nafartasunari". Joana Albret erregina bihurtuko zen protestantismora, baina nafarrek, oro har, katoliko jarraitu zuten. Joanaren semea, Enrike IIIa, Frantziako koroa lortzeko maniobrengatik ezagutzen dugu ('Paris vaut bien una messe' esan eta Frantziako Enrike IV-a bihurtu zen), baina izatez Nafarroako erresuma berrezartzeko ahaleginak ere egin zituen, eta bidali bereziak eduki zituen Nafarora Garaian ea matxinada antolatzerik ba ote zegoen: "Komandoa bidali zuen, eta aurkitu zuten Gaztelaren kontrako gogo bat, baina "Gora Euskadi Askatuta" batzuk oihukatzetik harantzago joan nahi zuenik ez zuten aurkitu", esan zuen Pruden Gartziak umore anakroniko erabiliz.

Enrikeren seme Luis XIII-ak ediktoa agindu zuen 1620an Nafarroako eta Frantziako bi koroak batzeko, eta hori izan zen independentziaren amaiera "formala". Bai orduan eta bai Iraultza Frantsesaren garaian egon ziren baxenarbartarren aldetik subirautza eskaera batzuk, baina ez zitzaien kasurik egin, eta horixe izan zen dena.

Gorteak eta "euskaltasun komunari" kasu gutxi

Era berean, kontatu ziguten idazleek, Nafarroa Garaiak Gaztelaren barruan Gorteak mantendu zituenez, honek "konformismoa" indartu zuen nolabait, bertako eliteen kontrol eta boterea ziurtatua geratu zelako. Eta aldi berean, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako egoera politikoarekin desberdintasun nabarmen bat ere ezarri zen: gaur EAE diren probintzietan Batzar Nagusiak ziren ordezkaritza-egitura foralak, eta nolabait herritarrak ziren izatez; non eta Nafarroan, 3 besoko Gorteetan, Eliza eta Nobleak ziren aginte benetakoaren ordezkariak. Gauzak horrela, Nafarroan bilakaera "atzerakoiago" bat izan zuen ibili historikoak.

Baina horrez gain, foruen deuseztatzera arte, ez zen egon ez Nafarroan ezta beste probintzietan ere, elkarrengana "euskaltasunean" hurbiltzeko gogorik. Eta horrela dira gauzak, gaur egunera etorri direnak...

Xabier Mendiguren editoreak esan zuen sarrerak gaurko egoera dihardutela bi liburuek eta bi autoreek. Baina gaurkoaz, oso zehazki, ez zuten asko hitz egin Gartziak eta Epaltzak, hori da egia. 1512-2013 bosgarren mendeurrenaren harira argitaratutako liburu andanaz komentario batzuk egin zituzten, eta oro har, bat etorri ziren esanez historiografiak eta gehien zabaldun den errelatoak, bederen, mendeurrenaren inguruan lortu duela ikusaraztea 1512koa konkista izan zela eta ez "batasun borondatekoa". Diskurtso honek, beste faktore askorekin batera jakina, 2015eko hauteskunde foraletako aldaketan lagundu ote duen ere iradoki zuten.

Erantzun

Sartu