Teknologia albisteak

Euskarazko hainbat hedabide, gaur erdaraz

Erabiltzailearen aurpegia
Tokikom, cc-by-sa
2015-12-03 : 11:37

Edizio berezi-berezia kaleratu dugu gaur TOKIKOMeko hedabideetako batzuetan. Euskararen Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta, gure egunerokotasunean salbuespen txiki bat egin eta erdaraz, erdaretan, argitaratu ditugu aste honetako aldizkariak, normalean ulertzen ez diguten horiei nortzuk garen eta, batez ere, zer, nola, zertarako eta zergatik egiten dugun azaltzeko. (ohar hau Tokikom-eko webgunetik ekarri dugu, berako cc-by-sa lizentziari esker).

Honako hau da ekimenarekin bat egin duten medioen zerrenda:

Ez, ez dugu uste inori azalpenik zor diogunik, baina bagenuen gogoa euskaraz ez dakiten horiei gure jardunaren berri emateko. Toki komunikabideak garen neurrian, gure herri eta eskualdeetako bizilagunak ditugu mintzagai nagusi, euskaraz jakin ala ez. Eta hori azaldu nahi izan dugu gaurko edizio bereziarekin: gure zentrua tokiko komunitatea dela, eta horrexegatik dihardugula euskaraz. Euskara ere gure komunitatearen parte delako. Badakigula beste hizkuntz komunitate asko ditugula inguruan, eta horiek ere ateak zabalik dituztela gure medioetan. Gure inguruan gertatzen dena axola zaigula, edozein hizkuntzatan gertatuta ere.

Gainera, euskal komunitatearen berri eman nahi izan diegu auzokide ditugun beste komunitate horiei. Horregatik, Euskaltzaleen Topagunea eta TOKIKOMen arteko lankidetzari esker, gehigarri komun bat ere argitaratu dugu, gure mundutxo honen berri emanez. Abbadia saria jaso berri duen Kike Amonarrizek eman ditu azalpenak, elkarrizketa luze eta sakonean, eta TOKIKOMeko Urko Aristik eta Alaitz Artolazabalek, eta -pentsa!- Iñigo Urkullu Lehendakaria bera ere elkarrizketatu dugu. Euskararen inguruan inoiz eman duen elkarrizketarik luzeena argitaratu dugu gaur gehigarri horretan. Baina hor daude ere Denis Itxaso, eta Maribi Ugarteburu, eta Elena Laka... uste dugu azalpen konpleto samarra geratu zaigula, nahiz eta ezinezkoa izan den orriotara ekarri nahi genuen jende guztia ekartzea.

Ahalegin handia izan da gaurko hau: apustu arriskatua izateaz gain, ez da lan makala euskaraz informatzera ohituta dagoena erdaraz, erdaretan, informatzera jartzea. Izerdi patsetan daude oraindik erredaktoreak, zuzentzaileak, maketatzaileak... baina guztiz sinistuta gaude emaitzak merezi izan duela. Aurrerantzean, lagun erdaldunek galdetzen dizuetenean euskal prentsa zergatik egiten dugun euskaraz... hementxe duzue erantzuteko  baliabide sorta baliagarria!

Hona zenbait adibide, erdarazko argitalpen hauenak. Gorago, Hiruka, eta hemen behean, Alea:

Kike Amonarriz, Abbadia sariaren ohoretu berria, gaztelaniaz elkarrizketatua Aiurri aldizkarian:

Goienkaria:

Urumeako Kronikan, euskarazko edukiak ere badira, baina horrez gain, 11 hizkuntza erabili dituzte:

Txintxarri aldizkaria:

Erantzun

Sartu