Harrituta jakin dut, Telefonica-ren prentsa ohar baten bidez [1], Ludei start-up erdi-euskalduna nolabait filial bat bihurtu dela Telefonicaren azpian.
Eneko Knorr-ek sortu zuen enpresan, 300.000 dolar inbertituko dituztela dio Telefonicaren albisteak. Txinako unibertsitate batekin lotutako Tsinghua Holdings izeneko funtsaren bidez izango da.
Ludei Estatu Batuetan sortutako start-up bat da, baina bere oinarria euskal enpresa bat da: Ideateca, zeinak oraindik bulegoak dituen Bilbon. Orain arte ez genekien Telefonicak erlaziorik zuenik enpresa hauekin, baina telekominikazioen erraldoiak dioenez, Ludei parte hartzen ari da Open Future izeneko bere ekimenean. Wayra enpresa azeleragailuaren bidez sortutako proiektuetan diru publikoa kudeatzeko tresna bat da Open Future delakoa.
Iragarritako inbertsioaren motiboa zera da teorian: Ludeik Asian dituen operazioak indartzea. Iragarpen bat ere egiten du, "2 milioi dolarrekon finantziazio txanda berri bat" gertatuko dela. Itxura batean, inbertsio zabalago hori negoziatzen ari dira oraindik, "eta aste batzuk barru" itxiko da. Egia esateko, susmagarri samarra da garaiz aurretik halako zerbait iragartzea. Telefonicak aditzera eman du bera izan dela diru hau bildu duena Ludeirentzat, "China Unicom eta Tsinghua Holdings-ekin ezarrita duen aliantzaren barruan".
Oharrak gehitzen du inbertsioaren motiboetako bat teknologia dela, Ludei ondo kokatua dagoela HTML5 bidezko joko garapenean, bere kontrolpeko CocoonJS plataformaren bidez. "Gartner aholkularitzak dioenez, negozio hazkorra da hau, 2016. urtea amaitzen denerako aplikazioen %70 HTML5en garatuak egongo baitira", dio Telefonicaren oharrak.
Erantzun
Sartu