Teknologia albisteak

Heberest

Erabiltzailearen aurpegia
Iñaki Bastarrika-Izagirre
2015-11-21 : 10:21

Mendi horren izena jarri diote filmari eta oraindik karteldegian dago, ikusi nahi duenarentzat. Benetan gertatu omen zen hor kontatzen dena. Hainbat heriotza eragindako ahalegina izan zen. Espedizioko kide bat, hiltzat emandakoa, mendian akiturik geratua zelako, kanpamenduan agertzen da. Eta denak harriturik uzten ditu. Bizirik dago!

Une hori! Itxura negargarriarekin dator, baina oinez, inoren laguntzarik gabe. Ezusteko galanta ematen die denei. Bizirik! Eskuak izoztuta eduki arren. Une hori!

Eman dezagun idatziz eman behar duela han dagoenak albistea, eta hau idazten duela: “Heberest menditic biçiric jechy da galdutçat emandaco giçona”. Eta lerro hori iristen dela euskal erredakzioetara. “Bacarric eta iñoren launtzea bage açaldu da campamentura”. Nork gaitzetsiko luke idatzi labur hori, hizkuntza batuaren arauak betetzen ez dituelako? Ez al luke hartzaileak edukia formaren gainetik edo gañetic hobetsiko eta lehenetsiko? Baiezkoan nago. Inork idatziko al luke, esaterako, hau? “Everest menditik jaitsi den gizonak aurpegia zikina du” edo “Everest igo ondoren mendizaleak txamarrako kremailera hautsita ekarri du". Edo areago: “Everest menditik igorritako oharrak ortografia akatsak ditu”. Ez, ezta?



Ba hori euskal testuekin egunero egiten dugu, edo egunero ez bada, bi egunez behin.

Testua hartzen dugu eta araudiaren orrazia pasatzen diogu, beste ezer baino lehen. Mendizale oinaçetuari ur pixka bat, berotasuna, eta jarlekua eman aurretik, epai zorrotza egiten diogu: “Txamarra zikinduta duzu eta erabat zimurtuta. Zulo batzuk ere badauzka”.

Bai, horrelakoak gara. Bostehun orriko lan mamitsu bat gustura baztertu eta gaitzetsiko genuke h (hatxe) bat falta zaiolako edo "guzti hori" jarri duelako "hori guztia" jarri beharrean. Zer nolako poza sentitzen dugun besteen testuetan horrelakoren bat aurkitzen dugunean! Sariaren bila lehiatzeko bat gutxiago! Zer axola hamar urte eman baditu bere idazlan hori ontzen, inoren laguntzarik gabe. Horrelakoak gara. Edo horrela jokatzen dugu, behinik behin.

Araua betetzetik libratu nahi ote dut? Ez, horixe. Gogo onez betetzen dut. Baina iruditzen zait mendizaletasuna bultzatzeko onena ez dela txamarrak zimurtuta dauden ala ez epaitzea. Eta zimurra debekatzen bada, jar ditzagun lisaburdinak (plantxak) eskura eta plantxatzen edo lisatzen laguntzeko gogoa. Hau da, jar ditzagun bideak, testuak txukuntzen laguntzeko, epaitu gabe. Epaileak bihur ditzagun laguntzaile.

Badirudi hau dela Everest mendiko kanpamendutik jaso nahi genukeen mezua:

“Oso ongi egon gara hemen, kanpalekuan. Arau guzti-guztiak bete ditugu. Etxera goaz.”

Nahiago dugu mendira ez abiatu, txamarra zikinduta eta urratuta menditik jaitsi baino.

Heberest menditik jaisten dira hizkuntza ikasten dabiltzanak, ikasia dutelarik azterketa pasatu behar dutenak, idazten trebatzen ari direnak, euskaraz idazlan batean moldatu behar izaten dutenak, erdaraz ikasketak eginik euskaraz lan egin behar dutenak,...

Hizkuntza-laguntzailea har dezagun ondoan informatikaria  edo iturgina hartzen dugun bezala.

Inor ez da lotsatzen bere etxeko argindar-kableak jartzeko elektrikari edo elektrizista edo elektrika ingeniari bati deitu diolako. Uste dut entenditu nahi duenak entendituko duela, entelegatu nahi duenak entelegatuko, eta ulertu nahi duenak ulertuko, konprenitu nahi duenak konprenituko, eta aditu gura duenak adituko, esan edo erran nahi dudana. Esker mila.

Nire alkandorak botoi batzuk falta ditu. Oinaçeac oinaze, poçac poç, Heberest, Eberest, Evverestttttt !!!! !

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago