Teknologia albisteak

Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko interoperabilitate-hitzarmena sinatu da

Erabiltzailearen aurpegia
Iñaki Ortiz / Berrikuntza Publikoaren Plana, EJ
2015-11-09 : 15:11

Ziurtagiri bat eskatzea” da herritarrek gehien egiten duten izapidea Administrazioaren bulego batera joaten direnean, bisiten % 30etik gorako maiztasunaz, “Administrazio publikoa herritarren iritziz: zerbitzuekiko gogobetetzea, gastuaren balorazioa, langile publikoenganako konfiantza eta e-Administrazioarekiko jarrerak” (AEVAL, 2011, PDF) azterketaren arabera.

Paradoxikoki, herritarrek “ez dute Herri-Administrazioek dauzkaten datuak eta dokumentuak berriz ere ekartzen ibili behar, eta bitarteko elektronikoak erabili ahal izango dituzte informazio hori eskuratu ahal izateko” (Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legearen 6. artikulua).

Herritarren eskubide hau bete ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak interoperabilitate-hitzarmenak sinatu ditu azken urteotan Estatuko Administrazio Orokorrarekin, Foru Aldundiekin eta euskal Udalekin.

Hitzarmen hauei jarraiki, beste administrazio batzuetako datuak zuzen-zuzenean eskuratzea ahalbidetzen duten hainbat interoperabilitate-zerbitzu abiarazi dira, interesatutakoei datu horiei dagozkien ziurtagiria ekartzeko eskatu beharrik gabe.

Jakina, datuen transmisio elektroniko guztiak, trukatutako informazioaren egiazkotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioari dagozkion baldintza guztiak bermatuz egiten dira.

Honela, lehenengo interoperabilitate-zerbitzuak abian jarri zirenez geroztik, 4 milioi sarbide inguru gauzatu dira Eusko Jaurlaritzako tramitazio-unitateen bitartez, eta horri esker, beste horrenbeste datu-ziurtagiriren jaulkipena saihestu da, interesatutakoei denbora eta dirua aurreztuz.

Eskari handiena duten interoperabilitate-zerbitzuen artean, nortasunarena nabarmendu da (Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak emandakoa), bi milioi sarbide baino gehiago izan baititu, beste horrenbeste NAN fotokopia egiteko premia saihestuz.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako 200 laguntza-prozeduretan baino gehiagotan, zerga-obligazioetan (Foru Aldundiak eta AEAT) nahiz Gizarte Segurantzako (GSDO) kotizazioetan egunean egotea frogatzeko zerbitzuak erabiltzen dira dagoeneko, laguntzak eskatzen dituztenei dagozkien ziurtagiriak ekarri beharra saihestuz.

Zerbitzu hauen kontsumitzaile nagusien artean, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (Lanbide), Etxebizitza Sozialen Eskatzaileen Erregistroa (Etxebide) eta seme-alabengatiko familia-laguntzak nahiz lan eta familia bizitza uztartzeko laguntzak kudeatzen dituen Zuzedaritza nabarmen daitezke.

Hona hemen, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek gaur bitarteko elektronikoen laguntzaz informazioa trukatzeko sinatu duten bigarren lankidetza-hitzarmenaren berritasun nagusiak:

  • Foru Aldundien arteko datu-trukeak ere barne hartu dira.
  • Irekita utzi ditu administrazio sinatzaileen artean egin beharreko datu-trukeak, eta ondorioz, ez da hitzarmen berririk sinatu beharrik izango datu-truke berriak gaineratu ahal izateko.
  • Aintzakotzat hartu du, Foru Aldundiak Estatuko Administrazio Orokorrak eskaintzen dituen interoperabilitate-zerbitzuez baliatzeko aukera, Estatuko Administrazioak eta EAEko Administrazioak sinatutako hitzarmenaren arabera.

Hitzarmen honen sinaketaren ondoren abiaraziko den interoperabilitate-zerbitzu nagusia, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta, Hezkuntzako bekak, Etxebizitzako laguntzak eta beste hainbat kudeatzeko eskatu ohi den errenta-ziurtagiria izango da.

Beraz, interoperabilitate-hitzarmen berri hau garrantzi handiko aurrerapausoa da herritarren zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoaren aldeko eskubidea bete ahal izateko, eta herritarrek, enpresek eta Herri-Administrazioarekin hartu-emanetan diharduten gainerako eragileek jasan beharreko egungo karga administratiboak arintzen lagunduko du.

Horren haritik, Herri-Administrazioaren esku dauden datuen paperezko ziurtagiriak kentzea ahalbidetuko duten interoperabilitate-zerbitzuen erabateko garapena dugu karga administratiboak murrizteko faktore nagusia.

Hitzarmen honen sinaketaz, beste urrats bat egin dugu, administrazio lagatzaile guztiei datuak erakustea eta jardunerako behar dituzten administrazioei datu horiek kontsumitzea ahalbidetuko dien interoperabilitate-sistema orokor bat osatzeko bidean.

Administrazioen arteko lankidetza dugu aurrerantzean jarraitu beharreko bidea, zerbitzu publikoen kalitatea eta horien kudeaketaren eraginkortasuna hobetzen jarraitu ahal izateko.

Jatorrizko artikulua, hemen.

Erantzun

Sartu