Teknologia albisteak

ZurruMurru: karta fisikoak eta app bat konbinatzen dituen euskarazko jokoa

Erabiltzailearen aurpegia
Flying Dodos
2015-09-30 : 14:08

Flying Dodos enpresak euskal elezaharrak osatzeko joko hezigarri bat aurkeztu du: ZurruMurru. Karta-pakete bat eta aplikazio mugikor bat dira jokoaren osagarriak. Aplikazioa iOS eta Android bertsioetan dago.

Hizkuntza eta hizkuntza hori osatu duen kultura ezin dira banandu. Irizpide hori gero eta finkatuago dago hizkuntzen irakaskuntzan; eta horixe izan da, hain zuzen, ZurruMurru joko hezigarriari buruzko Flying Dodosen plataforma berria sortzeko hazia. Joko-sistemaren oinarria osatzen dute 54 karta fisikok eta aplikazio mugikor batek. Helburua narrazioak sortzeko gaitasuna piztea da, bai eta J. M. Barandiaranek aztertu zituen euskal elezahar tradizionalen mundu aberatsa ezagutaraztea ere.

Jokoaren mekanika oso erraza da. Jokalariek pilotik hartu behar dituzte karta batzuk. Kartetan irudikatuta daude euskal elezaharren pertsonaia, ekintza eta objektu bereizgarrienak. Gero, proposatzen diren zenbait joko-sistemaren bidez, jokalariek istorioak osatuko dituzte. Eta, istorioak sortzeko, karta bakoitzean dauden kontzeptuak funtsezko elementu gisa erabiliko dituzte. Osagai digitala aplikazio mugikorra da. Estatuan aitzindaria den irudiak ezagutzeko teknologia erabili dugu; multimedia-edukiak erreproduzitzen ditu, eta pertsonaiei, objektuei eta ekintzei buruzko informazioa gehitzen du.

Euskal literatura-tradizioa oso lotuta dago ahozko tradizioarekin eta inprobisatzeko gaitasunarekin. Hainbat milurtekoz, herriaren jakinduria gordetzen zuten istorioak gurasoek kontatzen zizkieten seme-alabei, sutondoan eserita. Horrela, herriaren mitologia aberats eta askotarikoaren oinarriak ere finkatu zituzten. Bestalde, bertsolaritza da euskal kulturaren literatura-fenomeno adierazgarrienetako bat; eta sustraietan bertsoak inprobisatzeko gaitasuna dugu. ZurruMurruk tradizio biak hartu, eta XXI. mendera ekarri ditu, narrazioak sortzeko pentsamendua piztu nahian, mekanika modernoenak eta azken belaunaldiko smartphoneen teknologia erabili ditugulako.

ZurruMurruk mahai-joko familiarraren itxura dauka, baina, horrez gain, euskara eta euskal kultura irakasteko tresna indartsua ere bada. Azken finean, jolastea da trebetasun berriak eskuratzeko modurik dinamikoena eta motibatzaileena. Beraz, ez da harritzekoa izango, hemendik hilabete batzuetara, Euskal Herriko ikasgela askotan ikasleak kartak banatzen eta mugikorrak kontsultatzen ikustea: euskal tradizioa hobeto ezagutzen egongo dira ZurruMurruren eskutik.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago