Teknologia albisteak

Hautagaitza bateratuak osatzeko deia

Erabiltzailearen aurpegia
candidaturaunitaria.eus
2015-07-22 : 15:01

Unibertsitateko eta beste zenbait alorretako pertsona batzuek publiko egin dute manifestu hau, eta atxikimenduak eskatzen dituzte. Sinatzaileen zerrendan, lehen tokietan, EHUko hiru katedradun: Ramon Zallo, Pedro Ibarra, Mari Luz Esteban. Aurkezpena asteazken eguerdian egin dute sinatzaileek, eta prentsaurreko horretan egon dira mahaian Irantzu Varela, Begoña Zabala eta Ramon Zallo (argazkian).

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ETA NAFARROAKO FORU ERKIDEGOAN ARO POLITIKO BERRI BATEN ALDEKO HAUTAGAITZA BATERATUAK OSATZEKO DEIA

Aldaketa garaia bizi dugu, aldaketarako garaia, eta Euskal Herriko jendartearen kezka nagusienetakoak diren hiru gairi aurre egitea eskatzen du horrek.

- Aldaketa sozialaren beharra dago. Horretarako, errotik eta sakonki irauli behar dira politika publikoak nahiz jarrera sozialak. Bukatutzat eman behar dira austeritate politikak eta krisia ezin da gehiago erabili errenta mailaren, enpleguaren, zerbitzu publikoen eta babes sistemen arloko inboluzio sozialerako. Pairatzen ari garen krisiak izaera bikoitza du: batetik, egiturazko krisia da, planetaren mugak gainditzen ari direlako; bestetik, zaintzen krisia da, gero eta zailagoa baita erreprodukzio sozialaren eta eguneroko ongizatearen arloko beharrei erantzutea. Doitze eta murrizketa politikek lana sexuaren arabera banatzeko logika patriarkala indartzen dute.

- Espainiako estatuan prozesu demokratiko bat abiarazi eta eraiki beharra dago, hala nahi duten komunitate nazionalen eraikuntza politikoa barne hartuz. Konstituzioaren edo autonomia estatutuen erreformatik harago joango diren prozesu eratzaileen bidez egin behar da hori, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa erabakitze subjektutzat onartuz eta prozesu horretan alternatiba desberdinak aurkezteko aukera emanez (independentzia, federazioa edo autonomia).

- Pluraltasunetik eta indarkeria guztiei uko eginez, beharrezkoa da bake prozesua eta normalizazio politikoa sendotzea, askatasunak zabaltzea eta segurtasunaren aitzakiarekin oinarrizko askatasunak are gehiago sakrifikatu dituzten azken lege aldaketak bertan behera uztea. Trantsiziotik gaur egunera arte izandako esperientziari esker konturatu gara hemen ez dagoela benetako demokraziarik, eta jendarte benetan demokratiko bati eta herritarrek parte hartzeko moduei buruzko begirada berri eta partekatu bat osatu ahal izan dugu.

Hiru gai horiek elkarren osagarriak dira eta, aldi berean, kezka desberdinei erantzuten diete. Proiektu sozial espliziturik gabe ezin da proiektu nazionalik egon. Era berean, proiektu sozialek gai demokratikoei heldu behar diete; bestela ez dute balio. Askatasunak jendarte politiko osasuntsu eta demokratiko baterako ingurumen naturala dira. Erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubidea da; haren jatorria behin eta berriro eta gehiengo handien bidez eskubide horren onarpena eta erabilera demokratikoa eskatzen duten komunitateen erabakitze ahalmena aitortzen duen askatasun printzipioa da. Aldaketa sozialak azken urteotan areagotu diren eta gehiengo sozialak kolpatzen dituzten desberdintasun prozesuei buelta ematea bilatzen du. Bizitzaren sostengarritasuna prozesu sozial, politiko edo ekonomiko ororen erdigunean egon behar da, merkatuak alboratuz.

Nazioartean kontsakratutako hainbat printzipio aterki bakar baten azpian bildu behar dira, eta printzipio horiek hau guztia jaso behar dute: eskubide zibilak, politikoak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak, gizon eta emakumeen arteko berdintasun eskubideak, bakea, ekosistema iraunkorra eta bizitza duina, identitateen eta kulturartekotasunaren onarpena, autogestioaren bidezko demokrazia parte-hartzailea, gardentasuna, kontuak ematea, nazioarteko elkartasuna eta lankidetza, elikadura burujabetza, ekonomia solidarioa eta, jendarte digitalari dagokionez, pribatutasuna, sartzeko eskubidea, prokomuna, software eta kultura libreak eta sareen neutraltasuna.

Gizarte zibileko kideak gara, sentsibilitate ezberdinetakoak, Euskal Autonomia Erkidegokoak eta Nafarroako Foru Erkidegokoak, eta ziur gaude posiblea dela programa eta hautagaitza bateratuak osatzea lurralde guztietan aro politiko berri bat bultzatzeko, hurrengo hauteskunde orokorretan Euskal Herriko jendartearen gehiengoaren apustua izan daitezen eta PPk herritarren kontra aktibatu dituen politikei aurre egiteko jarrera proaktibo batekin eta pertsona guztientzat eskubide guztiak defendatuz.

Dokumentu hau sinatzen dugunok proposamen hau elkarrekin aztertzeko ahalegina egitera animatzen ditugu indar horiek. Gure babes osoa izango dute horretarako.

Erantzun

Sartu