Teknologia albisteak

HPSk Berriara bidalitako agiria Hekimen elkarteari buruz

Erabiltzailearen aurpegia
HPS
2015-08-15 : 08:04

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza agiria bidali du Berria egunkarira, erreferentzia eginez bi testuri: bata Hekimen euskarazko hedabideen elkarteak ateratako ohar bat, eta bestea Berriak argitaratutako albistea. Jarraian, gutun/albiste horren testua.

JOKIN AZKUE: “GURE USTEZ, KONTRASTEAK ETA GOGOETA PARTEKATUAK BESTE GIRO ETA JARRERA BAT ESKATZEN DU”

Euskara Sustatzeko zuzendariak, Berriak aste honetan kaleratu duen informazio bati erantzuna ematen dio

Aste honetan, Berria egunkariak euskarazko hedabideek Eusko Jaurlaritzaren eskutik 2015ean jasoko dituzten ia bost milioiko diru-laguntzen berri eman du. Alde bakarreko informazioa eskaini du Berriak, Hekimenen ohar bat eta egunkariko informazio egilearen interpretazioak nahasten dituen informazioa, Eusko Jaurlaritzaren ikuspuntua ez eskatu ez jaso egiten duena. Egoera honen aurrean, eta gaia bera argitzeko asmoz, Euskara Sustatzeko zuzendari Jokin Azkuek hainbat gauza adierazi nahi ditu.

"Hekimenek eta Hizkuntza Politikarako Sailburordetzak uztailaren 9an izan genuen bilera. Duela aste bete, hain zuzen ere. Bilera hartan, Hekimeneko ordezkariei aurtengo diru-laguntzen ebazpenari buruz iritzia galdetu genien. Ondorengo egunetan ohar bat kaleratuko zutela esan ziguten, baina ez zizkiguten oharrean datozen arrazoiak azaldu, ezta hari buruzko argibide txikienik eman”, dio Euskara Sustatzeko zuzendariak.

Hekimenek bidalitako oharrean, “Sektorearekin kontrastatzea” eskatzen da. Jokin Azkueren iritziz, “uste dugu hori kontrasterako eta elkarlanerako jardunbide arraroa dela. Bistan denez, ez gara gu izan debate honetarako elkarren arteko mahaiaren ordez plaza publikoa aukeratu dugunak. Eta, gure ustez, kontrasteak, gogoeta partekatuak, beste giro bat eta beste jarrera bat, oso ere bestelakoak, eskatzen ditu. Kontrastea eta adostasun ahaleginak predikatu eta eskatzea ondo dago, baina praktikatu behar dira”.

Aurtengo diru-laguntza deialdiaren nondik norakoetan sartu aurretik, Euskara Sustatzeko zuzendariak harrigarria iruditu zaion gai bati heldu dio nahi lioke: “lehenbizi, aipatuko nahi nuke mesedegarri dela arlo jakin batean jarduten duten elkargo eta enpresak elkarlanean aritzea, helburu partekatuak finkatzea eta bata bestearen ondoan denak indartzea. Hau argituta, deigarria egiten zait oharrean behin eta berriz euskal hedabideen “sektorearen” izenean hitz egiten dela ikustea. Garbi utzi nahi nuke diru-laguntzen jasotzailea ez dela “sektorea”: diru-laguntzen hartzaileak hedabideak dira, hedabide zehatzak, izen-abizen eta ezaugarri eta nortasun propioak dituztenak”.

Eta gehitu du: “zorionez, euskarazko hedabideen “sektorea” askotarikoa da, ez da ahots bakarrekoa eta, gainera, hedabide ezberdinek beren solaskidetza propioari eusten diote, ez dute “sektorean” urtu nahi. Adibide batekin garbi geratzen da hau: irismenaren irizpideari dagokionez, euskarazko hedabide guztiak ez dira iritzi bakarrekoak. Ezta gutxiago ere. Honek erakusten, du euskal hedabidetan, gertaera beraren aurrean, badirela ikuspuntu ezberdinak. Gaiari begiratzeko modu diferenteak”.

Hasieran adierazi den bezala, Berria egunkariak aste honetan kaleratu duena alde bakarretik emandako informazioa da. Hekimenen eta informazioa sinatzen duen kazetariaren interpretazioak bakarrik jasotzen dituena. “Modu interesatu eta partzialean edozer esan liteke, “paperak edozer jasaten du”, dio esaerak. “Berriari diru gutxiago, inoizko eskasena, diru-laguntzak urtetan izoztuta, pisua galdu...”, bezalakoak irakurri ditugu. Honelako baieztapenen aurrean, inork gutxik pentsatuko luke honelako zentzugabekeriak egiten dituenak ia bost milioi euroko diru-laguntzak ematen dituela urtez urte, bere erabaki eta hautu politiko baten ondorioz”, adierazi du zuzendariak.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren konpromisoa euskarazko hedabideekin norainokoa izan den eta den jakiteko laguntza moduan, “eman ditzagun Berria egunkariak ezkutatzen dituen funtsezko datu bat edo beste: 2013an, gaurko HPSko lantaldeak egin eta kudeatu duen lehenbiziko urtean, % 10,8 doitu zen, oro har, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua, krisiak eragindako diru-sarreren urritzearen eraginez. Gobernuaren sail guztiok, noski, egokitu egin behar izan genituen aurrekontuak baldintza orokor berrietara, eta halaxe egin zuten, ezinbestez, kolore, lurralde eta mota guztietako herri erakunde guzti-guztiek ere”.

Egoera ekonomiko zail horretan, “Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskarazko hedabideentzako diru-laguntzen kopurua aurreko urtearen maila berean mantendu zuen, xentimorik jaitsi gabe. Hau honela izanda, galdera bat datorkit burura: nola esaten zaio jaitsierako testuinguru orokor batean diru kopuru bati bere horretan eustea? Ezer izatekotan, igoera erlatiboa da, ez inola ere jaitsiera. Gainera, 94.000 euroko gehikuntzari “igoeratxo” deitzea askorentzat mingarria ere badela esan nahi nuke, bizi garen garaian ezagutzea tokatu zaizkigun errealitate latzak ezagututa”, adierazi du Jokin Azkuek.

Berriak argitaratutako artikuluan irizpideen aldagaiak aurreko urtean bezala aplikatu direla esaten da: “Bada, hau ez da egia. Irizpideen aplikazioan zenbait aldaketa egin dira. Adibidez, hedadura handia dutenen eta mugatuagoa dutenen artean puntuazioaren aldea handitu egin da, hedadura handikoen mesedetan, Berriaren mesedetan, besteak beste. Harpidetza ordainduta edo kioskoan erosi beharrekoak diren hedabideek iaz baino puntuazio altuagoa eskuratu dute. Hau ere, besteak beste, Berria egunkariaren mesedetan suertatu da”.

Gainera, “esan nahi nuke Berria egunkariak hainbat funtsezko kontu “ahazten” dituela. Hedabide batzuek irizpide aldaketarekin kalte handia jasan dutela dio, baina “ahaztu” egiten zaio esatea irizpide aldaketa horiekin hedabide gehiago direla hobekuntza jasotzen dutenak hobekuntzarik jasotzen ez dutenak baino. Baita ere dio Bilboko Hamaika telebistak % 31ko jaitsiera izan duela, baina “ahaztu” egiten zaio Donostiako Hamaika telebistak igoera izan duela, adibidez. Eta zer esan Elhuyar aldizkariaren diru laguntzaren jaitsieraz Berria egunkariak egiten duen interpretazioari buruz?: hilabetekaria zen aldizkari bat hiru hilabetekari bihurtzen da (urtean 12 ale argitaratzetik 4 ale argitaratzera pasatu da), ondorioz, bere aurrekontua nabarmen jaisten da, eta noski, baita ere diru-laguntza, ezin da bestela izan. Ez dago misteriorik”, adierazi du Azkuek. Eta gaineratu du: “Aldiz, hainbat hedabideren diru-laguntzen igoerak ez du inolako komentariorik merezi, ohartzeke pasa zaizkio Berriari, baina hor ditugu Argia, Aizu, Alea, Hiruka. Horien kasuan igoera nabarmena baita”.

Diru-laguntzetan oso kontuan hartzen dira hedabide bakoitzaren izaera eta hedadura. “Ez dira akaso kontuan hartzen hedabide batzuek nahiago luketen bezala, baina bai deialdiaren (eta, nire ustez, guztiona beharko lukeen) azken helburuaren mesedean: euskarazko hedabideen kontsumoa areagotzea euskara gero eta gehiago erabilia izan dadin. Diru-laguntzen erdigunean irakurlea eta ikus-entzulea jartzen ditugu produktuaren aurretik, ez besterik”, argitu nahi izan du Euskara Sustatzeko zuzendariak. Eta gehitu du: “Hizkuntza politikaren ikuspegitik, onura publikoa eta euskarazko hedabideen alde soziala gauza bera dira: hedabidearen kontsumoa indartzea euskararen erabilera indartzeko. Horrexegatik, ez beste ezergatik, hartzen dugu kontuan hedabide bakoitzaren irismena”.

Bukatzeko, Hekimenek aldarrikatzen duen adostasunaz hitz egin du Jokin Azkuek: “Hekimenek dio adostasunerako eskaintza egiten diola Eusko Jaurlaritzari. Lekuz kanpokoa iruditzen zaigu era honetako “eskaintza” gaur Hekimenek egitea. Izan ere, urtebete baitaramagu bitariko bilerak egiten Hekimen eta Eusko Jaurlaritzaren artean. Zertan gabiltza, orduan, azken hilabeteotan Hekimenekin adostutako diagnostikorako gidoiaren arabera kontsumoen azterketak egiten?, kostuen azterketak egiten?, asebetetze azterketak egiten? Gure asmoa da Hekimenekin adostutako ildoak lantzen jarraitzea, guk ez dugu bide hori utziko. Bide hori eraginkorra izateko komeni da denok zintzotasunez jokatzea”.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago