Teknologia albisteak

Katalunia ikasgai #CATikasgai

Erabiltzailearen aurpegia
Norabidea / CC-by
2015-09-10 : 16:16

Katalunia ezbairik gabe independentzia prozesu batean murgildu da, gero eta biziago, gero eta sakonago. Prozesu konplexua da, Eskoziaren kasuko erreferendum adostuaren aukera ukatu zaiolako, eta, ondorioz, bidea marraztu gabe eta oztopoz beteta dagoelako. (Norabidea blogean agertutako hausnarketa-proposamena, hango cc-by lizentziari esker hona ekarria)

 

Bere horretan Kataluniako kasuak interes berezia du jakintzaren ikuspuntutik parekorik ez duelako. Euskal Herritik begiratuta, Kataluniako independentzia prozesuko urratsak, erabakiak, mobilizazioak, eztabaidak, metodologia, edukiak, dinamikak, dialektikak… aztertzeak berebiziko balioa du.

Euskaldunontzat Katalunia maiz erreferentzia nagusia izan da, besteak beste, hizkuntza nazionalaren estandarizazioan, sozializazioan eta formalizazioan. Herri bakoitzak bere bidea egiten badu ere, argi dago bestearengandik ikastea (konponbideak bilatzeko zein akatsak saihesteko) funtsezkoa dela. Zer aztertu eta zer ikasi egon badago Kataluniako independentzia prozesuan.

Inoiz urratu gabeko bideetan dabiltza, erantzun eraginkorrak bilatzen ari dira eta ibilian, independentziaren aldeko eta kontrakoen arteko dialektika horretatik, etengabe galdera berriak, erantzun argiak eta zalantza eremu berriak topatzen ari dira. Prozesuaren dinamikotasuna bera euskal herritarroi ikasgaiak uzten ari zaizkigu bat bestearen atzetik, ohartzerako gertaera berriek estaltzen dituztenak.

Kataluniara begiratu eta arreta jartzeko beharra eta obligazioa dugula esan dezakegu.

Irailaren 27an, Katalunian, izaera plebiszitarioa duten hauteskundeak izango direla kontuan hartuta gogoeta eta eztabaida saiakera bat sustatu nahi du NORABIDEAk euskal herritarrontzat ikasgai interesgarrien bila. Bi fasetan: lehenik, hauteskundeak izan arte, eta, bigarrenik, hauteskundeen ondoren.

Ikuspegi orokorra alboratu eta gutxietsi gabe, gogoeta eta eztabaidarako ahalegin honek galdera, galdekizun eta kontu zehatzei helduko die bereziki. Osotasunari ez ezik zatiei ere begiratzeak ikasgaiak atzeman eta irakaspenak lortzen lagunduko duelakoan.

Gogoeta sustatzeko asmoz, NORABIDEAk lagungarri deritzo puntu eta galdera zehatzak mahai gainean jartzeari. Galderak erantzun dezaketen adituen bilatzeko ahalegina egingo du, baina eztabaida irekia da.

#CATikasgai


1. Egoera

Zertan oinarritzen da Kataluniak Espainiarekiko duen harremana gaur egun, bizi izandako eztabaidaren arabera?
Zergatik gorde behar da harreman hori? Eta zergatik/zertarako aldatu? Posizio nagusien argudioak indartu edo berritu al dira?
 

2. Erabakiak eta erabakiguneak

Independentziara eramateko balio behar duten hauteskunde plebiszitarioak deitzeko erabakia nola eta nolako erabakigunetan hartu da Katalunian? Euskal Herrian zertan dago erabakiguneen afera?

3. Arrazoiak, eztabaida

Zein dira argudio nagusiak independentziaren alde? Zeintzuk dira errotuenak eta indartsuenak? Euskal Herrian zertan daude argudio horiek?

Ze nolako lanak (txostenak, liburuak, argitalpenak,…) daude Katalunian independentziaren aldeko argudioei sostengua eta sakontasuna emateko? Nola dago Euskal Herrian independentziaren aldeko argudioei buruzko ekoizpena?

Zertan dago Aldebakarreko Independentzia Adierazpen (DIU) baten ondorio ekonomikoei buruzko eztabaida? Ze garrantzi du eztabaida horren zorraren aferak? Zertan daude gai horiek Euskal Herrian?

 
4. Antolakuntza

Ze garrantzia du Katalunian antolakuntzarako gaitasunak? Adibidez, ze garrantzia du Diada-ViaCatalana-ViaLliure-ren antolakuntzak? Ekitaldi masiboez gain, ze nolako garrantzia du antolakuntzak? Osasuntsu al dago Euskal Herrian antolakuntzarako gaitasunak?
Zergatik eta nola sortu dira Katalunian Independentziaren aldeko Suhiltzaileak edo Independentziaren aldeko Ekonomistak bezalako elkarteak? Zein da haien eragina? Euskal Herrian horrelako antolaketa sektorialik al dago?

5. Gizarte zibilaren esku-hartzea

Zenbateraino dago engaiatua gizarte zibila independentzia prozesuan? Nola gauzatzen ari da parte hartze hori? Nolako dira gizarte zibilaren eta alderdi eta instituzioen arteko harremanak? Zertan dago gizarte zibila Euskal Herrian?

Nolako esku-hartzea izan du gizarte zibilak JuntsPelSi hautagaitza bateratuan? Zergatik bultzatu dute herritarrek izen ematea hautagai gisa? Esploratu al da Euskal Herrian gizarte zibilarekin batera hautagaitza bateratuen bidea?

Nola engaiatzen ari da Kataluniako independentzia prozesuan jakintza eta sorkuntzaren mundua (intelektualak)? Euskal Herrian zertan dago mundu hori?

 



6. Eragile sozialak, interes taldeak

Ze garrantzia du Katalunian eskubide sozialen aldeko borrokak estatu berri baten aldeko aldarrikapenean? Lotuta al dago independentziaren beharrarekin?

Eta Euskal Herrian? Interes talde nagusiak, lehen posizio bakarrean trinkotuak aldatu al dira? Eta aldatu baldin badira, zerk eragin du aldaketa hori (sindikatuak, enpresariak, akademikoak, hedabideak, oligarkia, jatorri espainiarreko herritarrak…)…


7. Hizkuntza eta kultura

Nolako eta zenbateko eragina eta garrantzia izaten ari dira Katalunian hizkuntza eta kultura, independentzia prozesua garatzeko orduan?

Eta Euskal Herrian?


8. Europako Batasuna, euroa, diplomazia

Zertan da Katalunian Europako Batasuneko eta euroguneko kidetzari buruzko eztabaida? Nola izan europazale Europako Batasuneko kide izaten utzi ez edo oztopatzen dutenean? Nolako lan diplomatikoa egiten ari dira Katalunian independentzia prozesuaren alde?

Zertan dago “euskal diplomazia”?

Gaiak eta galderak gehiago izan daitezke, noski, baina gogoeta-eztabaida hau abiatzeko nahiko. Blogean argitaratuko diren artikulu laburrez gain, Twitter bidez ere sustatuko du NORABIDEAk eztabaida, #CATikasgai traolarekin.

Parte hartu, egin zure ekarpena.

NORABIDEA


 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago