Teknologia albisteak

Emakumeen partaidetza festan eta tradizioan: 10 ideia nagusi

Erabiltzailearen aurpegia
Klitto! cc-by
2015-08-16 : 07:46

Bermatzen al da emakumeen partaidetza festan eta tradizioan? Galdera horren bueltan hausnartzen jardun zuten zenbait lagunek uztailaren 14eko Uhinetan irratsaioan, Donostia 2016ko egoitzan (hemen audioa). Klittok mahainguruaren kronika ere argitatatu zuen CC-by lizentziarekin, eta horri esker ekarri dugu hona.

Mahainguruan parte hartu zuten Maggie Bullenek (EHUko antropologia irakasleak), Oier Araolazak (kazetaria eta antropologoak), Lorena Redondok (Donostiako emakumeen etxeko kideak) eta  Ana Txurrukak (Donostiako udaleko berdintasun teknikariak) Uhinetan irratsaioan. Saioa zuzenean jarraitzeko aukera izan da Donostia 2016 gunean, herritarron ekarpen eta galderak denen artean konpartitzeko.

Saioa galderari erantzun irmoa emanez hasi zuten: Ez. Azken hogei urteotan gauzak dezente aldatu direla azaldu du Bullenek eta, pozgarria bada ere, errealitatea ezkorra da berdintasun ikuspegitik; bide luzea dago egiteko. Sistema patriarkalarean bizi garela bistan da eta, oraindik ere, ez da festan emakumeen partaidetza bermatzen; badago festa giroan emakumeen  partaidetzaren aurkako erresistentzia.

Askorako eman zuen saioak, eta adibide praktikoetatik harago, emakumeek festan eta tradizioan duten rolaren inguruan eztabaidatu zuten hizlari eta bertaratutakoek. Jarraian, saioan zehar hizlariek mahairatutako hamar ideia esanguratsuenak:

1. Jai parekideen kontzeptua sakona da; ez da auzi kuantitatiboa, kualitatiboa baizik. Emakumeoi esleitzen zaizkigun rolak hartu behar dira aintzat. (Ana Txurruka)

2. Genero sistema berdina da jaietan eta eguneroko bizitzan; jaietan gertatzen dena egunerokoan gertatzen dena da. (Maggie Bullen)

3. Bi gezur handi biltzen dira tradizioaren atzean. Bata definizioan dago, tradizioa euren ekintzen argudio gisa erabiltzen dutenek gaizki erabiltzen dute; tradizioa egokitzapena da. Ez dago eraldaketarik jasan ez duen tradiziorik. Bigarren gezurra tradizioaren indarrean dago, tradizioak indar handia duelako ustea gezurra da. Norberak ematen dio indarra tradizioari. (Oier Araolaza)

4. Tradizioa sortu eta birsortu egiten dugu. Guk erabakitzen dugu zer den tradizioa. (Maggie Bullen)

5. Tradizioa emakumeen eskubideen urraketarako erabili izan da. Tradizioari traizio egin nahi diogu; tradizio patriarkalak aldatu nahi ditugu. (Ana Txurruka)

6. Tradiziotzat hartzen diren hainbat ekintza datatu ditzakegu. (Oier Araolaza)

7. Erritoetatik at, parrandan emakumeek duten rola eta egoera ere aztertu beharra dago. (Maggie Bullen)

8. Tradizioetan genero aldaketa asko gertatu badira ere, gatazka sortu dutenak dira gehien ezagutu ditugunak, alardea, esaterako. (Oier Araolaza)

9. Beti dago gatazka aldaketa nahi duen mugimenduan; indar maila da kontua. Indar handiko gatazkak dira gehien ezagutzen direnak. (Ana Txurruka)

10. Instituzioen papera berebizikoa da aldaketa gerta dadin. (Maggie Bullen)

Emakume askoren borroka eta lanari esker ematen dira, egun, lehen pentsaezinak ziren eztabaidak. Emakume askoren borroka eta lanari esker hasi dira aldaketak. Baina ez gaitezen konforma, bidean urrats sendoa eman bazuten ere, hasiera besterik ez da haien jarduna. Jarrai dezagun urratsez urrats berdintasunerantz.

 

Erantzun

Sartu