Teknologia albisteak

Azkenean Konta: Ekaineko GED ekitaldiez balorazio bat

Erabiltzailearen aurpegia
Jon Maia / Info7 (baimenarekin)
2015-07-03 : 23:27

Gure Esku Dagoren (GED) ekitaldi erraldoien ostean balorazioen unea da. Baita desbalorazioena ere. Ebidenteenetik hasiko gara, estadioak ez ziren bete. Zergatik? Ez dagokit neri hori esatea.

Patxadaz ikusi beharko da, patxadaz eta autokonplazientziarik gabe. Baina autoflagelaziorik ere ez. Onartu, aztertu eta hobetu. Beste baliabide batzurekin eta beste baldintza batzuetan, lortu zitekeen beharbada. Estadioetan egin ziren ekitaldien programazioari buruz, beste hainbeste. Gure Esku Dago, ez da profesionalez edo elite batez osatutako egitura itxi bat. Gure Esku Dago, osatzen duten milaka pertsonak dira eta erabakiak kolektiboki hartzen ditu. Zorionez politika eta gizartegintza ulertzeko era berriarekin sintonian jaio zen. Daudenek eta, ez daudenek ere egiten dute Gure Esku Dago. Edonork egin ditzake ekarpenak.


Forma kontuetan eta ageriko gauzetan baino, nere balorazioan agerikoa ez den horretan jarri nahiko nuke arreta, eta ahal dela, txori begirada batez. Ez begibistakoa estaltzeko, izkutukoa azalarazteko baizik.

Nik Anoetan hartu nuen parte, boluntario gisa, bertsolari, hala eskatu zidatelako. Guztira, ia 6000 boluntario aritu ginen atzo, era batera edo bestera parte hartzen. Ekitaldiaren atzeko aldea da, argazkietan ikusten ez dena. Ze balorazio egin dezakegu horretaz, adibidez? Esan nahi dut, Euskal Herriko  bost lurraldetan 6000 pertsona duela 12 hilabete ezagutu zuten ekimen batekin konektatu eta tiket-ekin, txoznetan, dantzari gisa, garbiketan eta abar lan egiteko prest egoteaz goizaldeko ordu txikiak arte? Milaka pertsona horien borondatea, denbora, gaitasuna eta determinazioa kontuan hartzekoa da. Haiek bait dira gure esku dago eta Gure Esku Dago Euskal Herriko herri mugimendurik handiena, aktiboena eta transbertsalena izatea posible egiten dutenak. Blokeatuta zegoen egoera bat iraultzen ari direen giza palanka osatzen dute.


Nola baloratu daiteke antagonikoak diren proiekto politikoetako edo politikaz desenkantatutako 70.000 pertsona ekitaldi berean biltzea, eskubide baten aldarrikapenaren bueltan?

Duela lau egunerarte bloke monolitikoetan bereiztuta geundenak atzo bezela batzea nola baloratzen da? Azaleko “Buenismorik” gabe, elkar onartuz baina bakoitzak bereari muzin egin gabe interes komun baten bueltan. Orain normala dirudi, atzo goizean ezinezkoa.


Gure Esku Dagok gizartearen ibaiaren bidea geldiarazten zuten presa handietako hormigoizko hormetan pitzadurak eragin ditu igande honetan ere, eta han hemendik alde batera eta bestera urak filtratzen eta nahasten ari dira, korronte dinamiko eta zentral bat sortuz. Urak bere bidean jartzea hori da. Atzo mezu asko egon ziren, eta besarkada asko, bere posizioetatik mugitu eta bat egin zuen jendearen artean. Baloratu.


Ni ez naute neurriz kanpo kezkatzen bideko arrakastek edo gazi gozoek. Gure Esku Dagoren aurreko bide luzean euskal gizartean ezagutu dugunarekin alderatuz ez behintzat. Nahiko esanguratsua ba da hainbeste hamarkadetan eskubide hau inoiz ezagutu ez izana bera, bidearen zailtasunen jakitun izateko.

Orain arte min, zauri, heriotz eta sufrimendu asko sortu duen bidea dela badakigu. Igandean bakoitzak berea daramagun arren, bat egiteko gaitasuna izan genuen. Nola baloratzen da hori? Azaleko debateetan aritu gaitezke goiz pasa. Baina nola baloratzen da iaztik hona herri eta auzoetako elkarbizitzan Gure Esku Dagok egin duen urtetako odoltxarraren drenaje lana? Neurtezina da.

Gure Esku Dago gutxiren,  oso gutxiren apustua izan zen duela ez hainbeste hilabete. Bi, 3,4,6 pertsonetaz ari naiz. Igandean Euskal Herri osoan 70.000 baino gehiago izan ginen. Gure Esku Dago, herri mugimendu bat izatetik haratago, gehiengo baten jarrera aktiboa izateko bidean doa. Eta jakizue, sinisten dudala, historiak hala erakutsi digulako, batzutan nahikoa izan dela pertsona bakar baten determinazioa historiaren norabidea aldatzeko. Hemen milaka gara.

Gure Esku Dago gazte hiltzeko jaio da.  Gure Esku Dagoren lanaren arrakasta edo porrota juzkatzeko aukera etorriko da, ez oso berandu gainera. Eskubide hori aplikatzeko eguna ezagutzean ala galdutzat ematean izango da.

Bitartean, nik nahiago dut, zuzen ala oker, baina determinazioz mugitzea erabaki duten milaka boluntarioekin eta erabakitze eskubidea lortzeko gehiengo sozial desberdin bat osatzen ari den jendearekin bidean joan, arrakastaraino edo porroteraino. Eskubide hori lortzen dugun egunean denentzat izango da. Eta lortzen ez badugu, ez dadila izan saiatu ez ginelako. Asko gara, baina inor ez dago soberan.  Ateak zabalik daude denentzat. Igandean jendetza batek pauso bat aurrera eman du eta hautestontzietara begira jarri da.  Azken balorazioari, bozkatuko dugun egunari begira jarri gara jada. Azkenean konta, Zaraitzun esaten den bezala. Bitartean, lanera. Esku onetan gaude, geure eskuetan.

Jatorrizkoa: audioa, Info7 irratia.

Erantzun

Sartu