Ekainaren 25 eta 26an Jakin eta UEUk antolatutako "Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian" mintegian, Alaitz Aizpuru ikerlariak kontestu historikoaz hitz eginez hartu zuen parte. Ez da zehazki Jakin aldizkariaren azken alean argitaratu duen testu bera, eta horregatik eskatu genion mesedez Mugikaria aplikaziorako, eta gero hemen argitartatzeko. Hemen jarraian duzue.
Nondik gatoz
Egun on
Eskerrak hasi aurretik Jakin-i, UEU-ri eta Katakrak-i bere garaian gonbite interesgarri hura egin eta gaur hemen izateko aukera eman izanagatik.
Jardunaldiak hiru zati ditu, nondik gatoz, non gaude eta proposamen berriak, edo nora joan nahi genuke.
Niri nondik gatoz azaltzea dagokit. Nondik hori zehazki gerra osteko belaunaldia deitzen den horretara mugatuko dut, koka zaitezten, bereziki 60 hamarkadaren bueltara, urte batzuk behera urte batzuk gora.
30 minutu eta gauza asko kontatu nahi. Pentsatu dudana da, garai hartako hitz klabeen edo pentsamendu berri hartan bor-borrean zebiltzan zenbait ideia gakoren puzzle moduko bat ekartzea. Euskara, naziogintza eta estatugintzaren inguruan urte haietan ezinbesteko ideiak izan ziren batzuk, eta gaur ere beharbada, darabiltzagun eztabidetan ere interesgarri suerta dakizkigukeenak. Ideia bakoitza ez dut jorratuko gehiegi, era horretara sasoiaren ikuspegi zabalxeagoa emango dizuedalakoan. Argi utzi nahi dut, hau nire aukeraketa dela, gaurko juntadizorako egokia iruditu zaidana. Baina, dudarik gabe, beste bat izan zitekeen. Eta are gehiago, beste zenbait ideia garrantzitsu ere kanpoan geratu dira denbora faltagatik.
Beno, gerraosteko belaunaldia aipatu dut. Zer esan nahi dut baina, gerraoste diodanean?
Hegoaldean 36ko Gerrari eta iparraldean Bigarren Mundu Gerrari eta Aljeriako Independentzia Gerrari ari natzaio erreferitzen. Azken finean, gertaera gogor horiek, leku bakoitzean historia diferente eta propio batekin, eman zutelako bide, gerrek ekarri zuten arrakala hartan, gero etorriko zen mentalitate aldaketarako.
Belaunaldia aipatu dut baita ere. Baina hau sinplifikazio bat da. Hitzetik hortzera, hartu beharrekoa baino, azalpenetarako lagungarri gisa erabiliko dugun ideia. Nahiz eta belaunaldi berriaren bulkada, guztiz gezurra ez izan, adin desberdinetako jendea baitzen euskara eta euskalduntasun berri hari forma emateko eginahalean aritu zena.
Hala, aurretik zegoenarekiko erabateko eta bapateko hausketaz eta belaunaldien arteko talka garbiaz hitz egitea murriztaileegia bada ere (esan dugu kuadrila heterogeneo xamarra izan zirela euskalduntasun berri haren oinarriak jartzen ibili zirenak eta hasieran beren aurrekarien bideari eta lanei jarraituz gainera), eztabaidaezina dena, urteek aurrera egin ahala garai berrietara gehiago egokitzen zen euskal mundu berri bat eta berekin, euskalduntasun berri bat sortu zirela da.
Protagonista nagusietariko bi ETA eta Enbata izango zirelarik. Desberdintasunak desberdintasun, 60ko hamarkadaren hastapenetan, lehengo hegoaldeko iheslariek iparraldean bizitzen jartzearekin, eta bateren zein bestearen asmo eta helburuak antzekoak zirela ikusita, harreman estua eta beren hitzetan “naturala” izango zuten bi erakundeek.
Hastera noa orduan puzzlearekin.
1. Europako gerraostea.
Europan, hemeretzigarren mende bukaera eta hogeigarren mendeaz ari garelarik, krisi hitza da, etengabe errepikatzen dena. Modernitatearen krisia, metafisika tradizionalaren krisia.... erlijio krisia, balioen krisia, arrazoia eta historiaren krisia,... eta ideia unibertsal eta absolutuen krisia...etab.
Hemen kokatu behar dugu gure burua ere, nondik gatozen jakin nahi badugu. Testuinguru global horretan.
Beste ezeren aurretik, gerraosteko urte amiltsu haietan, gizakia eta bizitza ulertzeko modua bera aldatu zirela azpimarratuko nuke eta horren eskutik etorri zirela ondorengo beste ideia oro. Behinalako egia ziur eta sinesmen finkoen pitzaduretatik etorri zela beraz aldaketa. Krisi giro betean, gazte jendearen ezinbesteko beharra aurrera jarraitzeko era topatzea izango zela, norbera eta mundua ulertzeko modu berri bat doitzea, garai berrietarako.
Honekin hasieratik, esan nahi dudana da, euskal abertzaletasun modernoa deitu izan zaion horri forma ez ziotela absolutuek eman, hauen erortzeak baizik. Absolutuek ez zutela lekurik, eta urteak aurrera egin ahala are eta gutxiago. Absolutu eta egia esentzialistetatik kanpo zegoen diskurtso berritzaileei eman ziotela forma eta diskurtso berritzaile horietatik abiatuta, gizatasunaren, jainkoaren, egiaren, historiaren, arrazoiaren diskurtso kritiko haietatik tiratuz, saiatu zirela euskalduntasun berri bati forma ematen.
2. Berritzaile izateko beharra.
Garai hartako diskurtso berritzaileetan badago obsesio bat. Garaiko idatzietan han eta hemen irakurriko duguna. Obsesio hori, garaiako izatearen beharra da. Momentuko beharrei erantzun nahia. Abiadura handian aldatzen ari zen Euskal Herri berri hura ulertzeko, pentsatzeko eta erantzunak topatzeko garaia hartako Euskal Herritik, errealitatetik, abiatu beharraren azpimarraketa etengabea.
Mikel Aizpuruk aipatzen zuen Jakinek 50. hamarkadari buruz ateratako ale monografikoko bere 50.hamarkadako abertzaletasuna, jarraipena eta berrikuntza artikuluan, erbesteak haize berriak ekarri ordez, gotortasuna ekarri zuela: gerraurreko abertzale gehienek ordura arteko pentsamendua mantendu zuten, aldaketa oro jatorriarekiko traiziotzat hartuta. [...] Kritika eta proposamen berri ugari alboratu ziren gazte ezjakin eta lotsagabeen proposamenak zirelakoan.(2007, 159:14-15)
Belaunaldi berriko kideek askotan leporatuko zioten adinduagoei ameskerietan aritzea, mundutik at eta gainera idealizaturiko lehenaldi bati atxikirik, garaiak berekin zekartzan erronkei aurre egiteko inongo asmo eta estrategiarik gabe.
Hala, Rikardo Arregiren 1967ko Euskaltzaleen Jainkoa hil behar dugu idazlan ezagunak hori bera zekarren. Gerraurreko euskalduntasun hilotz bati kateatuta jarraitzen zuen euskal munduari, abertzaletasun eta kristautasun berri baten ezinbesteko beharraz ohartarazi nahi izan zion. Iragandako kultura eta Jainkoaren ideia dogmatiko bati hertsiki helduta bizitzen jarraitu anakronikoki edo garaiaren beharretara eguneratu, aldatuz eta berpentsatuz. Euskalduntasuna, abertzaletasuna, gizatasuna, kristautasuna...izateko modu esentzialista, itxi eta geldi izan beharrean eraikitzen, aldatzen, etengabe egiten ari ziren elementu eta egin behartzat ulertaraziz.
"[…] euskalduna izatea, zer da? Euskaldunak ez dira gizon itxiak, Euskal Herria ez da gizarte itxi bat. Euskalduna eta Euskal Herria egin behar bat da."
Identitate ireki bat ageri da hemen beraz, euskalduntasuna bukaerarik ez duen egin beharreko proiektutzat seinalatuz.
3. Egoera alienatu bat.
Alienatua, arroztua, besteratua bezalako hitzak izango dira beste garaiko protagonista nagusiak. Debekatutako identitate baten aurrez aurre kanpotik bortxaz ezarririko beste baten arabera bizi beharraren makurraren ondorio zuzen.
Eta egoera besteratu, alienatu horretan, gaur, ahalduntzea deitzen diogun horri, orduan bogan zen autentikotasuna dei geniezaioke. Autentikotasuna kontzeptu zentrala bihurtuko baita orduko pentsamendu kritikoan, politikan, literaturan, artean...
Autentikotasuna, ez da inongo identitate esentzialik. Askatze eta berrekuratze praktika bat. Kanpotik ezarririko mugak hautsi eta aske izatera ausartzea.
Euskaldun autentiko gisa bizitzea beraz, hasteko, gure buruak bilatzea izango litzateke neurri batean, berreskurapen lan bat. Debekatutako gizatasun konkretu horretaz jabetzea. Kendutako hizkuntzarena, ukatutako historiarena, zapaldutako kultura eta herritarren berreskurapena.
Eta askatze praktika edo prozesuari dagokionez zer?
Euskaldun gisa bizitzea, garenaren errelato propio bat eraikitzea izango da lehenik eta behin. Geure burua berpentsatu eta geure erreprensentazioa egin ahal izateko aukera. Gure buruaren jabetasun osoa nahi dugu zioten garaiko aldarrikapenek.
Gure historia eta istoriaren (egun errelatoa deitzen duguna)subjektu izatea eta ez beti besteek kontatuko historia baten menpeko eta meneko objetu. Subalternoei ahotsa ematea esango genuke gaur.
Orduan, zeregin hartan, Euskal Herrian gerraosteko ideia abertzaleen berrindartzeak mundu mailako deskolonizazio prozesu handien garaiarekin kointziditu zuen. Eta deskolonizazio prozesuetan 60ko hamarkadan korronte postkolonialen aurrekari ofizialetako bat izango den Frantz Fanon-en izena erreferente bat zen, eta bere Los condenados de la tierra (Les damnés de la terre, 1961)garai hartako euskal gazte jendean eragin zuzena izango zuen liburu franko aipatua.
Kolonizatzaileak egiten du kolonizatua. Hala espainiarrak eta frantsesak euskalduna. Gutxiespeneko kalifikatiboak jarriz gaur ( itsusia, ezjakina, basatia,biolentoa,...) nahiz, azaleko laudorio merkeekin engainaturik bihar ( euskaldun zintzoa, langilea, hitzekoa, fidela, etab). Baina beti identitate itxi eta folkloriko batean kateatuz.
1959ko ETA-ren Moral de Resistencia Nacional honetan ongi azalduta dago arriskua.
“Una de las formas que utilizan nuestros opresores, es el de elogiarnos en lo accidental para atacarnos en lo fundamental. Se elogia el fútbol vasco, las danzas [...], y se intenta ganar la simpatía de los estúpidos que creen que en “Madrid se nos quiere, se nos respeta y aun se nos admira”. Se emplean slogans de toda índole: “las virtudes norteñas y su amor al trabajo…”, “los vascos genuinos representantes del norte de España”. Contra todo esto hay que reaccionar. Nosotros no somos España: ni lo mejor ni lo peor."
"Atención a esta táctica que está haciendo tanto daño. Reaccionaremos contra los ataques encubiertos bajo el canto de la sirena. Tengamos moral de resistencia para enfrentarnos al halago hipócrita y mistificador."
“Ni lo peor no lo mejor”, Fanon Peau noire, masques blancs, 195 (Azal beltza, maskara zuriak) liburuan ezin argiago esaten du, beltzak adoratzen dituen hori, beltzak gorrotatzen dituena bezain “gaixo” dela iruditzen zaiola. Zuria izan nahi duen beltza baino ez dela, egunero, kosta ahala kosta zuriei beltzen gaitasun eta dohaiak erakutsi nahi dituen hori. Zuria bere zuritasunean itxita, beltza bere belztasunean. Nola irten hemendik? (Comment s´en sortir?) galdetzen du Fanon-ek.
Nola lortu zutaz egin duten horretaz des-alienatzea, askatzea?
Zapaltzaileak benetako identitate ireki, aske eta propio bat edukitzea galarazten dio zapalduari. Deshumanizazio prozesu horretan ez dago tarterik gizagintza eta herrigintza propiorako. Metropoliak nazio zapaldua folklorekeriaren gatibu bihurtzen du. Benetako kulturaren hutsunea turistentzako folklorekeriaz betez. Gai honetaz diharduten idatzi ugari dira garai hartan. Bai hegoaldean eta baina bereziki eta sutsuki iparraldean.
Fanonek bere aipatu liburuan argi zion; askatasunak desalienazio esfortzu bat eskatzen du.
Les damnés de la terre liburuko hitzaurre ezagunean ezin argiago, ezin latzago dio Sartrek:
“Ez gara garen hori bihurtuko, gutaz egin duten horren, ezezko erradikal eta intimo batez baino.”
4. Euskararen auzia politikoa da.
Euskara eta euskaldunen arazoari zegokionez bi belaunaldien arteko etenean politikak bazuen zerikusirik. Orduko gazte abertzaleek, oso garbi ikusten zuten euskaldunon auzia bezalaxe, euskararen arazoa politikoa zela erabat. Hizkuntza baten auzia ez zela hiztunen borondate kontua soilik. Herri mugimendua ezinbestekoa zela, baina erakunde batzuen sostengua behar beharrezkoa hizkuntza batek iraungo balu.
Oso zabaldua zengoen ideia baten kontrara, kultur menpekotasuna, menpekotasun politikoaren ondoren zetorrela azaldu nahi zuten, horren ondorioa zela eta ez alderantziz. Kolonizatzaileek kultura gorenagoa zutenaren sasi-arrazoiketan justifikatzen baitzuten zapalkuntza politikoa. Hura, hau baino lehenagokoa bailitzan aurketuz.
Eta sustraitik egoera politikoa aldatu gabe, euskarak jai zuela ikusirik borroka politikoari heldu zioten. Kulturalismo apolitikoaren aurka posizionatuz eta kulturalista politikotzak izendatuz heuren burua iparraldean zein hegoaldean. Esaterako, Embata eta Enbatakoen arteko haustura eta desadostasunek adierazten duten moduan.
Sasoian baina, eta geroago ere, politikarekiko mespretxua giroan zegoen, politikak kalteak besterik ekarri ez zituenaren ustea, politikak bazterrak nahastu omen zituenaren iritzia, politikak euskarari eta Euskal Herriari ezer onik behin ere ekarri ez zienaren bolo-boloa.
Egoera honetan, eta munduko beste herrialde ugaritan gertatzen ari zenari begira jarriz eta Europa beraren historiari so eginez, konklusioa garbia zen; Askatasuna izan ala ez izan. Horra kakoa. Gaurko munduan estatuek erabakitzen dute hizkuntzen etorkizuna eta estaturik gabeko nazio eta hizkuntzek etorkizuna labur dute. Beren buruaren jabe diren herriek akaso salbatuko dute beren hizkuntza, ez direnek argi dago ezetz.
Euskal Estatua, ezinbestekoa da euskara gordeko badugu.
5. Ekintzailetasuna.
Gerraosteko belaunaldiaren idatzi eta adierazpenetan sentipen eta konstatazio bat da beti ageri dena. Errepresio frankista gogorraren eta politika frantsez zentralista zapaltzailearen atzaparretan, hiltzen ari zen herri baten aurrean zeudela, egunetik egunera galtzen ari zen kultura bat zela euskaldunena eta beren izaera, historia, kultura eta hizkuntza debekaturik zuen Euskal Herri hari, ezer egin ezean etorkizun laburra eta iluna baino ez zitzaiola geratzen. Eta hauen harridura eta asaldurarako, egoera haren aurrean gelditasuna eta itxarotea zirela helduetarik gehienek praktikatu eta predikatzen zutena. Egoera berriaren aurrean ez zutela jakin erreakzionatzen.
Horren aurrean kezkati eta begirada etorkizunean (eta ez lehenaldian) jarrita, garaiek eskatzen zuten moduan, ekintzailetasuna, akzioa, eraginkortasuna edo efikazia....kontzeptu ezinbesteko bihurtuko dira. Eta lortu nahi ziren helburu berriekiko estrategia desberdinak eguneroko ogi.
Baina eraginkortasun eta estrategien zurrunbiloan, eztabaidak ere sortuko ziren. Eraginkortasuna bere ehuneko ehunean inoiz aldez aurretik ziurtatu ez daitekeelarik (bizitzaren kontingentzia oso presente dagoen zerbait da orduko giroan), eraginkortasunaren izenean noraino jo dezakegu. Non dauka muga?Bidean, zenbat utzi daiteke eraginkortasunaren izenean? Alegia, zein da efikaziaren efikazia?
6. Partikulartasunaren aldeko lerrokatzea.
Esan dugu identitate partikularraren aldarrikapen garbia dagoela. Diskurtso unibertsalista homogeneizatzaile harroen festan, partikulartasunaren aldeko lerrokatzea.
Azken urteotan, Harawayren eskutik ezaguna egin den ezagutza kokatuak, situatuak garai hartan jada bazuen bere hastapen formulazioa. Eta hala, esaterako, urte haietan argitaraturiko liburu eta artikuluetan nonahi ageri dira, situazio hitza, kondizionamentu, testuinguru, kontextu eta nik irakurketa horiei esker ikasi nuen eta sasoian maiz erabiltzen zuten beste sinonimo bat; ingurumari.
Bai eta, gorputza, gorpuztasun, haragizko existentzia eta hezur-haragizko gizakienganako begirada.
7. Hizkuntzaren zentralitatea.
Zergatik horrenbesteko seta eta tema hizkuntza dela eta ez dela. Zer dela eta eman holako garrantzia euskarari, euskararik gabe euskaldunarenak eta Euskal Herriarenak egin duela esateraino, abertzaletasuna eta euskaltzaletasuna bat direla aspertu arte aldarrikatzeraino. Zenbaterainoko pisua du ba, euskarak hezur-haragizko partikularismo horretan?
Kultura europarrean tradizio luze batek uste izan du giza ezagutza, berdin zuen zein kulturatakoa izan, komuna zela. Gizaki orok logika berdin batekin funtzionatzen zuela. Alegia, hizkuntza guztiak errealitate berdin batez ari zirela eta aldatzen zen bakarra hitzak, soinuak zirela, ez mundua ikusteko era. Beraz, hizkuntzak ez zuen beste munduko garrantzirik, hitz lerrokada bat baino ez zen. Hizkuntza baten galerak, edo denboraldi baterako bazter uzteak, ez zuen berebiziko garrantzirik.
"Beren ustez, beraz, hiztegi on bat gertatu, eta kitto: problemarik ez. Gure hizkuntza salbatua dagoke...Horren bidez zabaldu zan gure artean ideia zentzugabe hura: abertzaleak agintea lortu, hiztegia eskuan gauzei izena aldatu[...] eta kitto: euzkotarrak euskaldun, herri osoa euskeraz jator hasiko omen da, eta hizkuntzaren hauzia betirako konpondurik. Erraza, alajaiñetan!" (Txillardegi, Euskararen aldeko borrokan, 2004: 69)
Orduko linguistika berriak baina beste zerbait esaten zuen. Herder eta Humboldt-ek irekitako bideari jarraituz “hitz-zerrenden” ideia hori ezeztatu egingo zuen, mintzaira bakoitzaren originaltasuna azpimarratuz.
Hizkuntza bakoitzari izaera jakin bat dagokio orduan, eta hala, giza talde bakoitzari ere.
Hizkuntza batek, munduaren eta bizitzaren ikuspegi partikular eta konkretu bat ematen digu. Eta hori da, gizatasunaren ezinbesteko abiapuntua. Mundura sortzen garenean, hizkuntza bat/batzuetara sortzen baikara (horietara, ez beste batzuetara). Eta hizkuntza horrek/horiek ematen digu(te) forma guri, geroago guk hizkuntza horri emango diogun moduan.
Ondorioz, gizaki batek zilbor heste hau ekidin dezakeenaren eta konkretutasun oro gaindituz munduko herritar neutro izan dezakeenaren ideia faltsua da. Hezur haragizko gizaki batek ezin du unibertsala izan praktikan. Nongotasunik eta sustrairik gabeko gizatasun abstrakturik ez dagoelako. Guztiok gara hizkuntza, kultura eta testuinguru jakin baten ume. Hots, gizatasuna, hizkuntzak eta partikulartasuna/konkretutasuna batera doaz.
Aitzitik, horrek ez du esan nahi, bere kultura eta hizkuntza zehatz horiek, munduko beste edozein bezain baliozkoak ez direnik mundu mailako zabalkundea izateko. Unibertsal deitzen dugun hori,alegia. Momentuko, botere harremanek, interesek etabar, lagunduko balute.
Esandakotik tiraka, gizabanako bati bere hizkuntzan bizitzea debekatzea, bere gizatasuna bera debekatzea da. Bere oinarrizko izatea zapuztea. Norbanako hori existitzea posible egiten duen inguru partikular eta konkretua ezeztatzea, norbanakoa bera ezeztazea, logika unibertsal eta aurrerazale zapaltzailearen izenean boteretsuaren identitatea neutrotzat saldu nahi izatea.
Hizkuntza propio hori izango da kultur batasuna emango diona giza talde bati eta identitate marka banakoari. Alegia, gure kasura etorriz, euskarak. Nola egin uko forma eman digun horri, aldi berean geure buruari uko egin gabe? Nola utzi bide bazterrean garena izateko aukera, bide eta modua eman diguna, geu garena ere hantxe utzi gabe?
Urte haietan partikular/ unibertsal nozioen inguruan asko idatzi eta hitz egin zen. Garaian deskolonizazio prozesu betean, ordura arte ukaturiko zenbait herrik, beraiek ere bazirela nor ikusi baitzuten. Beren kolonizatzaileak bezain subjektu zirela, beren zapaltzaileak bezain partikular zein unibertsal. Ez zegoela herrien, kulturen, eta hizkuntzen historia mailakatu eta linealik. Ez zeudela aurreratuago eta atzeratuago ziren herrialderik. Historia, besteena bezain beste izan zitekeela beraiena. Ez zegoela gizatasun mota bakar bat. Funtsean, beraiek ere bazirela nor.
Euskaldun gazteriak hor kokatuko du bere burua. Eta hizkuntza berreskuratzea, kendutako identitatearen iturria bera berreskuratzea izango da.
8. Zergatik eta zertarako euskaldun?
Euskalduntasun hura zapaltzaileen itzaletik askatu, zein garai berrietara egokitu nahirik, 60 hamarkadan euskal identitateari buruzko gogoetak hamaika orri bete zituen. Zer da euskaldun izatea? Zerk ematen du euskalduntasuna baldin eta zerbaitek ematen badu? Euskalduntasuna izaera finkoa al da ala aldaketetara irekia? Zergatik euskaldun iraun? Tankerako galderek bati baino gehiagori buruhauste batzuk suposatu zizkion. Zergatik eta zertarako euskaldun? Urte haietan, edozein iraultzaile, ezkertiar edo euskaltzalek, garaikidea eta aintzat hartua izan nahiez gero bi galdera hauek erantzun behar zituen nahitanahiez.
Hala, gainera zer etorriko zitzaion batere espero gabe, Joxe Azurmendik Alemaniatik Jakinera izenburu hori bera zuen artikulu bat bidali zuen (Azurmendi, Zergatik eta zertarako euskaldun?, Jakin,27/28 zenb., 1967). Eta ene! Ez ziren batere goxoak izan jaso zituen zenbait erantzun.
Beren euskalduntasunaren inguruan inongo zalantza eta kezka handirik ez zutenek galdera haiek asalduraz eta haserre biziz jaso baitzituzten. Euskalduna euskaldun jaio izanak ematen zuen ziurtasunetik ez baitzuten ulertzen galderaren zergatia eta Azurmendiren basterrak nahasteko grina. Esan bezala, eztabaida handia piztu zen. Garaian, euskalduntasunaren bueltan eztabaida hauetan zebiltzan askok hartu zutelarik parte.
Konklusioa Joxek eman zuen, Euskaldun izatea hautu bat da.Txillardegik ere hala zioen, nik euskaldun izatea hautatu nuen. Hautatzearen kontzientzia oso presente dago urte haietan. Hautatu beharra, bizitzaren parte ezinbesteko da, euskaldunaren jardunean ekidiezina.
Euskaldun izatea praktika bat da beraz, gure ekintzetan datza. Egunero egin eta desegiten dugun proiektu bat. Borondateak moldatutako proiektu bat.
Gehiegitan aurkezten da, Txillardegi eta bere garaikideen euskararekiko tema esentzialismo bat bailitzan. Nazionalismo Aleman erromantiko (nazionalismo kultural deitutako horren) eta Renan-en nazionalismo frantziar zibikoaren (nazionalismo politikoa deitutakoaren) arteko dikotomia, topiko faltsuan (Joxe Azurmendiren azken liburuan Historia, arraza, nazioa. Renanen eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk,Elkar,2014, majo azalduta eta dokumentatutako dagoen moduan), ETAko lehen belaunaldi hauek nazionalismo kulturalarekin lotzen ditugu beti, horrekin naziotasunaren elementu objetiboei bakarrik erreparatzen zietela adierazi nahian edo. Eta ondorioz, herritarren borondatea aintzat hartzen ez zutela ulertaraziz bezala. Ezta urrik eman ere!
Egia da ETAko formakuntza kuadernoetan ere dikotomia hau esplikatzen zela, naziotasunaren baldintza objetibo eta subjektikoak desberdinduz, eta lehenengo baldintza objetibo horiei pisu handia ematen zietela. Baina ez borondatea baztertzeraino.
Eta testuren batean borondate honekiko errezeloren bat agertzen bada, garaian, borondatearen eta zibikotasunaren estandartetzat estatu inperialistek beren burua jartzen zutelako da. Berenmanupean askatu nahian zebiltzan herriek baldintza objetiboak betetzen zituztela ikusita, baldintza zibikoen alde lerrokatu zutelako beren diskurtso oportunista.
Esaterako, hor dugu, 1963ko Itxasuko Aberri Eguneko agirian, elementu objektiboak aipatzeaz gain, “Nahia” (letra larriz idatzita, Volonté frantsez bertsioan) hor ageri dela. Iragan denborako eta egungo Nahiaz nazione bat gira.
Zergatik eta Zertarakorekin jarraituz baina, zertarako hauta euskaldun izatea? Erantzuna zuzena da, euskararen alde lanean zebiltzanengan nonahi identifikatuko duguna. Zertarako? Euskaldunen zerbitzurako.
Hizkuntzari emandako lehentasunean, garai hartan eta geroago ere zenbaitek Txillardegiri hizkuntzaren metafisikan eta dogmakerian jardutea leporatu zioten. Txillardegik eta ondoren Branka-ren bueltan bilduko ziren taldekideek, beti, hizkuntza, gizakien zerbitzurako tresnatzat ulertu zutela ahaztuz. Hizkuntza ez zen berebaitan helburu oso bat, eta ez zen behin ere izan Txillardegiren diskurtsoan ez jardunean. Hizkuntza, herriaren zerbitzaria da. Hizkuntza gizakiengan bizi eta bilakatzen da eta hori gogoan ongi hartzea azpimarratzen du han eta hemen.
Txillardegiren lanean, herriaren zerbitzura, euskaldunen zerbitzurako egin behar dela lan, euskara batua eta euskal kultura euskaldunen zerbitzutan egin behar dela eta tankerako esanak usu irakur daitezke. Horra, euskara batuaren presa eta garrantzia ere. Euskara doitu behar da euskaldunek beren behar berri guztiak ere ase ditzaten. Hizkuntza bat pertsonen zerbitzuko ez izatekotan bere betekizuna bukatua du eta hobe beraz geuk hiltzea. Euskalgintza, naziogintza eta gizagintzarekin bat ulertu behar da. Txillardegiren hitzak ekarriz; “Euskara ez da absolutu bat, baina erdera ere ez”.
Hizkuntzari ematen zioten garrantzia, zientifizismoari lotua aurkezten da zenbaitetan. Arrazaren ondoren, berriz ere garaiko zientziari itsu itsuan jarraitzen ari balira moduan. Testuetara jotzen badugu ordea, argi ikusten da, hizkuntzarekiko ardura eta militantzia, linguistika berriak edo estrukturalismoak Euskal Herrian oihartzuna izan aurretik presente dagoela. Denbora ordena ez dela lehenengo zientzia eta gero horri jarraituz hizkuntza hautatzea aberriaren muintzat. Baizik eta, Krutwig-ek bere garaian marxismoaz esango duen bezala, zientziaren ekarpenak ere, lehenagotik zuten jarrera bat indartzeko erabiliak izango direla, aurretik duten intuizioa eta konbikzioa sendotzeko.
9. Inguruarekiko konpromezua
Konpromezua. Zertarako? Euskaldunen zerbitzurako esan dugu. Kontzientzia sozial sendoz datorren ni-tasun guztiz gu-tar bat izango da urte haietakoa. Herri batera jaio naiz eta hari zor natzaio.
Inguruarekiko konpromezuaren afera hau, urte haietan autore desberdin ugarik babesten zuten. Baina badago autore bat, aipatu nahi dudana, Euskal Herrian presentzia esanguratsua izango zuen beste izen bat, Simone Weil. Eta bere Errotzea edo Sustraitzea lana (L'Enracinement, prélude à une déclaration des devoirs envers l'être humain, 1943 (1949)).
Bere idatzietan badago ideia bat, eskubide eta betebeharren inguruan. Zeinetan argi uzten duen biak txanpon beraren aurpegiak direla. Bana ezin diren, aurkia eta infrentzua.
Eskubideen aurretik betebeharrak jartzen ditu Weil-ek. Baten eskubideak beteak izan daitezen hasteko, besteak bere betebeharrak bete behar baititu. Baten eskubideak, bestearen betebeharrek egikaritzen baitituzte. Eta alderantziz. Gizarte batean jaio garelarik gure gizartekideekiko betebehar bazter ezinak ditugu. Eta Weil bezala, gizatasun sufrituarekiko sentsibilitate berezi bat garatzen bada, Txillardegi eta garaikideek egin zuten moduan, betebeharrak bereziki, baztertu eta zapalduekiko zuzendu beharko dira.
10. Feminismoaz hitz batzuk
Beno, eta andrazkoei ze leku opa zitzaien abertzaletasun berri hartan?
Identitatearen eraikuntza modernoan hiru kategoria aipatu ohi izaten dira normalean, nahiz eta beste batzuk ere egon badauden; klasea, arraza eta generoa.
Feminismoak eta korronte postkolonialek genero identitateren eraikuntzan fokoa jarri zuten arte ohikoena hirugarren hau aipatu ere ez egitea zen. Eta hau izango da gure kasua ere, honetan ere garaikoak izanik. Explizituki Euskal Herrian identitate nazional eta klase identitateari buruz orriak eta orriak idazten ziren bitartean, nik dakidala ez da inondik ageri genero identitateari buruzko hausnarketa expliziturik.
Adibide gisa, ETAren 1964ko Mainfestua Euskal Herriari idatzian dator. ETAren historian eta pentsamenduan 1964 urtea urte mugarria izan zen eta urte honen urteberri egunean (urte berria hasiera hasieratik asmo berrituekin hasteko) ETA-k bere lehenengo Manifestua Euskal Herriari zabaldu zuen, bertan honakoa adieraziz; Al comenzar 1964 nos vemos esperanzados por el rumbo que hemos marcado a la Resistencia y con ella a Euzkadi entera. Por eso llamamos al año que ha empezado, año primero de la lucha por la liberación total de Euzkadi.
Total hitzaz, nazio askapenari eta askapen sozialari erreferentzia eginez.
Halatan, nazionalismo berriak, gizakiaren beraren diskurtso berritzailea zekarren eta gehiago ala gutxiago horrek emakumeen egoeran ere izango zuen eraginik. Bai ETA-n, zein Enbatan erakundeetako kide ziren, nahiz eta gutxiengoa izan eta normalean erabaki guneetan ez egon. Abertzaletasun berriarekin genero diskurtso berriak abiatuko direlarik, erreprodukzio biologikoaren lekuan (Aranismoa), erreprodukzio sinbolikoak hartzen du garrantzia eta honekin etorriko da aldaketa esanguratsu bat. Parte hartze sozial politikoari loturik gehien bat ikastoletako irakasle gisa ibiliko direlarik andrazkoak.
Zenbaitek, irakaslearen rolean, amaren rolaren jarraipen hutsa ikusten duten arren, eta hemen ez dugularik horretan sakontzeko tarterik, interesgarria da esaterako Mila Amurriok, bere Genero, nazio eta nazio hezkuntza: ikastoletako irakasleria tesian ondorioztatzen duena.
Emakumeen jarduna kultur eremuan kokatzeak abertzaletasun tradizionalarekiko eta ordura arteko genero diskurtso tradizionalekin aldaketa handirik ez bazekarren ere. Nazionalismo berrian, hizkuntza naziokidetasunaren osagai nagusi bihurtzeak, emakumezkoek kultur igortzaile gisa betetzen zuten rola funtsezkotzat hartua izatea ekarriko zuela. Hauek, subjektu abertzale gisa hartuz. Bai besteek, bai eta heurek beren burua ere.
Gure genealogia feministak. E.H-ko mugimendu feministaren kronika bat,2015 liburu atera berrian ere, beren egile, Edurne Epelde, Miren Aranguren eta Iratxe Retolazak, emakumezkoek mugimendu abertzaleetan parte hartu zutela berresten dute, baina taldeotan emakumeen kezkak ez zirela jorratzen ikusita eta taldeon aldarrikapenetan emakumeem askapenak lekurik ez zuela, taldeetan betetzen zuten funtzioa ezbaian jartzen hasi zirela, eta poliki poliki talde horietatik kanpo elkartzeko beharra sentitu zutela emakume batzuek. Militantzia bikoitza edo hirukoitzaren eta bakarraren arteko uztarketa eta eztaibaidek bide luzea irekiz.
Bukatzeko;
Egungo Euskal Herriaren eta naziogintzaren zenbait zimentarri orduan eraiki ziren, batzuk besteak baino presentago ditugu. Erabilgarri zaizkigu batzuk, beste batzuk momentuko gure gizartean badirudi ez dutela leku handirik.
Pasa den martxoaren 29an, Korrika 19 amaiera eguna Bilbon, Lorea Agirreren Bagara Nor testuko hitzak entzun eta gerraosteko euskal abertzaletasun, orduan berri, hartaz oroitu nintzen. Txillardegiz oroitu nintzen, bere garaiaz, bere garaikideez. Nondik gatoz horretaz. Eta behinola, duela zenbait hamarkada euskaltzaleen ahotan zebiltzan hitz eta ideia haiek gaur Bilboko oholtza gainean entzuteak, oraindik ere euskaldunon ahotan zentzua hartzen dutela ikusteak...indarra har lezaketela agian, pentsatzeak, sentipen nahasi bat sortu zidan. Egiten duguna gara, eta egiteko hautatu egin behar da, menpeko izatea utzi eta ahalduntze da kontua, ateak ireki ez gotortu, lokaztu, busti, kutsatu... Aldi berean, horren urruti eta horren gertu denboran, zein egoeran.
Lokaztu esan dugu eta bukatu aurretik, beste garaiko hitz garrantzitsu bat. Atzo gauera arte sartu ala ez dudamudatan ibili nintzen hitz bat. Baina atzo arratsaldean Periko Solabarriaren heriotzaren berri izan eta gero zalantzarik gabe sartzea erabaki nuena.
Hitz hori lokatza da. Gerraosteko belaunaldi hartaz solasteko asko erabiltzen zena, eta ez euskaraz bakarrik. Adinduagoek, gazteriari zerriak bezala lokatzetan ibiltzea, zerrien gisa gizakien miserietan zikinduta ibiltzea leporatzen zieten. Jainkoari eta zeruari eta ideal handiei begiratu beharrean hauei bizkar emanda behera begira ibiltzea. Enbatakoek ere kontatzen dute, sarrien entzuten zuten iraina zikinak zela.
Aski aipatu dugu belaunaldi berriak zerbaitetan ez bazuen sinisten, hori abstraktukerietan zela, abstraktukeriak errealitatetik ihes egiteko biderik motzenak eta gizakiaren askapena eragozteko biderik lasterrentzat zituztela. Euskalduntasunak errotik garaikoa izan behar zuela, gizatasunak bezalaxe, horrek errealitatearekin eraldatu, zikindu eta lokazteabazekarren ere. Solabarriak zioen moduan, lokatzetan uzten direlako oinatzak, kalean, eta ez alfonbra gorrietan. Eguneroko jardunean baizik.
Eskerrik asko
(goiburuko Txillardegiren graffittia: Oier Peñagarikano)
Erantzun
Sartu