Teknologia albisteak

Serendipiaz (txiripaz) zuzendu zen euskaraz Nafarroako Parlamentuaren osaera

Erabiltzailearen aurpegia
Koldo Martinez / Euskalerria Irratia / cc-by-sa
2015-06-19 : 22:39

Nafarroako Parlamentua eratu zenean, mahaiburu izatea egokitu zitzaion Koldo Martinezi, Geroa Bai taldeko parlamentari berriari. Euskaraz zuzendu zuen saioa. Halaxe azaldu du kontua Euskalerria Irratian: "Serendipia deitzen zaio beste zerbaiten bila zabiltzanean..." (irratiaren webgunetik hona ekarria cc-by-sa lizentziari esker)

Euskararekiko serendipia eta batzuren haserrea

Serendipia deitzen zaio beste zerbaiten bila zabiltzanean egiten duzun zorioneko edo ezustezko aurkikunde bati. Baita ere, kasualitateari, kointzidentziari edo ustekabeari.

Eta serendipia bat izan zen atzo Nafar Legebiltzarrean gertatu zitzaidana. Sarreran Navarra Televisioneko kazetari batek elkarrizketa llabur bat egin zidan. Bertan, guztiz hunkiturik, Jose Antonio Urionabarrenetxearen alarguna zen neure amama gogora ekarri nuen. Berarekin beti, euskaraz aritzen nintzen. Bizkaieraz.

Gero, sesioaren gidoia eskatu nuen. Sesioa erabat ofizial eta zurruna zen. Gidoia ekarri zidaten. Gazteleraz. Euskarazko bertsioa ere eskatu nuen. Ekarri zidatenerako, ustez biak ekarriko zizkidatela, gaztelerazkoa nonbait utzia nuen. Bilera hastear zegoen. Eta hasiera eman nion. Euskaraz.

Nere koaliziokide den Jokin Castiella lehen idazkaria euskalduna da ere. Eta berarekin beti euskaraz aritzen naiz. Eta euskaraz ekin ginen. Ekin eta jarrai!

Javier García bigarren idazkaria Cintruenigokoa da eta euskaraz ez daki. Berari zuzenean zin egitea edo hitz ematea galdetuz zuzendu nintzaionean, begirune guztiaz, gaztelera erabili nuen.
Euskara eta gaztelania nafar hizkuntzak dira. 50 parlamentarietatik 23 euskaldun gara Nafar Legebiltzarrean. Inoiz baino gehiago. Guztientzat entzungailuak zeuden gaztelerarako itzulpenaz. Emandako arrazoi guztiengatik eutsi nion euskarari.

Hots, atzo denbora guztian euskara erabiltzearena ez zen izan euskara inposatu nahi dugularen lehen seinalea, ezta ere nafar gizarteari omen diogun mespretxuaren ezaugarri -ai, Del Burgo, Del Burgo!- eta ezta ere ofizialtasunaren aldeko pauso adierazgarririk… Sentitzen dut baina euskararekiko serendipia bat besterik ez zen izan. Serendipia guztietan gertatzen den bezala, kasualitate bat. Hori gerta dadin, alabaina, euskara ere jakin behar da. Normaltasunez! Haserretu diren horiek, zoritxarrez, ez dakite. Eta ez dute jakin nahi ezta ere!

Erantzun

Sartu