Teknologia albisteak

Parisko Adierazpena, Euskal Herriko Bakearen alde

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2015-06-13 : 15:36

"Paris Euskal Herriko Bakearen alde" izenarekin sinatu zuten 110 eragilek adierazpen hau, Parisen 2015eko ekainaren 11n egindako bake konferentzian. Hona testua: "50 urteko indarkeria eta sufrikarioen ondotik, Europa mendebaldeko azken gatazka armatua konponbiderako fasean sartua da..."

Paris Euskal Herriko Bakearen alde

50 urteko indarkeria eta sufrikarioen ondotik, Europa mendebaldeko azken gatazka armatua konponbiderako fasean sartua da.

Donostian, 2011ko urriaren 17an buruturiko Aieteko Nazioarteko Konferentziaren ondorioz ETAk bere jarduera armatua bukatutzat jotzea erabaki zuenetik, sekula ezagutu ez dugun testuingurua bizi dugu Euskal Herrian.

Hiru urte baino gehiago dira konferentzia horren ekimenei erantzunez nazioarteko sei liderrek, Ko! Annan Nazio Batuen Idazkari nagusia ohiak, Pierre Joxe Frantziako Barne eta Defentsa Ministro ohiak, Gerry Adams Sinn Fein-eko liderrak, Gro Harlem Brutland Norbegiako Lehen Ministro ohiak, Bertie Ahern Irlandako Lehen Ministro ohiak eta Jonhatan Powellek, Tony Blair Britainiar Lehen Ministro ohiaren bulegoko kontseilari ohiak gatazka konpondu eta gainditzeko asmoa duen bost puntuko “bide orria” aurkeztu zutela.

Euskal gizarteak bere aniztasunean, bakea erdiesteko ahaleginari usu eta masiboki babesa adierazi dio. Gizarte zibilak, ordezkaritza politiko osoaren eskutik – tendentzia guziak barne –, gatazka behin betiko konpontzeko baldintzak sortzeko eskatu die bakegileei eta hori Frantziako Euskal Herriko elkarrizketa taldearen bidez egin du.

Bake prozesuak bere onera iristeko aukera haundiak ditu eta horren bermea, Gatazkaren konponbidea bultzatzeko eta errazteko, eta alderdien arteko elkarrizketa sustatzeko betebeharra duen Harremanetarako Nazioarteko Taldea eta su etenearen Nazioarteko Egiaztatze Batzordea (ETAk bere armategia baliogabetzen eta zigilupean ezartzen jarraitzen zuela adierazi duena) dira.

Bakearen aldeko baldintzak sortzeko ahaleginek euskal gizartearen sektore zabal baten nahia eta nazioartearen babes geroz eta haundiagoa agertzen badute ere, ezin direla aldebakarrekoak izan ohartarazi behar da. Bakea, nahi ala ez, frantziar eta espainiar gobernuak gatazkaren konponbidean engaiatzearekin soilik helduko da.

Guk, dei honen izenpetzaileok, Parisen bihotzean, printzipio unibertsal gisa zilegitasun demokratikoa eta Giza Eskubideen eta bakearen sustatzea irudikatzen dituen Asanblea Nazionalean, ondoko aldarrikapenak hedatzen ditugu:

  • ETA erakundeari, bere desarmatze prozesua burura eraman dezan eskatzen diogu. Nazioarteko komunitateak espainiar eta frantziar gobernuei prozesuan inplikatzeko luzatu dien eskariarekin bat egiten dugu eta desarmatzea molde adostu eta kontrolatuan burutuko dela bermatuko duen espazio egokia plantan dezaten eskatzen diegu.
  • Zentzuzko epeak errespetatuz sortuko lizatekeen askatze prozesu batean, familien onurararako izanen den hurbiltze eta elkartze prozesu batean bidez euskal presoen dispertsioarekin amaitzeko eskatzen dugu. Halaber, oinarrizko eskubideen errespetuz, presoei legearen baitako zigorren malgutzea aplikatzea eta eri direnen askatzea ere aldarrikatzen dugu.
  • Sufrikarioak sortu ez duten gatazkarik ez baitago, berraskidetzea sustatzeko eta biktima guztien aitortza, kalte-ordaina eta asistentzia eskuratzeko pisuzko neurriak hartuak izan daitezen eskatzen dugu.
  • Ukituak diren nazio ezberdinen interesen izenean, eta Bakea sustatzeko behar handia dagoenez, espainiar eta frantziar estatuei Euskal Herriko gatazkaren konponbidean zinez inplikatzeko eskatzen diegu.

Erantzun

Sartu