Teknologia albisteak

Iturrasperen hitzaldia eta Medikuntza euskalduntzeko 7 proposamen

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Iturraspe eta Medikuntzako ikasleak
2015-05-18 : 14:48

Joan den ostiralean, EHUko Medikuntzako graduazio ekitaldian Xabier Iturraspe ikasleak emandako hitzaldia komentagai izan da sare sozialetan. Iturraspek testu hori bidali digu, eta baita ere maila guztietako Medikuntzako hainbat ikaslek errektoreari emandako beste agiri bat: Medikuntza euskalduntzeko 7 proposamen. Hitzaldia eta proposamenak, biak dituzue artikulu honetan.

Xabier Iturrasperen graduazio hitzaldia

Egunon guztioi: agintari, dekano, errektore, irakasle, unibertsitateko langile eta batez ere, ikasle eta beraien familiei.

Leirek esan duen moduan, heldu da eguna. Hainbeste esfortzu, apunte eta praktika ostean, karrera bukatuko dugun eguna. Gure guraso, etxeko eta lagunei, izandako pazientzia eta emandako laguntzagatik eskerrak eman eta ziklo baten amaiera ospatuko dugun eguna.

Eta, zergatik ez, 6 urteotako balantzea egin eta izandako arazoak mahai gainean jartzeko eguna ere bada gaurkoa.

18 urte eskasekin Medikuntza ikastea erabaki genuen. Baina nire eta nire ikaskide guztien kasuan, hartutako erabakiak gainkarga bat zeukan: Medikuntza EUSKARAZ ikastea erabaki genuen.

Ordutik hona euskararen arloan ikusitako gabezi guztiak bistaratzeko eta konpontzeko ahalegina egin dugu, baina gehienetan arduradunen ateak itxita aurkitu ditugu. Gaur aldiz, Euskalduna Jauregiko ateak zabalik daudela eta arduradunak nahiko gertu ditugula aprobetxatuz, medikuntza euskaraz ikastea zer den azalduko dizuegu, nik eta alboan ditudan 4 ospitaletako ikasleen ordezkariek.

Les decía que ya han pasado 6 años desde que tomamos la decisión de estudiar medicina y queriamos agradecer a toda la gente que ha hecho posible que lleguemos hasta aquí.  Sin embargo, en mi caso y en el caso de mis compañeros,  la decisión de estudiar medicina vino con un esfuerzo sobreañadido: decidimos estudiar medicina,sí, pero EUSKERA. Desde entonces, hemos intentado visibilizar y arreglar todo contratiempo relacionado con este tema, pero la mayoría de las veces nos hemos topado con las puertas cerradas. Aún así hoy, ya que las puertas del euskalduna estaban abiertas  y ya que los responsables de está situación andan por aquí, tanto yo como los representantes de los 4 hospitales a mi lado,  vamos a intentar esplicarles lo que supone estudiar medicina en euskera.

Lehen zikloa euskaraz egin genuen eta sarritan komunikazio arazoak izan arren, azpimarratzekoa da Leioako irakasle gehienek egiten zuten lana eta ahalegina. Bigarren ziklora pasatzerakoan aldiz, egoera guztiz aldatu zen eta “aaaah… eres de euskera?” izatera pasatu ginen. Praktika eta mintegi gehienak gazteleraz jaso ditugu eta ordu teorikoei dagokienez, nik eta Anderrek Gurutzetan, %36a soilik jaso dugu euskaraz. Nire lagun Garazik Basurtun, ordu teorikoen erdia. Txoanek suerte gehiago izan du Donostian, irakasgaien %65a jaso baitu euskaraz. Eta bukatzeko, Nerea dago Gasteizen: euskal lerroan matrikulatuta egon arren, ez du klase teoriko bakar bat ere euskaraz jaso.

Beraz, arazoa argi dago: ezinezkoa da EHUn medikuntza euskaraz ikastea. Eta arazoa argi badago, erantzuleak ere bai:

  • Dekanotzak eta departamentu-buruek gai honekiko interes falta nabarmena erakusten dute. Irakasleen kontratazioak ez dira ikasleekiko batere argiak eta sarritan euskaraz jakiteari baino balio handiagoa ematen zaie harreman pertsonal eta antzeko kontuei. Euskara batzordeak bestalde, urteak daramatza bildu gabe.  
  • Errektoretzak bere aldetik, arazoa konponbiderako dituen baliabideak erabili beharrean, beste alde batera begiratzen du.
  • Eta bukatzeko Osakidetza: Mediku euskaldunak egon badaude, baina Osakidetzak EHUrekin duen hitzarmena dela eta ezin dute beraiena ez den ospitale batean eskolarik eman.


Urte hauetan guztietan zehar, egoera hau salatzeko egin ditugun ekintzak ez dira antza, behar den lekura iritsi. Azken 10 urteotan ez da inongo aurrerapausorik eman,  urtero oztopoak izan ditugu euskaraz zeuden irakasgaiak mantentzeko eta desagertu ez badira, ikasleon ahalegin eta ekinari esker izan da.

Horregatik beste behin ere ikasleok bildu, eztabaidatu eta elkar entzun ostean, esku artean duzuen konponbiderako 7 puntuko testua idatzi eta kurtso guztietako ikasleen sinadurak batu ditugu, egoera honen erantzuleak behingoz zerbait egin dezaten.

Amaitzeko, aipatzekoa da ere ekitaldi honetan euskarak duen presentzia eskasa. Ez gara “Buenos días” baten atzetik datorren kortesiazko “egunon”-a. 120 ikasle euskaldun gara eta ekitaldi hau gurea ere badela aldarrikatzeko gaude hemen zutik. Ez gara bigarren mailako ikasleak eta ez daukagu zertaz lotsatu. Goiz honetan hainbat alditan entzun dugu, jasotako formakuntza bikainaren fruitua direla MIR azterketan lehenengo 10 postuetan geratu diren EHUko 2 ikasleak. Baina, inork esan al du, biak zirela euskal lerroko ikasleak? Ez al du honek argi uzten, posible dela mediku ona eta euskalduna izatea?

Guk ere badaukagu zeregina. Bihartik aurrera medikuak izango gara, mediku euskaldunak. Eta osasun sistema euskaldun eta publiko baten alde lan egiteko konpromisoa hartu behar dugu: irakasleak behar direnean klaseak emanez, gaixo bakoitza nahi duen hizkuntzan gertutasunez artatuz eta arraza edo egoera ekonomiko desberdinetako jendea berdintasunez jasoz.

Con todo esto, no queremos  ofender ni atacar a nadie que no hable euskera. Lo que queremos es que de una vez por todas, los responsables de esta situación reaccionen y se pongan a trabajar para que podamos estudiar y trabajar en euskera.

Euskaraz ikasi nahi izan dugu, baina ezinezkoa izan da, zuen aldetik borondatea falta delako. Baina guk lanean jarraituko dugu. Lanean jarraituko dugu Zamudioko anbulategitik, Gurutzetako kontsultetara, Leioako ikasgelatik, Txagorritxuko kirofanora…   Gaur ikasle eta bihar mediku euskaldun bezala, euskaraz ikasi, sendatu eta batez ere, euskaraz BIZITZEKO eskubide osoa daukagulako.

Medikuntza euskalduntzeko 7 proposamen

[Testu hau kurtso guztietako ikasleok sinatu dute (gaztelerako ikasle askok ere bai) eta Dekanotzari helaraziko zaio laster sinadura bilketa amaitzean. Gainera, ekitaldian zeuden euskal lerroko ikasleok banan bana dekano, errektore eta sailburuei eskura entregatu zieten testua, eszenatokira bandak jasotzen igo zirenean.]

UPV/EHU mundu osoan medikuntzako ikasketak euskaraz eskaintzen dituen unibertsitate bakarra da. Horregatik, Osakidetza, EHUko Errektoretza eta Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Dekanotzari osasun sistema euskaldun baten garapenaren alde behingoz lan egin dezatela exijitzen diegu. Fakultate honetako ikasleen hizkuntza eskubideen urraketak gainditzeko asmoz, ikasleok honako arazo hauek salatzen ditugu:

  • Medikuntzako ikasketak euskaraz egin daitezkeela saltzen digute. Nahiz eta lehenengo zikloa ia osorik euskaraz ikasi, bigarrenean egoera guztiz desberdina da. Basurtuko irakasgunean euskaraz matrikulatutako ikasleek, derrigorrezko ordu teorikoen %50a baino ez dute euskaraz (horrez gain ez dago aukera askeko irakasgairik euskaraz eta praktika ia guztiak gaztelaniaz dira). Gurutzetako irakasgunean %36a ematen da euskaraz eta Donostian %65a. Txagorritxun ez dute ordu teoriko ez praktikorik euskaraz, nahiz eta euskal lerroan matrikulatuta egon.

  • Osakidetzaren eta EHUren arteko akordioak euskarazko irakasleak kontratatzerako orduan oztopo handi bat suposatzen du. Akordio honen arabera, ospitale bakoitzeko irakasguneetan klaseak emateko ospitale horretan kontratatua egotea derrigorrezkoa da. Hala ere, badakigu salbuespenak egin daitezkeela eta egiten direla, akordioa zaharkituta dagoela eta eguneraketa bat behar duela agerian utziz.

  • EHUn kontratazioen ardura sail bakoitzeko departamentu, dekanotza eta errektoretzaren artean banatzen da. Departamentuen kontratazio irizpideak ez dira batere argiak, euskara jakiteari ez zaio batere baliorik ematen, bai ordea merituei eta harreman pertsonalei. Dekanotzak eta Errektoretzak bestalde, arazoa konpontzeko nahikoa baliabide izan arren (Euskara batzordea, kontratazioetan zuzenean eskua hartzea, …), honekiko interes falta erakusten dute.

  • Osakidetzako irakasle lanari ematen zaion balio eskasari euskarazko irakasleek dituzten lan baldintza txarrak gehitu behar zaizkio.Materiala itzultzeko egiten duten lan gehigarriaz aparte, gaztelerazko irakasleekin konparatuz ordutegi eta ordu desokera nabaria da.

  • Osakidetzak bere aldetik, ez du gai honekiko interes handiegirik erakusten. Medikuntzako ikasketak bukatu ostean ematen den formakuntza gazteleraz jasoko dugu eta beraz, mediku egoiliar moduan egingo dugun lanaren zati handi bat gazteleraz izango da, ondorioz, gaixoak euskaraz artatzeko zailtasunak handituz

Guzti honen aurrean, Medikuntzako ikasketak eta batez ere Osasun Sistema euskalduntzeko helburuarekin, ikasleok honako proposamenak luzatzen ditugu:

  1. Egun lortu den euskalduntze maila mantentzea beharrezkoa ikusten dugu, atzerapausorik eman gabe. Irakasgairen batekin arazorik egongo balitz horiek konpondu beharko dira, beti ere euskarazko irakasgaia mantentzea lehenetsiz.

  2. Epe laburreko helburu bezala, fakultateko Euskara batzordeak funtzionatzen hasi behar du, bilera-maiztasun jakin bat zehaztuz, bilera hauek irakasguneetan eginez eta ikasleriaren parte hartzea handituz (bereziki bigarren ziklokoekin).

  3. Osakidetza eta UPV/EHUren arteko hitzarmenaren eguneratu behar da. Bigarren zikloan klase teoriko zein praktikoak emateko aukera Osakidetzaren sare publiko osora zabaldu behar da eta ez bakarrik Donostia, Basurtu, Gurutzeta edo Txagorritxura.

  4. Sail batek irakasle plaza bati uko egiten badio, euskaraz dakien irakaslerik ez dagoela argudiatuz, plaza hori ez da inolaz ere elebakar bihurtuko.

  5. Irakasleen kontratazioa gardenagoa eta ikasleekiko irekiagoa izan behar da. Departamentuek irakasle euskaldunak kontratatzeko izan dezaketen borondate faltaren aurrean, EHUko gainerako organoek kontrol zorrotzagoa izan behar dute.

  6. Klaseak ematen dituzten profesionalen lana Osakidetzak aintzat hartu eta curriculumen garrantzitsua bihurtu behar da: bai oposaketetan, bai plaza aldaketak eskatzean, eta baita profesionalaren merituak kontuan hartzen diren beste kasuetan ere.

  7. Irakasle euskaldunei erraztasunak eman behar zaizkie, EHUren baitan irakaskuntza eta hizkuntz baliabide berriak sortu eta euren eskuetan jarriz.aiatzean

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago