Teknologia albisteak

Joxe Azurmendi: nazioaren kontzeptu frantsesari hazka

Erabiltzailearen aurpegia
Hitzen Uberan
2014-11-19 : 16:43
Nazioaren kontzeptu frantsesaren eta alemanaren arteko bereizketan ipini du fokua, oraingoan, Joxe Azurmendik. Atzo goizean aurkeztu zuen bere azken saiakera (Historia, Arraza, Nazioa), Xabier Mendiguren Elkarreko editorearekin batera. Arratsaldean, aldiz, solasaldia egin zuten Azurmendik eta Markos Zapiainek, eta liburuaren hainbat gako aletu zizkieten bildutako ikus-entzule mordoxkari. Han esandakoen laburpena osatu dugu. (Hitzen Uberan webgunetik, cc-by-sa lizentziari esker hona ekarria)

Leporaino bete zen atzo arratsaldean Donostiako Elkar aretoa. Joxe Azurmendi idazlearen azken liburuari buruzkoak entzutera hurbildu zen jendea, gogotsu, maisua ikustera, entzuleetako batek aipatu zuenez. Markos Zapiain idazleak egin zituen gidari-lanak. Hizpidea izan zuten Historia, arraza, nazioa. Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk (Elkar) saiakera liburu gotorra (626 orrialde), nazionalismo alemanaren (erromantikoa, hizkuntzan, kulturan eta arrazan oinarritua) eta frantsesaren (liberala, nahizkotasunean oinarritua) artean ezarri ohi den bereizketa zalantzan jartzea asmo duena. XIX. mende amaiera aldera emandako eztabaidetan du oinarri banaketa horrek; garaian, Lorrena eta Altsaziako lurraldeen jabetza borrokatu zituzten guda frankoalemanetan.

Baina has gaitezen hasieratik. Goizean Xabier Mendiguren Elkarreko editorearekin batera egindako aurkezpen mamitsuan esan bezala (Mendigurenek berak ohartarazi zigun hura ez zela aurkezpen arrunt bat, Azurmendiren aurkezpen bat baizik), urte luzetako lanaren emaitza dugu obra. Izan ere, aspaldidanik biltzen ditu Azurmendik bi nazionalismo mota horien arteko dikotomiari buruzko aipuak, baina, tartean osasun-makalaldiak egon direla-eta, nahi baino gehiago hartu du batutako informazio guztia txukundu eta antolatzeko jardunak. Iritsi da, azkenean.

Ernest Renan autorea disekzionatu du zegamarrak, bizian argitara emandakoak osorik irakurri dizkio, eta hain demokratikotzat, zibikotzat eta eredugarritzat jo ohi den eta orobat Renanen lanean oinarritzen den nazio-kontzeptu frantsesaren itzalak agerrarazi ditu. Mendigurenek, irria ahoan, aipatu zuenez, lehenago nazionalismo espainiarrarekin egin bezala, oraingoan frantziarrari tokatu zaio larrutua izatea. Esan liteke, kasik, Azurmendiren dohain edo meritu handienetako bat analisi xehe-xehe horiek egiteko gaitasuna dela, behin ezagun bati entzun nion adierazpidea lapurtuta, autore bat hartu eta ametrailatu egiten duela, alegia, goitik behera, ezker-eskuin aztertzen duela kasuko autorearen zirrikitu guztiak estali arte.

Filosofoaren esanetan, ez da bera izan bi nazionalismo mota horien arteko banaketa auzitan jarri duen lehenengoa, autore kroaziarrek jorratu izan dute gai hori. Dena dela, Espainiako Estatuan ere sakonki errotutako ideia da, azken batean, nazionalismo espainiarraren eredua nazionalismo frantsesa da, eta horrek gogor eragin die estatuko beste nazioei. Autore abertzale katalanek (Solet i Turá) eta euskaldunek (Larronde) abiapuntutzat hartu izan dute, eta arrazoitzen saiatu dira zergatik euren nazioa ez den irrazionala eta arrazista. Azurmendik ez du uste euskal abertzaletasunak justifikatu behar duenik ez dela arrazista; noski, izan badira pertsona abertzale arrazistak, toki guztietan bezala, baina hori ez datxekio pentsamenduari berari.

Irakurtzeko eta idazteko, funtsean, lan egiteko moduaz ere jardun zuen Azurmendik goizeko aurkezpenean. Interesgarri zaizkionak fitxatan biltzen ditu, arkatza eskuan hartuta irakurtzen du beti. Dokumentazio lan eskerga dator lehenik; hausnartutakoa paperera aldatzea, ondoren.

Bi filosoforen solasa: Azurmendi, Zapiain

Arratsaldeko solasaldira pasata, ordubete pasako saioa egin dute bi filosofoek. Zapiainek liburuan botatako hainbat ideia bota dizkio Azurmendiri, hark sakonago lantzeko edo azaltzeko. Liburu nondik nora dihoan ikusteko klabea erabilgarriak, inondik ere. Labur izanik ere, hona ekarri nahi izan dizkizuegu.

Sarrera modura, Azurmendik saiakeraren izenburua hartu du ahotan. Nazioaren kontzeptua beti doa historiarekin lotuta. Voltairek historia xeheki aztertu zuen, egiaztatu nahian prozesu historikoak arrazionaltasunaren fruitu zirela; aitzitik, ikusi zuenez, hasiera-hasieratik, botereak sarraskiak baino ez ditu eragin, bata bestearen atzetik. Irrazionaltasunaren kateaketa luze bat da historia, hortaz. Alemaniara joanda, Herderrek esan zuen historia herriek egiten dutela. Atzera Frantzian, Renanek, ostera, arrazan ipini zuen fokua. Herder jo izan dute nazionalismo irrazional eta arrazistaren sortzaile gisa, eta Renan, berriz, demokratiko eta ereduzko; Azurmendiren ustez, faltsifikazio handi bat da hori. Renanek oso une zehatzean idatzi zuen bere lan hura. Frantziako iraultzaren ostean, herritarrak (galoak) aristokraziari (frankoak, alegia, jatorri alemanekoak) gailendu zitzaizkion, eta beheko arrazaren garaipen hori oso presente dago Estatu Frantsesean, nonahi topa baitaiteke oilarraren sinboloa.

Dikotomiak aipatu ditu Zapiainek. Pedagogian eta mitin politikoetan hain efikazak diren dikotomia horietako beste bat gehiago desmuntatzen baitu Azurmendik bere azken obra honetan. Zegamarrak erantzun dio baietz, praktikoak direla dikotomiak kasu horietan: zu ona zara, eta bestea gaiztoa, eta akabo arazoa. Esplikatu du, gizabereon eboluziorako lagungarriak izan direla dikotomiak, eta horrela antolatzen ditugula gauzak buruan, alde horretatik eskertzekoak direla. Hala ere, arazoa deritzo horiek sistematizatzeari. Izan ere, gehien-gehienetan, gauzak gertuago dabiltza gris-tarteetatik erabateko txuri edo erabateko beltzetik baino. Ez dugu ahaztu behar dikotomiak tresna bat direla.

Arrazakeria-motak bereizten ditu Azurmendik obra honetan. Zapiainek arrazakeria zakar/gordina eta arrazakeria ideologikoa aipatu ditu, eta beste bi gehitu dizkio zegamarrak sailkapen horri. Hasteko, arrotzarekiko beldur edo errezelo instintiboa legoke, biziraupen-bulkadarekin lotura duena; inofentsiboenetako da, gogoetatu ostean baztertzen baita. Gero, arrazakeria primarioa genuke, tabernetan botatzen diren komentarioen esparruan, urliaren herrialdekoak belarri handiak dituztela eta zatarrak direla. Arrazakeria erlijiosoak miseria handiak sortu ditu, juduen kasuan nabarmena denez, nahiz eta ez den adibide bakarra. Azkenik, arriskutsuenetako litzateke arrazakeria zientifiko edo ideologikoa, zientziaren bitartez egiaztatu nahi baitu giza talde jakin batekoak bestekoak baino behereagoak direla; ez hain gizakiak, funtsean. Darwinen hautespen naturaletik abiatuta, indartsuenak garaitzen du, eta historian gizon zuriak garaitu duenez, bera sortu dituelako estatu modernoak, zientziak eta jakintza, horrela frogatzen da gizon zuriena dela arraza gailena. Renanen nazionalismoa hortxe kokatzen da. Ohar gisa, Azurmendik aipatu du berak Arana Goiriri buruzko lan bat idatzi zuela eta ebatzi zuela Sabino arrazista zela. Hori uste du oraindik ere, baina, interesgarri leritzoke arrazakeria hori zer mailatan sartuko litzatekeen aztertzeari, berak irakurri zuen garaian ez baitzeukan sailkapenaren perspektiba. Hortxe amua, gazteagoren batek kosk egin nahi izatekotan.

Arraza gailenen ideia beste kontzeptu batzuekin elkarlotzen da, hala nola, lurra, izpiritua eta hizkuntza. Renanen pentsamenduan, frantsesak arraza gailenekoak dira geografikoki toki pribilegiatuan kokatuta daudelako, klimaren aldetik ere, eta horren ondorioz euren izpiritua hausnarketa abstrakturako bereziki egokia da eta euren hizkuntza gai da ideiok helarazteko. Elementu horiek hedapena eta anexioak justifikatzeko argudio gisa erabiliak izan dira, komeni moduan. Lurralde txiki-txiki bat zen hasieran gaur Estatu Frantsesa dena, Île de France, hain zuzen ere. Hortik abiatuta kanporantz hedatu da lurraldeak konkistatuz, batean argudiatuz frantsesa hitz egiten zelako zegokiola lurraldea, bestean, aldiz, lurraldeko herritarrek berek halaxe nahi zutelako, eta hurrengoan, aldiz, ibai baten muga naturala halaxe markatzen zutelako. Liburuan aurki daitezkeen hamaika adibiderekin hornitu ditu azalpenok Azurmendik.

Gainera, eta amaitze aldera, filosofoak azpimarratu du nazioaren kontzeptua ez dela bakarra, eboluzionatu egiten duela historikoki, eta euskal herritarrek galdetzen dutenean “zer da nazioa?”, galdera egiatan dela “zer da Euskal Herria”, eta alemanek diotenean, aldiz, “zer da Alemania?”, bilakatuko dela zalantza. Azken batean, “zer gara gu?” jakin nahi izaten dugula. Gero, euskaldunok euskaldunen iritziak gutxietsi eta kanpotarrenak aintzakoagotzat hartzeko joera kritikatu du, labur-labur.

Bukatzeko, orain zertan dabilen galdetuta, gizabereon aberetasunari heldu diola berriro aitortu zuen Azurmendik. Adreilua editoreari bidali ostean gaiz beste egiteko gogoa sentitu zuen, eta etologiaren murgilduta dabil orain, Darwinen eta Frans de Waalen obrak lagun. Gizakion aberetasunean zer gailentzen da: kapitalismoak gure berez-berezkotzat saldu nahi digun indibidualtasuna eta ondokoarekiko lehia ala, aitzitik, kooperazioa? Horixe ikusi nahi du euskal pentsalari emankorrenetakoak. Zain eta gogoz gauzka, dudarik ez. Bien bitartean, badiogu zer irakurria.


Jatorrizkoa: Hitzen Uberan, cc-by-sa.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago