Googlen gero eta jende gehiago dabil lanean bat ere unibertsitate titulu barik, zenbait taldetan jendearen %14. “Unibertsitate askok ez dute agindutakoa betetzen”, dio Laszlo Bock Googleko giza baliabideetarako lehendakariordeak, “bertan ez dituzu ikasten bizitzarako gauzarik inportanteenak. Bakarrik balio dute zure nerabezaroa luzatzeko”. Esanak esan, Googlek aintzat hartzen ditu unibertsitate ikasketak, baina beste trebetasun batzuk balioesten ditu berrikuntza aro honetarako.
Thomas L. Friedman kazetari ezaguna Kaliforniara joan da, Google enpresaren egoitzara, bertan jakiteko Googlek zer irizpide hartzen dituen kontuan jendea kontratatzeko orduan, eta horren berri eman du artikulu interesgarri batean: “How to Get a Job at Google”, zelan lortu lan bat Googlen.
Artikuluak jasotzen duenez, Googlek bost trebetasun bilatzen ditu jendea kontratatzerakoan:
- Ikasteko trebetasuna. Ez pertsona baten adimen-kozientea, baizik eta, gauzak gertatu ahala, prozesatzeko gaitasuna, informazio zati desberdinak ulertzeko abilezia. Horretarako, hainbat elkarrizketa mota erabiltzen dituzte, portaerak-eta neurtzeko.
- Lidergoa. Lidergo emergentea, ez tradizionala. Ez zaie interesatzen zure xake klubeko lehendakaria izan ote zinen, baizik eta, arazo baten aurrean, gai izango zaren urrats bat aurrera egin eta zure taldea lideratzeko. Halaber, gauza izango zaren, behar denean, pauso bat atzera eman eta lidergoa beste bati uzteko.
- Umiltasuna. Umiltasuna behar da onartzeko taldekide baten ideia hobea izanda, haren esanetara lan egiteko. Umiltasunik gabe, zaila da ikastea. Ego handia eta, aldi berean, ego txikia duen jendea bilatzen dute. Ego handia, nork bere ideiak muturreraino defendatzeko. Ego txikia, berriz, onartzeko egoera aldatzen denean beste baten planteamendua egokiagoa izan daitekeela.
- Elkarlanerako gogoa. Azken helburua da jakitea zer egin dezakegun elkarrekin arazo bat konpontzeko. Jarri duzunean zure hondar alea, jakin behar duzu atzera egiten.
- Moldagarritasuna. Googlek nahiago ditu goiko trebetasunak dituzten pertsonak, nahiz eta ez izan erabateko adituak eremu jakin batean, pertsona horiek askoz hobeto moldatzen direlako egoera berri eta ezezagunetara.
Goiko honek ondorengo artikulu hau ekarri dit gogora. Unibertsitate tituluen prezioa gora eta gora doa AEBetan, luxuzko artikuluen gisa: How a Louis Vuitton bag can explain the higher education bubble http://theweek.com//article/index/256872/how-a-louis-vuitton-bag-can-explain-the-higher-education-bubble