Teknologia albisteak

Pankreas: gaur eguneko tragikomedia bertsoz paratua

Erabiltzailearen aurpegia
Tartean Teatroa
2014-02-20 : 09:20

Tartean Teatroak, “Pankreas – Gaur eguneko tragikomedia bertsoz paratua”, bere ikuskizun berria aurkezten dizue. Bertsoz idatzitako euskarazko komedia bat da, lehenengoa euskaraz. Ilusio handia daukagu lan honetan, dramaturgia ederra eta formaren aldetik erabat berritzailea dela sinestuta gaudelako. Estreinaldia Arriaga Antzokian (Bilbo) izango da martxoaren 12 eta 13an.

Sinopsia: Hiru lagun. Lehenak pankreasen transplante baten premia larria dauka. Bigarrenak suizidatzeko asmoa dauka hemendik urte batera, heredentziazko Alzheimerrari izkin egiteko. Hirugarrenak proposamen bat egingo dio bigarrenari: suizidioaren epea aurreratzea, lehenengoari bere pankreasa emateko. Une hartatik aurrera ezusteko gertaerak bata bestearen ondoren etorriko dira, fisika modernoaren axioma bati men eginez: gerta daitekeen guztia, denik eta sinesgaitzena bada ere, gertatu egiten da noizbait.

Egilea: Patxo Telleria. Zuzendaria: Jokin Oregi. Aktoreak: Mikel Martinez, Patxo Telleria, Joseba Apaolaza.

Teatro Vasconum Primitiae??

Ez gara antzerkiaren eruditoak, eta gure ezjakintasunean pentsatzen genuen mendetako tradizio bat berreskuratzen genuela euskarazko teatro lan bat hitz neurtuz osatua.

Horrela pentsatzera bultzatzen gintuen euskal kulturan hain erroturik dagoen bertsozaletasunak, eta, antzerkiaren arloan, pastoralaren tradizioak. Pastorala, alabaina, bertso kantatua da, eta ondorioz harreman eta zerikusi handiagoa du bertsolaritzaren tradizioarekin, edota musikazko teatroarekin, hitz neurtuko antzerkiarekin baino, europear tradizioak erakutsi digun bezela: Espainiako Urrezko Mendea, Inglaterrako Isabeliar antzerkia edo ta Frantziar Barrokoa…

Gure arakatze lanaren ondorioz, antzezlan bakar bat aurkitu dugu bertsoa erabiltzen duena, eta ez da nolanahiko kasua, ez horixe: ezagutzen den lehen euskarazko antzezlana baita, XVIII. mendeko Barrutiaren “Gabonetako Ikuskizuna”, ekitaldi labur bat, bere izenak erakusten duen moduan, gabonetan eskeinia izatekoa, mendebaldeko euskera herrikoi eta bizi batez idatzia.

Testu labur honek balio istoriko eta filologiko handia du, baina salbuespen bitxi bat da. Irla isolatu bat. Eta ez zuen batere segidarik izan XIX. Eta XX. mendean euskarazko antzerkiaren tradizioa osatuko zuen korpusean (Soroa, Altzaga, Labaien, Lartzabal…).

Euskal antzerkian ez da, beraz, inoiz egon hitz neurtuzko antzerki tradiziorik. Tradiziozko antzerkigile hauek beste garai batekoak dira, euskal antzerkia oraindik, ezinbestean, ekintza amateur eta esporadikoa zenekoak. Euskarazko antzerki “profesionala” joan den mendeko larogeigarren hamarkadaren hasieran jaio zen.

Antzerki konpainia profesionalek ez zuten inolaz ere baliatu aipaturiko euskal antzerkigile hauen lanak. Kanpoko idazleak itzuli edo testu berriak sortu zituzten, hala talde lanean nola egilearen bakardadean. Eta guk dakigula, inoiz ere ez da eskeini euskarazko antzezlan bat bertsoz.

Beraz, eta eruditoak ez garenez oker egoteko arriskuan egon gaitezkeela onarturik, ondorio harrigarri batetara iritsi gara: gaur eguneko ikusle bakar batek ere ez du inoiz euskarazko antzezlan bat bertsoz ikusi. Eta hortik beste ondorio harrigarriago bat: hau da “teatro vasconum primitiae” bat.

Honegatik besterik ez balitz ere, pena mereziko luke propiektu honi ekitea. Baina guk ez dugu horrekin konformatu nahi. Hori helburu polita da, baina ez bakarra, inondik ere. Jendeak antzezlanarekin gozatzea nahi dugu, dibertitzea, hunkitzea. Sentitzea benetan merezi duela antzokira joateko zeremonia. Eta hala gerta dadin daukagun guztia emango dugu.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago