Teknologia albisteak
3

Gmail-ek zurekin kontaktatzeko moduak zabaldu ditu (baita euskaraz azaldu ere)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2014-01-10 : 13:19
Googleren e-posta zerbitzuak, Gmail-ek, jendearekin konektatzeko moduaren konfigurazioa aldatu du, Google+ zerbitzuarekin integrazioa handiago baten bidez. Atentzioa deitu digu, gainera, detaile batek: Gmail euskaraz dutenek Googlek txukun euskaraz idatzitako buletin baten bidez jaso dute albistea.
Horra, mezuaren irudia.

Aldaketari dagokionez, adi, kontuak badu bere interesa (edo arriskua). Zera da kontua, orain, norbaiten e-posta zuzena ez baldin badaukazu, bere izena bilatuz Gmail-en, horrela ere idatzi ahal izango diozula, baldin eta Google+ sare sozialean profila badu. Adibidez, zuk ez duzu sekula Urlia Berendiarekin e-posta mezurik trukatu, bere txartelik ere ez duzu, ez duzu bere e-posta, alegia. Ba Gmail bilaketa-kutxaren bidez bere izena jarri, eta Google+-en baldin badago, bere postontzira idatzi ahal izango duzu.

Kontuz, honek zuri ere eragiten dizu: Google+-en baldin bazaude, bide honetatik ere jaso ahal izango dituzu mezuak, zure e-posta eduki ez daukatenen eskutik ere. Izan ere, ezarpenetan hobetsita hala jarri dute, Google+-eko jende guztiak idazten ahal dizu printzipioz. Ezarpen hori murriztu nahi baduzu, egin dezakezu, Gmail-eko ezarpenetan, bakarrik zure "zirkuluetara" murrizteko (zuk Google+-en zirkuluetara nahita gehitu duzun jendea), edo "zirkuluen zirkuluetara" (ez dakigu zehazki noraino iristen den aukera horrekin). Beste aukera bat da kontaktatzeko modu hau guztiz baliogabetzea.

Baina gogoratu, printzipioz, Gmail eta Google+ erabiltzen badituzu, hasierako hobespenetan denek zu kontaktatzeko moduan jarri zaitu Googlek.

Erantzunak

2014-01-10 : 14:00

Ondo, txukun euskaraz, baita irudiak ere. Baina izenburuan dagoen akatsa ez da gramatikala, beste bat baizik. Googlek dio:

- Jarri harremanetan ezagutzen duzun jende gehiagorekin.

Baina aldaketa honek dakarrena, egiazki, beste hau da:

- Jarri harremanetan ezagutzen EZ duzun jende gehiagorekin.

Adi, beraz. Hobespenetatik pasatzea komeni agian.

2014-01-10 : 16:51

Horrelako aldaketek defektuz erabiltzailearen pribatutasuna ahalik eta gehien babestu beharko lukete. Hau da, defektuz funtzionalitate hau desaktibaturik egon beharko litzateke, gero norberak horrela nahi badu aktibatu dezala.

2014-01-13 : 16:49

Googlen azken jokaldia saihesteko, Gmail euskaraz badaukazu: Gmail->Ezarpenak->Mezu elektronikoak Google+ zerbitzuaren bidez bidaltzea->Inork ez (Edu Lartzangurenek azaldua Twitterren)

Erantzun

Sartu