Uste bazenuen sexismoak ez duela zerikusirik Internetekin, pentsatu birritan. UN Women erakundeak argazki kanpaina batean salatu duenez, esaldi hauek idazterakoan Googlen bilatzailean —"women should," "women shouldn't" edo "women can't"— esaldiok idazten amaitu aurretik, Googlek berak proposatuko dizkizun esaerek harri eta zur utziko zaituzte. Euskaraz emaitzak ez dira ingelesez bezain adierazgarriak, baina erakusten dute antzeko joera.
Auto osatzea (“auto complete” ingelesez) da bilatzailearen ezaugarri bat eta, beronen bidez, bilatzailean berba edo esaldi bat idazterakoan, esaldia amaitu aurretik Googlek proposatuko dizkizu hainbat aukera, oinarrituak Googlen bertan hitz horien inguruan egiten diren bilaketarik ohikoenetan. Neurri batean, Googlek proposatzen dituen esaldi horiek gizartearen ispilu neutrala dira, eta erakusten digute gure artean dagoen sexismoa.
Ingelesezko bilaketetan, horrelako esaldiak oparituko dizkigu Googlek: "women shouldn't have rights; women shouldn't vote; women shouldn't work." Alegia, "emakumeek ez lukete eskubiderik izan behar", "emakumeek ez lukete bozkatu behar" edo "emakumeek ez lukete lanik egin behar".
Euskaraz idatzi ditugu esaldi horiek —"emakumeek beharko lukete", "emakumeek ezin dute"—, baina kasu horietan Googlek ez digu ezer proposatu, bi arrazoirengatik seguruenik: euskaraz oso galdera gutxi egiten ditugulako era horretakoak eta gutako oso gutxik erabiltzen dugulako aditza horrela, hain aurreratua. Hortaz, Googlen euskarazko datu basea ez dago galdera horiei erantzuteko moduan bilatzaileko esaldia osatzeko orduan.
Hala ere, "neskak" hitza idatziz gero, emaitzetan Googlek iradokitzen dizkigu bi esaldi karga sexista nabarmenekoak: "neska biluzik" eta "neska biluzik bideoak". Alegia, euskaldunon artean ere, sexismoa ere agertzen dela bilaketak egiterakoan.
UN Women hiru urteko erakundea da, eta lortu nahi du generoen arteko berdintasuna munduan zehar. Kanpaina honetan lau poster argitaratu ditu, eta denetan, auto osatzearen emaitzak jarri ditu emakume baten ahoan, berau isilarazteko moduan. Informazio gehiago kanpaina honen inguruan, Mashable aldizkarian.
Aurrekoan, Amarauna-ko azken minutuetan http://www.eitb.tv/eu/irratia/euskadi-irratia/amarauna/1425838/1706406/amarauna-urriak-27-datorkigunea-gazteen-arteko-topaketak/ honi heldu genion eta hemen uzten dizuet egin nuen bilaketaren emaitzatxoa: