Teknologia albisteak

¿Pero es que tú no sabes castellano o qué?

Erabiltzailearen aurpegia
Amelia Barquin
2013-09-26 : 12:07

Nire ilobak -11 urte- bi aldiz entzun du esaldi hori azkeneko hilabeteotan. Lehenengoa, udako barnetegi batean. Testuingurua: barnetegi horretara heldu berritan, lagunik gabe, taldekide guztiak euskaldunak. Mutila hasi da euskaraz hitz egiten kide berriekin eta lehenengo erantzunak euskaraz jaso arren, lagunak berehala pasatu dira gaztelaniara. Goiz horretan bertan, beste elkarrizketa bat hasi nahian,  taldekide batek hauxe esan dio besteen aurrean: ¿pero es que tú no sabes castellano, o qué? Jarraipena imajinatu ahal dugu: hortik aurrera berak ere gaztelaniaz.
(Amelia Barquinen blogean orijinala, baimenarekin hona ekarria)

Bigarren aldiz institutuko lehenengo mailan (D ereduan) entzun du. Testuinguru ia berbera: institutuko lehenengo egunean, kide berriekin harremanetan hasteko, lehenengo ahaleginak euskaraz egin ditu. Erantzunak euskaraz jaso ditu baina laster dena gaztelaniaz hitz egin da taldean. Bera euskaraz saiatu da berriro, baina handik gutxira, kide batek hau esan dio: ¿es que tú no sabes castellano? Ondorioa berbera izan da: hortik aurrera harremanak zuzenean gaztelaniaz. Eta halaxe da: ilobak azaldu duenez, ehunka ikasle dauden ikastetxe horretako patioan ez du hitz bat ere euskaraz entzuten; euskara ikastetxean lan egiteko hizkuntza (baino ez) da.

Ondo begiratuta, zelako esaldi indartsua bere soiltasunean. Zenbat gauza adierazten duen. Besteak beste gazte horien artean ohikoa eta naturala gaztelaniaz hitz egitea dela –euskaraz jakin arren– baita testuinguru horietan ere; bestela jokatzen baduzu, negatiboki nabarmentzen ari zara. Eta ez baduzu dagokizuna egiten, zure berdinkideek egin beharrekoa gogoraraziko dizute. Sorpresa ere adierazten du galderak: nola da posible euskaraz egitea gaztelaniaz jakinda? Labur esanda: hezkuntza sisteman euskara ikas/irakastean inbertitutako esfortzua hezkuntza sisteman bertan gelditzen da; gazte horiek ez dute geletako ormetatik ateratzen.

Ilobak bere amari kontatu dionean, amak ez du jakin zer esan. Iruditu zaio semea ia baimena eskatzen ari zitzaiola. Edo absoluzioa. Gaztetxoak etxeko diskurtso ideologiko-filosofikoa ezagutzen du eta barneratuta dauka, baina nerabe baten helburu/ardura nagusia kideekin bat etortzea da, “enkajatzea” da. Amak pentsatu du mutilak ez duela aukera handirik.

(Ziur asko lagun minak egingo ditu institutuan eta euskararen aldeko jaietara joateko elkartuko dira. Diskurtsoa VS Bizitza: betiko dikotomia).

Zer esango dut euskararen egoera soziolinguistikoari buruz dagoeneko esanda ez dagoena? Neuk ez daukat hitz berririk.

(Ze frustrazio. Ze pena. Ze kezka).

[orijinala hemen, han badira erantzun batzuk - eskerrik asko Amelia]

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago