Teknologia albisteak

Euskaldunok haserre gaude!

Erabiltzailearen aurpegia
Donostiako EHE
2013-07-01 : 13:29
Donostiako Euskal Herrian Euskarazeko kideok "Ezabatu eta Euskaraz Bizi" dinamika martxan jartzea erabaki dugu. Salbuespen egoera batzuk direla eta bertako hizkuntza egoera zapaldu batean dago. Orain arteko gobernuak egoera honetaz jabetu eta beharrezko aldaketak egin beharrean, egoera normaltzat hartu dute, baldintzetara ohitu eta hauek aldatzeko desirarik erakutsi gabe.

Historian zehar euskaldunok asimilatu nahian gogorki zapaldu dute bertako hizkuntza, honen adibide garbia, duela gutxi gertatu zen frankismoa dugularik. Gaur egun jende gehienak gertaerok gaitzesten baditu ere, gaitzestea bakarrik ez da aski, arazoari errotik heldu behar zaio. Ez da nahikoa injustizia bat gaitzestea; honen kalteak konpondu behar dira lehenik, eta ondoren, berriro gerta ez dadin neurriak hartu behar dira. Guk oraindik ez dugu arazoa konpondu ere egin.

Egoera normaltzat hartu eta bere horretan mantentzeko elebitasunaren diskurtsoa erabiltzen dute askok, egungo egoera hau opari bat balitz bezala irudikatuz. "Bi hizkuntza jakitea aberasgarria da" esaten dute, eta ados gaude. Errealitatean ordea euskaldunok gara elebidunak: erdaldun elebakarrek bertako hizkuntza baztertzen dute (elebitasun faltsua beraz). Baina egoera honen atzean euskaldunok ere badugu erruaren zati bat: erdaldun elebakarren jokoan erortzen gara maiz, 7 euskaldun + 1 erdaldun = 8 erdaldun ekuazioa onartuz. Egoera horren aurrean intsumiso izan eta egoera bera aldatzea, gure esku dago!

Honez gain, badakigu bi hizkuntzak ikasten direla esaten dutenek, gezurra esaten dutela. Gaur egun Donostian, berez "hiriburu euskaldunenean", 10 100 ikasle ari dira erdal ereduetan ikasten. Zein arazo eduki dute ikasle hauek bertako hizkuntza ikasteko? Zein diktadurapean egon dira?

Iruzurraren diktadura da oraingoa! Milaka ikasle urtero bertako hizkuntza jakin gabe ateratzen badira, beti egongo gara arazo berarekin, konpondu ezinik. Hau gutxi balitz, Wert-ek egoera are okerrago jarri nahi du orain bere inposizio berriekin.

Honekin batera, euskalduntze esfortzu ezaren isla garbia da hizkuntza paisaiarena (seinaleak, errotulazioa, iragarkiak...). Penagarria da oraindik gure kaleetako hizkuntza paisaia nagusiki erdalduna izaten jarraitzea. Seinale batzuetan "San Sebastian" bezalako hitzak agertzea dugu honen adibide garbia. Bertako hizkuntzan den Donostia jarriz gero jendea galdu egingo al da? Errazagoa al da gizakiontzat "San Sebastian" hitza ikastea? Guztiok dakigu zer den Donostia; beraz, ez dago "San Sebastian" hitza aipatu beharrik. Hau erabiltzeko aitzaki bezala turistak erabiltzen badituzte ere, turistentzat gauza bera da izen bat ala bestea ikastea: hain zuzen ere, Donostia zer den oso erraz ikasten dute turistek (benetan arduratzen gaituen arazoa turistak badira). Gaur egun kanpotarrek izen erdalduna erabiltzea, ezagutaraztera hau eman izan delako da; hori da errotik aldatu beharreko benetako arazoa.

Aipatutakoak arazo gutxi batzuk besterik ez dira zoritxarrez. Penagarria da gu ibili behar izatea estatuarena izan behar lukeen lana egiten, baina egin behar dutenek ez badute egiten, guk egin beharko dugu. Honenbestez hau guztia salatzeko, ezabatu eta euskaraz bizi dinamika abian jartzea erabaki dugu Donostiako Euskal Herrian Euskaraz-eko kideok.

Erantzun

Sartu