Teknologia albisteak
2

15 autoeskola gehiagok ematen dute aukera gidabaimena euskaraz ateratzeko

Erabiltzailearen aurpegia
HPS - Munduoro
2012-12-21 : 09:10

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Herrizaingo Saileko Trafiko Zuzendaritzarekin lankidetzan, gidabaimena euskaraz ateratzeko ekimen berria aurkeztu zuen 2011ko udan. Une horretan 50 autoeskola zeuden ekimen horren barnean, eta egun 65 dira, 15 autoeskola gehiago, hain zuzen.

'Euskaraz badu halako punttu bat' izeneko kanpaina aurkeztu zuen HPSk 2011ko uztailean, gidabaimena euskaraz ateratzeko ekimen berria, hain zuzen. Aurkezpen egun horretan, guztira 50 autoeskolak eskaintzen zuten gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera Euskal Autonomia Erkidegoan; 50 autoeskola 96 bulego ezberdinetan banatuta. Kopuru horretatik, 25 autoeskola Gipuzkoakoak ziren, 24 Bizkaikoak eta bakarra Arabakoa.

2012an, berriz, kopuru horrek gora egin du eta autoeskola gehiago sartu dira ekimen horren barnean, hau da, autoeskola gehiagok eskaintzen dute gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera: 15 autoeskola eta 34 bulego gehiagok. Lurraldeka banatuta, Araban 2 autoeskolak ematen dute aukera hori; Bizkaian 32k eta Gipuzkoan 31 autoeskolak.

Autoeskola horietan ikasleek Trafikoaren araudia euskaraz, multimedia programa erakargarri bat eta azterketa eguneratuez osatutako CDa izango dituzte eskura. Haien zerbitzura propio prestaturiko irakasle euskaldunak ere izango dituzte.

Hortaz, baliabide teknikoak eta pertsona aproposak daude nahi duen orok prestakuntza akademikoa eta azterketa euskaraz egin ahal ditzan. Nolanahi ere, momentuz behintzat, prestakuntza akademikoa eta B gidabaimenaren azterketa teorikoa ateratzeko aukera izango da soilik. Azterketa praktikoari dagokionez, oraindik Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak bere azken erabakia eman behar du, baina berandu baino lehen azterketa praktikoa ere euskaraz egin ahal izango dela espero da.

Ekimen honen ikasmateriala banatuta dago partaide diren EAEko autoeskola guztietan, udal kiroldegi eta gizarte-etxeetan, euskaltegietan eta gazte informazio bulegoetan, ikastetxeetan eta unibertsitateetan.

Erantzunak

2012-12-21 : 11:10

"Beste 15 autoeskolek ere ematen dute aukera..." hobeto, ezta?

2012-12-21 : 16:21

Zuzentzen hasiz gero, ondo zuzendu: "Beste 15 autoeskolAk ere ematen dute aukera...".

Erantzun

Sartu