Teknologia albisteak
1

Kaikuk dio ez duela euskararen erabilpena salatu, 'Euskal Herria' markak benetan jatorria izendatzen duen egiaztatzeko eskatu zuela baizik

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-09-07 : 22:02

Atzo eta gaur albiste bihurtu den gaian (salaketa bat kooperatiba batek euskaraz bakarrik etiketatu dituelako esne kaxa batzuk) Kaikuk dio ez dela euskaraz hutsezko etiketena Euskal Herria Esnea marka salatzeko motiboa, baizik eta "Euskal Herria" izena benetan bertan ekoitzitako esnearekin bat datorren, jatorria egiazkoa ote den alegia. Baina eskaera horren ondoren, Eusko Jaurlaritzako Elikagai Kalitaterako Zuzendaritzak tramitaturiko agiririetan ikusten da, Zuzendaritza horrek, jatorria egiaztatzeaz gain, euskarazko etiketen kontuari erreparatu ziola, oker zegoelakoan beraien ustez, eta beraien kabuz, ematen duenez.

Leire Narbaizak jakinarazi du Kaikuk erantzun diona, idatziz gaur kexa azaldu ondoren:

Kaikuk ez du Euskal Herria esnearen ontzietan egiten den euskararen erabilpena salatu. Kaikuk bere oinarria dela eta, euskal kultura eta baloreak betidanik bultzatu ditu eta ala ikusi daiteke gure produktuen ontzietan, Ikastolen Elkartearen alde egiten diren ekintzetan, kirol ekitaldietan. Are gehiago, oso garrantzitsua da euskararen erabilpena gure lan giroan eta filosofian.

Kaiku Kooperatibak Eusko Jaurlaritzari “Euskal Herria esnea” proiektuaren egiatasunagatik galdetu dio, kontsumitzailearengan iruzurra suposatu ahal diolako susmatuz. Iruzur honen jatorria “Euskal Herria” izenaren erabilpenean dago, Kaiku Kooperatibak Euskal Herriko lurralde historikoen esnearen p batzen du eta. Gainera Kaiku esnea Euskal Herrian ontziratzen eta saltzen den esne UHT bakarra da.

Horregatik, Kaiku Kooperatibak Eusko Jaurlaritzari egindako kontsultak ez dauka beste helbururik kontsumitzaileei heltzen zaizkien mezuen egiatasuna bermatzea baizik.

***********

Era berean, Kaikuren webgunean ohar bat agertzen da. Eta hala dio:

Donostia, 2012ko Irailak 7. Kaiku Corporación Alimentariak guztiz ezeztatzen du salaketa aurkeztu izana Euskal Herria Esneari bere tetrabrikak Euskeraz bakarrik idazteagatik.

Kaikun, gure jatorriagatik, beti bultzatu izan dugu gure kultura eta bereziki gure hizkuntza, Euskera.

Kaikuk egindako ekintzak Euskera laguntzeko ugariak izan dira bere historian zehar. Hara hor euskeraren erabilpena gure produktuen etiketadoan , eta Ikastolenganako eta euskara bultzatzen duten ekintzetan emandako laguntza.

Kaikuk, bere produktuen salmentari esker, orain duela 50 urte baino gehiago hasitako abeltzainen garapena bultzatzen du.

Euskal-herriko abeltzain gehienen esnea kontsumitzaileei heldu araziz, horrela jatorria ziurtatuz.

Jaurlaritzari ze salaketa gutun bidali zioten ere argitaratu du Kaikuk. Hemen dago dokumentu hori.

Baina era berean, Kaikuk hori eskatu arren Eusko Jaurlaritzako Elikagai Kalitaterako Zuzendaritzak tramitaturiko agiriak ere publiko egin ditu gaur Berriak egunkariak (PDF dokumentua), eta horietan ikusten da, Zuzendaritzak jatorria egiaztatzeaz gain, euskarazko etiketen kontuari erreparatu ziola. Bere kabuz, ematen duenez.

Erantzunak

2012-09-08 : 10:41

NIk kontu honetan hau ikusten dut:

1.- Kaikuk eta Iparlat-ek Euskal Herriko esnearen monopolioa nahi dute.

2.- Hori lortzeko, prezioen politika ezarri dute, non gutxi ekoizten duten baserritarrei litroa oso prezio baxuan ordaintzen dioten, eta asko ekoizten dutenei prezio duinagotan. Horren ondorioz, baserritar askok esnea ekoizteari utzi diote.

3.- Honi buelta eman nahian baserritarrek sortutako Euskal Herria Esneari Kaikuk eta Iparlatek trabak jartzen saiatu dira, hemen dagoen ontziratze lantegi bakarra (Urnietan) haien esku dagoelako. Kaikuk eta Iparlatek ez dute esne hori ontziratu nahi, eta horregatik Euskal Herria Esneak eramaten du hemengo esnea Soriara han ontzira dezaten.

4.- Kaikuk eta Iparlatek sortutato egoera hau baliatu du Kaikuk Euskal Herria Esnea salatzeko. Bai, haiek sortutako egoera erabili dute gero salatzeko... oso inteligenteak. Salaketan bertan, hauxe eskatzen da (espainol dotorean): "soïicitamos al Gobiemo Vasco realicen una revisión de la comercialización de dicho producto y del cumplimiento de la normativa en *materia de etiquetado* y trazabíïidad de producto." Bai, "en materia de etiquetado"... esan gabe esan dute, ez dagoela ondo etiketatua (euskaraz dagoelako, ezta?

5.- Kaikuri, antza, diruari baino ez zaio inporta. Monopolio bat eratzeaz gain (hemen dagoen ontziratze planta bakarra haiena da), baserritarrei baldintza duinak eman nahi dion beste proiektuari salaketa jartzean argi utzi dirua baino ez duela buruan.

Ondorioz, nik aspaldi erosten ez ditudan Kaikuren produktuak ez erosten jarraituko dut. Tokian tokiko ekoizle txikiei erostea gomendatzen dut. Nik, Donostiako izanik, Igeldoko Esnea erosten dut, eta produktu elaboratuak behar ditudanean, Leaburuko Mahala baserriko produktuak.

Erantzun

Sartu