Kaixo lagunok:
Mezu honetan bidaltzen dizkizuegu gaur Errenterian buruturiko sozioekonomia mintegian landu ditugun gaiak. Dokumentu honekin, Euskal Herriko alternatiba sozioekonomikoaren inguruko eztabaida indartu nahi da. Hilabete batzuk barru, Ezker Abertzaleko antolakunde eta oinarri sozialarekin batera egindako hausnarketaren ondoren, Ezkerretik Bilduz ekimenak eztabaidaren ondorioak plazaratuko ditu. Eskertuko genuke dokumentu honi hedapena emango bazeniote.
Mila esker!
1. SARRERA
Aspaldi honetan (hogei bat urtez) kapitalak historia osoan eta planeta guztian eraginiko erasorik gogorrena nozitzea egokitu zaigu herritar xumeoi. Euskal Herri eta mundu zabaleko langileriak orain arte bizirik zeuzkan erdiespen urriak egun, betirako eta erabat suntsitzeko zorian Marxen pentsamenduan oinarri harturiko klase-borrokei esker lortu genituen.
Azken berrehun urte honetan kapitalismoak sekulako produkzio-indarra sortu du. Egungo kapitalismoa, neoliberala, finantzen desregularizazioak eskaini dizkien erraztasunetan euskarri izanik sortu diren monopolio jeneralizatuen kapitalismoa da. Bestela esateko, dagoeneko monopolioak ez dira uhartetxoak enpresa autonomo xamarren itsasoaren erdian; aitzitik, produkzio-sistema guztiak erabat kontrolpean dituen sistema integratua osatzen dute eta horietan finantza-sistemaren bitartez sartzen da, botere ekonomiko horri esker botere politikoa kontrolatuz eta bere zerbitzura ezarriz. Enpresa txiki eta ertainak are oligopolio hutsak ez diren korporazio handiak ere monopolioak ordezkatzen dituen sarearen kontrolpekoak dira.
Kapitalismo globalaren produkzio-sistemak kontrolatzeko egiten den eskakizun multzoa "globalizazioa" bataiatu dute. Baina hori inperialismoaren beste fase bat baizik ez da.
Desoreka ekonomikoak metatze hutsaren ondorioz erregimenik ez da kolapsatu gaur arte. Sistema sozial baten iraupena edo erorketa determinatzen duena, klase menderatzaile eta menderatuen inguruan antolaturiko herritarren eginbide politikoa da. Lehengokoek uste zuten kapitalismoaren iraupenak eta garapenak muga ekonomikorik ez zutela baina hori hamaikatan gezurtatu da: erregimen hori suntsituko duena ez da merkatuen ahitzea edo plusbalioaren eskasia, egiazko proiektu politiko sozialista bat heltzea baizik.
2. KAPITALISMOA MUNDU ZABALEAN: ZIRRIBORROA
Industria, finantzak, zientzia eta teknologia izugarri hazi direnez, egun, jabetza pribatuaren, menderatze-markoen eta Estatu nazionalaren muga estuen barruan ezin dute iraun, orain arte bezala: horren agerpena baizik ez da krisi latz hau. Ez da arazo xumea, inondik ere: hortxe ikusten da metatze kapitalistak, bere dialektikaz baliatuz, nola sortzen dituen krisialdiak eta lehengo produkzio-indarren suntsialdiak eta, horrenbestez, gainestrukturaren transformazioa.
Kapitalismoak ez du amaituko (arrazoi ekonomiko hutsengatik) gelditze-estadio batean; izan ere, krisialdi ekonomiko iraunkor edo irteerarik gabekorik ez dago. Langileriak produkzio-modu kapitalistarekin amaitzen ez badu, kapitalismoak bilatuko du metatzea berriro osatzeko modua eta produkzio-indarrak ostera ere garatzeko bidea (horrelakoetan inperialismoak berebiziko rola jokatzen du).
Aspektu batzuek lehiakideen arteko gerra hotzaren antzeko zerbait iradokitzen dute, hau da, elkarren aurkakoak diren potentzien arteko zeharkako enfrentamenduak, bigarren mailako aktoreek protagonizatzen dituztenak, baina horrek ez digu begia errealitatetik desbideratu behar: botere ekonomiko eta politikoa Mendebaldetik Ekialderantz doan heinean, nazioartean etsaigo berriak agertuko dira eta gatazkak erregionalizatuko dira, ezinbestean. Krisiak aurrera egin eta inperialismoen arteko gatazkak areagotu ahala, gerra asimetrikoa geroz eta garrantzi handiagoko jarduera-faktorea izango da, dudarik gabe.
Krisi kapitalistaren eta inperialismoaren teoria marxista, sozialista eta libertarioen eraginez sistema arrailtzen, zartatzen ari da bere sustrai sakonenetatik. Prozesu horien testuinguru orokorrean, baliteke Estatu burgesaren ahulezi une edo aldi sozio-politikoak gertatzea; autore batzuek "kate kapitalistaren kate-begi ahul" deitzen dituzten egokiera horietan oso litekeena da Estatu burgesa arrailtzeko baldintza objektiboak sortzea eta, ondorioz, aldaketa sozioekonomikoa eragiteko iraultza-prozesuak garatzea ere.
3. IBILBIDE HISTORIKOA
XIX. mendearen bigarren erdian, bere burua inposatzeko, euskal kapitalismoak atzerriko armaden esku-hartzea eskatu behar izan zuen. Euskal Herriko burgesia bere iraultza egiteko gauza izan ez zenez, espainiarren laguntza onartu behar izan zuen, bertoko erresistentzia zanpatzeko. Lehenengo iraultza industriala Ingalaterran lehertu zen XVIII. mendearen erdialdean eta XIX.ean beste hainbat herrialdetara hedatu zen; Estatu espainolera berandu iritsita, Hego Euskal Herrian eta Katalunian ia bakarrik finkatu zen. Hemen, egoera berriak ateak zabaldu zizkion kapitala metatzeari eta, ondorioz, armagintza, ontzigintza eta burdingintzaren garapenari eta Espainiaz haragoko merkataritzari.
XX. mendearen lehen erdian, produkzio-harremanen hedapen prozesuak klase sozialen antagonismoak areagotu zituen. "Klase sozialak gizataldeak direnez, horietako bat bestearen lanaren jabe egin daiteke, ekonomia sozialeko erregimen jakin batean postu desberdinak betetzearen ondorioz". Horrela sartu ginen XX. mendean. Hego Euskal Herriko burgesia Estatu espainolean finkatu zen eta era guztietako erresistentzia zapaltzen segitu zuen, horretarako biolentzi modu guztiez baliatuz (are 1936ko matxinada bera ere). Baina euskal nortasunaren kontzientzia eta klase kontzientzia aurrera zihoazen, bat egiterantz. Heltze sozio-politikoko prozesu hura XX. mendearen lehen heren osoan landu eta EAE/ANV alderdia mamitzean loratu zen. San Andresen agiria onestea izan zen PNV alderdiaren nazionalismo klerikal, burges eta baztertzailearekiko lehen haustura. Gutxienekoen programa onetsi zen 1936ko Kongresuan eta horrela jaio zen Euskal Herrian indar politiko batek bultzatu duen estreinako programa aurrerakoi eta abertzalea. Horrela jarri ziren Euskal Herriaren askapen nazional eta soziala lortzeko oinarri ideologiko eta programatikoak.
XX. mendearen bigarren erditik aurrera, ugalduz zetorren langile kopuruak, sindikatuen bultzada hazkorrak, kultura alorreko borrokek, geroz eta ugariagoak bihurtu ziren erakunde klandestinoek borroka-fronteen artikulazioa ekarri zuten denek.
Maila praktikoan, diktadura frankistaren kontrako jarduerak, klandestinitateak, langile mugimenduak eta kanpoko eragin ideologikoek Mendebaldeko Europan parekorik ez zuen antolakunde politiko-militar berri baten garapena ekarri zuten epe motzera.
1960 - 1975 urteetan, borroka instituzionalek, alor politikoan eragina zuten borroka sozial edota sindikalek, gauzak aldatzea aldarrikatuz, gizarte-mugimenduetan lanean ziharduten erakunde politiko legezko eta klandestinoek eta objektibo jakinei erasotzen zieten erakunde armatuek Estatu zaharra amilarazi zutenez, honek erreforma ekarri zuen, presaka eta korrika ekarri ere. Erreforma hari gutxik eman zioten ezezkoa, oso gutxik segitu zuten hausturaren aurkako borrokan.
1975 - 1980 urteek nazio eta klase-kontzientzia erabat indartu zuten. Sistema kapitalistak behin eta berriz nozitu zituen krisiek nazio eta klase eskubideen aldeko borrokak ugaltzen eta areagotzen lagundu zuten.
Biztanleria aktiboa 1975 urtean:
Hego Euskal Herrian 1975ean 35.400 langabetu ziren, hots, biztanleria aktiboaren %3,5; 1993 urtean, 209.600, hau da, %23.
1975etik 1980 arte, bai Estatu espainiarrak, bai euskal erakunde politikoek, indar-agerraldiak etengabe egin zituzten. Hona haietako bat, Nafarroako 34 udalerrik hitzartuta: Ez dugu onartuko Nafarroa Hego Euskal Herritik bereiztea Aldi Baterako Erregimenaren eraginez".
Helburu bat erdiesteko borroka plegu guztien sinbiosia Lemoizen gorpuztu zen: erresistentzia pasiboak eta aktiboak elkar osatu eta emaitza arrakastatsua lortu zuten. Arrakastatsuegia: formula hura arriskutsuena eta lehenbailehen suntsitu beharrekoa zela adierazi zuen luze gabe Estatu espainiarrak.
1980-1990 urteak: tortura, herritarren desagertzeak, legez kanporatzeak.
Baita sistemaren eta Estatu espainolaren aurkako hausturaren inguruan indarrak metatzeko urteak ere: Estatuak euskal prozesuaz zuen kezka behinena "helburu politikoak lortzeko xedez, borroka-metodoak konbinatzea" zen, hain zuzen.
Mugimendu eta erakunde politikoen helburu komunak eta borrokako batasuna hausteko, Estatuak hamaika formula erabili zituen alferrik, gehienetan, arrazoi hauengatik:
Panorama politikoa nahasiago bihurtu du langileen egoerak.
Behin-behineko soldatapekoen eboluzioa:
1990 2000: Erresistentzia aktiboaren eta pasiboaren kriminalizatzea
Aurreko garaietan intsumisoekin gertatu bezala, oraingoan ideia politikoak sartu ziren kartzelan: ordezkari politikoak, kazetariak, herri-mugimenduetako militanteak denak jarri zituzten giltzapean.
Hori, jakina, lehenago ere gertatua zegoen baina orain errepresioak sekulako indarra hartu zuen, geroago azalduko zen indar-erlazioen aldaketaren seinale.
1993 urtean, gazteen %40 langabeturik dago, gurasoen babespean bizi da (gure famili gizarteak eta laguntza sozialak bere-berea dute hori).
Langileen borroka ugaltzen ari da eta sindikatu estatalistak atzeraka hasi dira.
Tomás Tueros CCOO sindikatuko idazkari nagusiaren hitzak: Ezinezkoa da klaseko sindikatu abertzalerik izatea, nazio-problematika klase-arazoaren aurrean ipintzen denean sindikatu abertzale izaterik ez dagoelako".
Bai alor sozialean, bai nazionalean, garapen gorabeheratsua izan dugu baina, bata bestearekin elkarturik, maila ertainera iritsi gara.
Ikusten denez, 2000 urteari amaiera eman diogu indar-erlazioa aldatzeko aukerarekin, hots, erakundeak herritarren ugaltzeari esker eraldatzeko aukeratik gertuago gaude.
2000 urtetik aurrerakoa aski ezagun eta berria denez, ez dugu jorratuko. Laburbilduz, herriaren parte bat "herritar" eskubiderik gabe kondenatu zuten beren aurrekontuak salbatzeko, naturaz kontrako hitzarmena eginez ere. Egungo prozesuari hasiera eman zitzaion.
Hauxe da borrokan aritu diren hainbat belaunalditako euskaldunek fronte guztietan eraiki dutena: instituzionalean, gizarte-mugimenduen frontean, langileen fronte edo sindikalean, politikoan eta armatuan. Fronte horietako bakoitzak izan zuen bere garaia, bere errealitate konplexua eta bere bide-saria, ordaindu beharrekoa. Faktura hori prozesuaren garapenean jorratu beharko dugu, derrigor.
4. NEOLIBERALISMOA EUSKAL HERRIAN
Europar proiektua (UE) sistematikoki diseinatu eta sortu zen helburu nagusi batekin: herritarrei botere demokratikoa egikaritzeko ahalmena erauzteko. Europar Batasuna monopolioen protektoratutzat eratu zen. Euro zona loratzeak eta monopolioen irabazpenen azpian ezartzeak egiazko demokraziaren suntsipena ekarri dute: orain fartsa bat baizik ez da, hamaika zomorroz janzten dutena.
Bizi dugun une historiko honetan konpromiso sozial bat bilatzea ez da posible. Iraganeko garai batzuetan gerraostean, kapitalaren eta lanaren arteko konpromiso soziala, Mendebaldea, Estatu sozial bati zegokiona, sozialismoa Ekialdean, proiektu nazionalista eta herritarrak Hegoaldean, etab. horiek mundu zabalean oreka soziala ahalbidetu zuten baina une historiko hau ez da hura, jakina.
Baldintza horietan, defentsazko erresistentzia-estrategiak ez dira eraginkorrak eta, areago, inoiz, derrota estrategikoa ondorioztatzen dute. Kapital monopolistak adierazitako gerran langileek eta herriek egingo dituzten borrokek erasora pasatzeko aukera eman behar diete.
Arazoa ez da gehiegizko produkzioaren eraginez iristen den endekapena, produkzio-modu honen berezko joera suntsitzaileak baizik. Astinaldi horiek herrien kontrako eraso bihurtzen dira, erreakzioak eta erresistentzia sozialerako joera nabarmena sortaraziz. Borroka horren araberakoa izango da gizartearen etorkizuna. Klase esplotatuek beren aukera politikoa sortzekotan, kapitalismoaren suntsipen bidean urratsak egin ahal izango dituzte. Alternatiba hori gorpuzten ez bada edo arrakastaz loratzeko biderik topatzen ez badu, ordea, sistemak bere burua birsortu eta indartuko du behin eta birritan.
Bukatzeko, denok dakigun zerbait adieraziko dugu: geure gobernu-tresnak ez edukitzeak markatzen du gure egoeraren orainaldia. Egungo marko juridiko-politikoak bere horretan segitzeak, herri garen aldetik, geure politika ekonomikoa egitea galarazten digu.
5. EUSKAL PRODUKZIO-INDARREN GARAPENA
5.1. PRODUKZIO-BIDEEN JABETZA
Ongizatearen estatuaren desegitea eta ekonomiaren pribatizatze jeneralizatua batera etorri dira, argi dago. Etekinak sortzen zituzten Euskal Herriko produkzio-enpresa estatal estrategiko guztiak itxi dira edo enpresa-korporazio handiei saldu zaizkie, esku pribatuetan gestio egokiagoa izango zutela argudiaturik.
Estatuari esku-hartze ekonomikorik egiteko aukera guztiak kendu zaizkio; kapitalaren beraren premien arabera bakarrik jarduten du, sistemak sortarazten dituen tamalezko ondorioak bideratuz, bultzatuz edo ezkutatuz bakar-bakarrik. Estatuek, egun, beren burua finantzatzeko bi aukera dituzte: zergen bitartez dirua bildu edo, bestela, nazioarteko merkatuetan zorpetzea.
5.2. PRIBATIZAZIOAK, ESPEKULAZIOA ETA DESLOKALIZAZIOA, INBERTSIOAREN AURKA
Produkzio-enpresen pribatizazioa, jakina, hainbat eskubideren (etxebizitza, osasungintza, hezkuntza ) erabateko galerarako bidean eginiko lehen pausoak izan dira.
Bistan da: sektore pribatuak errentagarritasun handiena lehenbailehen lortzea helburu behinena duenez, inbertsioak kanpoan egingo ditu kostuak merkatzeko eta kapitalarekin espekulatzeko, hori diru-bidea baldin badu. Bestetik, enpresen inbertsio-dinamikak argi erakusten du nolakoa den bertoko burgesia: 1993 eta 2008 artean, oparoaldi ekonomiko neoliberala puri-purian, euskal kapitalismoak 51.000 milioi euro inbertitu zituen atzerrian; Euskal Herriko mugen barnean, 12.000 milioi.
Finantza sektorean, berriz, hazteko aukera omen zuten aurrezki kutxak banku bihurtu dizkigute, kapitalen nazioarteko zirkuituetan sartuta.
5.3. ATZERATZE TEKNOLOGIKOAREN ARRISKUA
II. Mundu Gerra ondoko hiru hamarkadetan indarrean egon zen fordismoaren produkzio-egituraren euskarria, hein handi batez, milaka esku-langilek ziharduten produkzio-enpresa bertikal erraldoiak ziren.
Fordismo ostekoa, 60etako hamarkadatik indarrean, elkarrekin koordinaturiko enpresa txiki eta ertainek (bezeroaren neurrirako produkzioa, informatizatua dutenak) osaturiko sareak eta zerbitzu sektorearen nagusitasuna dira.
Laburbilduz, esan dezagun ekoizpen-dibertsifikazio eskasean, PYME eta industri sektore tradizional gehienetako teknologiaren hobekuntza urrian eta, Europar Batasunaren eta mundu-merkatuaren erronken aurrean, industriaren ahulezian dautzala euskal ekonomiaren defizitak.
Teknologia ertain eta apaleko sektoreak dira industri estrukturan ugarienak. Energi baliabideak era intentsiboan darabiltzate eta horrek, epe luzera, enpresa horien errentagarritasuna auzitan jarriko du.
6. FAKTORE OBJEKTIBOAK ETA KONTZIENTZIA SUBJEKTIBOA
6.1. BURGESIA ERREGIONALAREN UKO EGITEA
Euskal kapitalismoaren ahuleziak ikusi ditugu, merkatu-bide nazioartekoetan txertaturik bizi den eta bai barnean, bai kanpoan, maniobratzeko geroz eta gaitasun gutxiago duen ekonomia horren errealitatea mahai gainean ezartzean.
Espainiar eta frantziar indar militarrek (baita bertoko polizia autonomikoek) babesturik eta Euskal Langileriaren gainean muntaturik, hortxe doa bloke burges erregionalista urria, gizarte klase bizkarroi hori, etekin handiena eperik laburrenean lortzea ez den beste etikarik ez duena.
Klase horrek, berez, ez du aberririk, kapitalak ahal duen leku denetan guztia suntsitzen baitu baina, interes oportunistak direla medio, bere desnazionalizazioa euskal folklorismoz zipriztinduriko jantzi espainiarrekin mozorrotzen du.
Herri bat sortzeari uko egin zion euskal burgesiak baina, bere klase-interesak zainduz, Hego Euskal Herrian botere zentralarekin kolaborazionismoz jardun du. Ipar Euskal Herrian ez da existitzen euskal burgesiarik (ezta beharrezko edo ezinbesteko indar gisa ere) baina abertzaletasunaren oinarriei erasotzeko xedez, frantziar Gobernua xaxatu ohi dute maiz. Madrileko itzalean noiznahi, tenkadura eta nahigabeen indar bideratzailea da, azkenean, indarrak sisteman txertatzeko. Euskal burgesia osoak, ordea, ez du pisu espezifiko berdina, ezta ordezkaritza sozial berbera.
Hegoaldeko kapitalismo autoktonoa garatzeko marko politikoa Autonomi Estatutua izan da EAEn; Nafarroan, Hitzarmena. Biak gainditurik Ezker Abertzalearen borrokaren eraginez eta horien muga eta hipotekak agerian utzi dituen krisi ekonomikoaren ondorioz,Estatu espainolari beste erronka bat heldu zaio. Horri aurre egiteko nahitaezkoa izango du PNV eta UPN alderdien kolaborazioa.
6.2. LANGILEEN BALDINTZA MATERIALAK
Ezkerreko subiranotasunak hegemoniarik iritsiko badu eta, aldi berean, proiektu erregionalista edo autonomistaren eta sozialdemokraziaren muga estuak agerian utziko baditu, bi ardatzen inguruan, bederen, aritu beharko du: nazio alorrean indarra erakustea, batetik, ezker abertzalearen posizioetara burgesia txiki eta ertaineko sektoreak erakartzeko (horientzat, egungo testuinguru historikoan, eskaera horrek are eta adiera ekonomiko eta politiko handiagoa hartzen duelako) eta, bestetik, alor sozialean ere jardutea, langileriari dagozkion edukiak jorratuz eta landuz.
Burgesia nazionalista txiki eta ertaineko sektore horiek gabe nazio-emantzipazioa nekez erdietsiko dugula esan dugu baina espainolismoaren mendetasunetik hertsieneko langile sektorerik gabe ere ezinezkoa izango zaigu aurrera egitea, ez nazio alorrean, ezta sistemari bestelako aukerak bilatu eta garatzeari dagokienean ere.
Bestetik, abertzaletasun edo esentzialismoan soilik diharduten euskal herri langilearen sektoreei ulertarazi behar zaie, egungo egoera honetatik irten nahi badugu, estrukturazio ekonomiko zuzenago baterako bidean aurrerapausoak egin behar ditugula, ezinbestean. Abertzale huts izatea ez da aski justizia soziala bermatzeko. Askapen sozialerako bidea hartzen badute, ordea, nekez itzuliko dira burgesia erregionalistaren artegira.
Ez dago klaserik kontrajartze antagonikorik gabekorik, ez dago subjektibotasun historikorik etsaiarekiko (kapitalarekiko) kontrajartze eta enfrentamenduzko politika aktiborik gabe.
Hauxe da ezker abertzaleak eginiko ekarpen teoriko-praktiko behinena; teoria horri esker, gure helburuak lortzeko bidean aukera emango digun eszenatoki soziopolitikoaren definizioa ahalbidetzen ari da; izan ere, bidea leunduko da, gure borroka-historiarekin eta egungo baldintza sozioekonomikoekin koherentzian, lan-ildo taktiko-estrategikoak taxutzen asmatzen badugu.
6.3. DEKONSTRUKZIOA
"Europako Konstituzioak" eta Europar Banku Zentral fikziozko horrek ezarritako arauen aurrean "intsumiso" agertu behar dugu, hau da, europar erakundeak eta euroaren zona eraitsi eta bestela eraikitzea, ez dago beste aukerarik. Horixe da ezinbesteko baldintza, herri eta nazioek osatuko duten "bestelako Europa" hori eraiki nahi badugu.
Proposamen hauekin batera, NATOtik irteteko beharra hartu behar da kontuan. Gure herriak mundu-bakeari eta nazioarteko elkartasunari egin diezaiekeen ekarpenik behinenetako bat izango da hori. Libian egin berri duten gisara, Sirian eta Iranen egin nahi duten bezala, haserre eta gatazka, kaos eta suntsipena hedatzen segitzea ezingo diegu galarazi baina gure laguntza, behintzat, ez dute izango.
6.4. KONTRABOTEREA eta BOTERE BIKOITZA
Estatua, boterea egikaritzen duen klase sozialaren botere politiko eta sozioekonomikoaren instituzionalizazioa da eta gizarte osoaren aurrean klase hegemonikotzat edo gizartearen zati hegemonikotzat altxatzen da, bere klase sozialaren baitatik.
Hortaz, Estatuaren izaera sozial, ekonomiko eta politikoaren eta Euskal Herrian okupatzaile aritzearen ondorioz, disidentzia eta kontraboterea ezin egitura daitezke antolamendu eta indar sozial iraunkortzat, agertu bezain laster, finkaturiko botere sozio-politikoek eraso egiten dietelako, era guztietako presioak eragiten dizkietelako. Ez dezagun ahantz, era berean, defentsiba epelean "apalankatuko" den kontrabotereak ez duela luze iraungo: gutxieneko helburu sozio-politikoak ez lortzekotan, horiek garatzeko nahitaezkoa den borondate soziala galtzeko arriskuan legoke, herriak ez bailuke sinetsiko helburu horiek erdiesteko modukoak direla.
Kontraboterearen bizitza erasorako borroka da eta, horregatik, bizi nahi badu bederen, botere bikoitzerako jauzia egin behar du: bai esperientzia historikoa, bai teoria eta praktika iraultzaileak ikusirik, horixe da aukera bakarra.
Aurrera bidean gelditzen den kontrabotere oro ahultzen eta, orain edo geroago, atzeraka hasten da eta beste horrenbeste gertatzen zaie (azkarrago eta eskala handiagoan, ordea) botere bikoitzeko egoerei.
Ezker abertzaleak definituriko kontraboterearen estrategia (botere hartzea), egun, lau frontetan gorpuzten da: 1) borroka ideologiko eta kulturala; 2) langile-borroka; 3) masa-borroka eta desobedientzia zibila; 4) borroka instituzionala.
Aipaturiko borroka-fronte horien testuinguruan, kontrabotere egonkorrena oraingoz borroka instituzionala da, udal eta "goi mailako" erakundeetatik gorpuztua. Erakunde horiek botere bikoitz bihur daitezke eta bihurtu behar dute, bidea irakasteko, kontzientzia harrarazteko, demokratikoki planifikatzeko gaitasun handia dutelako eta, gainera, beren egintza goian aipaturiko fronteen egintzarekin uztartzeko egokiak direlako, objektiboki; izan ere, horien praktika politiko eta instituzionalaren berehalakotasunak aukera ederra ematen die errealitate sozio-ekonomikoari erantzuna emateko.
Arrazoi horiek berak izango dira, ordea, Estatu espainolak eta bere peoi autoktonoek erakutsiko dituztenak, herri erakunde horiek kontrolpe hertsian edukitzeko, beren gaitasun eta eskuduntzak murriztuz edo, areago, ukatuz.
Botere bikoitzaren bereizgarria da botere zapaltzailearen plan garrantzitsuak (urbanismo, ekologia, hizkuntza alorrekoak, kulturalak, sozialak, etab.) bertan behera uzteko gaitasuna eta, batez ere, bide sozio-ekonomiko zinez aurrerazaleak sustatzeko gaitasuna, are jabetza pribatuaren eta Estatuaren indar zapaltzailearen kaltetan ere. Hortxe ditugu, adibideren bat jartzearren, produkzio eta kontsumoko herri kooperatibismoa, herri ondasunak eta enpresak herriarentzat berreskuratzea, toki, nazio zein nazioarte mailako bidezko trukatze-sareak, ekonomia solidarioa, interesik gabeko maileguak, denbora-bankuak, lan sozialeko lekuak, segurtasun kolektibo demokratikoa, amnistiaren aldeko borroka masiboa, etab.
Bide horien euskarria, ordea, ugalduz joango den masa-mobilizazio politikoa izan behar da, langile herria eta, horren barnean, langileria indar zuzentzailea izan dadin. Botere bikoitza aurrera ez doanean atzeraka ari da.
Horrenbestez, boterea hartzean gainditu behar diren goian aipatutako fase horien (goian aipaturikoak) mugak nabarmendu behar ditugu.
7. EUSKAL ESTATUA, PREMIAZKOA
Erreforma eta iraultzaren arteko, gutxienekoen programaren eta gehienekoen programaren arteko dialektikaz ari gara. Aurreko eta oraingo mundu testuinguruak nozitzen ari garen krisi kapitalista eta guzti boterearen errotiko arazoa azalean utzi du. Burgesiaren boterearen aurrean hortxe altxatzen da prozesu berria, herri eta langileriaren kontraboteretik demokrazia sozialistarantz eta bere Estaturantz doana, botere bikoitzetik eta herri-boterean barrena. Botere hartzeaz ari gara, geure Estatu-eredua eraiki ahal izan dezagun.
Formalki subiranoak diren herriek ere, bertako burgesiek inperialismoaren eskuetan ipini duten independentzia ekonomikoa berreskuratu beharra dute; testuinguru horretan, herria babestu nahi duen Estatuak (denek) sozialismo bidean aurrera egin behar du, herri-botereak eta nazioarteko elkartasunak lagundurik. Ez dago beste aukerarik; bestela, kapitalaren hedapenak bere-berea duen desnazionalizazioak irentsi eta "birnazionalizatu" egingo du, egungo berrantolamendu inperialistek sortutako plegu ideologiko eta kultural berrien arabera. Euskal Estaturik izan ezean, Europar Batasuneko estatu periferikoaren itxurako protektoratu ekonomiko bateko eskualde hutsa izango gara.
8. DEMOKRAZIA EKONOMIKORANTZ
8.1. Euskal Herriaren egoera. Euskal Herriaren egungo baldintza objektibo eta historikoak
Antolamendu politiko eta instituzionala. Zatiturik daude zazpi herrialdeak (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoa).
Lehen lauak, Hego Euskal Herrian daude, Estatu espainolaren menpean, erkidego autonomotan (EAE eta NAE) zatikatuak. Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeek ez dituzte administrazio propioak eta Estatu frantsesaren menpean daude.
Antolamendu anakronikoko bi lurralde ditugu, gainera, Trebiño eta Iturrioz; bertako herritarren gehiengoek behin baino gehiagotan adierazi dute Araba eta Bizkaia izan nahi dutela. Lurralde horien existentziak, bertako biztanleei ez ezik, herrialde osokoei ere arazoak sortarazten dizkie "zulo beltz" administratibo modukoak izatearren.
Populazio dentsitatea
Biztanleak, 3.100.000 inguru.
Hegoaldeko dentsitatea: 158,75 biztanle kilometro karratuko
8.2. GUTXIENEKOEN PROGRAMA
Erakunde burgesek bere-bereak dituzten mugapenek ez digute demokrazia ekonomikorako bidean aurrerapausoak ematea galarazi behar, sozialismoaren eraikuntza helmuga hartuta. Alternatiba sozio-ekonomiko bat izatea ezinbestekoa da herri-mugimenduek eta langileriak Estatuaren aurka egingo duen borrokan, eguneroko bizimoduko fronte denetan.
Erdietsiko ditugun lorpen xumeek posizio hobean ezarriko gaituzte erakunde horiek demokrazia sozialista, parte-hartzaile eta asanblearioa egikaritzeko leku aproposa bihurtzeko.
Gogoan izan dezagun, era berean, erreformak ez direla behin ere aski izango, egoera inboluzionatzeko etsaiak duen eskumena deuseztatzen ez dugun bitartean. Herri mugimendu aktibo eta sortzaileak eta langileriak erne eta kritiko mantendu behar dute horrelakorik gerta ez dadin eta, era berean, eztabaida bermatzeko eta aldaketek arian-arian sortuko dituzten kontraesan berriak gainditzeko.
Lehen fasean, ekonomia pribatua mugatu eta murrizten joan behar dugu, kontu estrategiko behinenetan (herri bankua osatzea, energi enpresak sortzea, etab.) eta beste hainbat alorretan (esplotazio laboral eta soziala, genero zapalkuntza, gazteria) armak erauziz, herrian aldez edo moldez gertatzen eta sentitzen diren bidegabekeria guztietara iritsi arte.
Horrekin batera, Euskal Estatu Sozialistarako bideak garatzeko planak mahai gainean ipini behar ditugu: sektore publikoen sendotzea, jabetza kolektiboaren eta udal jabetzaren ugaltzea, ekonomian izan duen rola Estatuari itzultzea horrelako lan zehatzak egiteko planak, alegia.
Adiera horretan, ezker abertzalearen antolamenduaren baitako sektore soziopolitikoak aurkeztu duen proposamen sozio-ekonomikoa abiagune interesgarri eta garrantzitsua da, bertan zehazten diren politika ekonomiko eta sozial aktiboak egokiak izan daitezke atal honetan definitzen ari garen gutxienen programa baten helburu gisa.
Halaz ere, aipatu dugun proposamen oso horretaz hiru kontsiderazio egin behar dira.
Lehen-lehenik, argitu dezagun, horren garapena planteatuz, euskal herriaren askapen nazional eta sozialaren bilakaera sinkronikoaren artean erabateko haustura definitzen den; izan ere, testuinguru sozioekonomiko neoliberal batean (euskal langile-herriaren eskubide sozialekin zuzenago eta ekitatiboagoa bada ere) independentzia eta subiranotasun nazionaleko eszenategian sartzea soilik planteatzen zaigu.
Bigarrenik, lortu nahi diren helburuak kuantifikatzeko beharra azpimarratu nahi dugu. Egoera hobetzeko asmo edo borondate ona erakustea ez da aski; geure helburuak erdiesteko konpromiso zehatza hartu behar dugu, lortutakoa egiaztatzeko eta zenbatzeko irizpideak eta guzti. Lan-metodologia horrekin hertsiki loturik, Euskal Herrian garatzen diren jarduera ekonomiko, sozial, kultural, linguistiko, politiko eta bestelakoen aspektu guztien bilakaera erakutsiko dituzten adierazle nazional sorta bat egitea funtsezkoa eta ezinbestekoa da. Adierazle horiek klase-ikuspegi eta balioen arabera taxutu eta landu beharko direnez, ikuspegi neoliberaletik eratu diren egungo adierazleak ez bezalakoak izango dira eta, noski, politika ekonomikoak martxan jarri eta beren emaitza humanoak neurtzeko aukera emango digute, kultura sozioekonomiko berri baten parametroez.
Azkenik, euskal herritarren eskubide indibidual zibil eta politikoak errespetatuko dituen balizko trantsizio-eszenatoki batean kokaturik, honelako proposamen batek jarduera-programa bat ekarri behar du, egungo egoera sozio-ekonomikoa sortarazi duten erabilera zein espekulaziozko erabaki, nahi edo praktikak gauzatu dituzten eragile sozio-ekonomikoei justizia egiteko. Nabarmen dezagun, adiera horretan, itxiera patronalen, langileen kaleratze masiboen, langileriako sektore borrokalarienen aurkako zapalkuntzaren eta antzekoen (kanporatze ideologikoak, zerrenda beltzak, etab.) ardura sozio-politikoen ikerkuntza eta definizioak duten garrantzia. Beste hitzetan, egungo egoerari benetako ikuskaritza ekonomiko eta soziala egin behar zaio.
8.3 ALTERNATIBA SOZIOEKONOMIKOA. ALTERNATIBA SOZIALISTA.
8.3.1. Sarrera.
Alternatiba sozio-ekonomikoa herri-mugimenduek eguneroko fronte denetan Estatuaren aurka duten enfrentamenduan inplizituki datza, esplotazio laboral eta sozialean, nazio-zapalkuntzan, alor ekonomikoan, genero jardueran, gazteria alorrean... herri osoan aldez edo moldez gertatzen eta sentitzen diren bidegabekeria guztiak, hitz batez. Hortxe du herri-mugimenduak bere sorlekua, hortxe sortzen da era guztietako bidegabekerien ekonomikoa, ekologikoa, generokoa, etab. aurkako borroka.
Kapitalismoaren eta Estatu zapaltzaileen kontrako borrokan herri-mugimenduak eta erakunde politiko guztiek alor teorikoan, politikoan eta praktikoan, bere militantziaren gaitasun kritikoa sustatu eta erabili behar dute. Udal eta gainerako erakundeen gobernuan aurrera egingo den heinean, ordea, herri-mugimenduak eta erakunde politikoek herri-boterea sortzen, eraikitzen joan behar dute, atzerritik inposatu zaizkigun erakunde burgesetatik at edo horiexen kontrako praktika politikoa eta teoria politikoa garatuz.
Herri-mugimenduaren independentzia eta herri-boterearen rola, noski, erakunde burges espainiarrek irents ez gaitzaten bermea izango dugu. Ez dago erakunde aseptiko edo neutralik; horietara jo eta baliatzea beste erremediorik ez dugun arren, geure antolamenduzko independentzia, demokrazia sozialistaren printzipioen arabera zuzenduriko geure herri-boterea bermatu behar ditugu: besteek irents ez gaitzaten, burokratiza ez gaitzaten defentsa-biderik egokiena izango dugu.
Herri-borroka eta langile-, emakume-, gazte- eta era denetako herri-borroken arteko batasunaren indarra izango dira erakunde horietan diharduten herritarrak suspertuko dituztenak, instituzio horiek independentzia eta sozialismorako tresna bihurtzen ditugun bitartean. Hori lortzen ez badugu, langileriari arrotz segituko du botere horrek. Baina lorpen horiek eskuratzeko asmo-hodeietatik jaitsi eta praktika politikoan finkatu beharko ditugu oinak, hots, teoriak praktikan jarri eta egindako praktiken emaitzak aztertu.
Euskal Estatu Sozialistarako bideak urratzeko planak mahai gainean ipintzea. Sektore publikoen sendotzea, jabetza kolektiboaren eta udal jabetzaren ugaltzea, ondasun publikoetan esku-hartze pribatua erregulatzea, euskal banka publikoa sortzea horrelako lan zehatzak egiteko planak, alegia.
8.3.2. ALTERNATIBA SOZIALISTA
Orain, gure txanda da: zertan ahaleginduko garen eta sistema horri zein ildo onartuko ez dizkiogun erabaki eta esan behar dugu.
Erakunde burgesek ezinbestean bere-bereak dituzten mugapenek ez digute demokrazia ekonomikorako bidean aurrerapausoak ematea galarazi behar, sozialismoaren eraikuntza helmuga hartuta. Erdietsiko ditugun aurrerapen txikiek posizio hobean ipiniko gaituzte erakunde horiek demokrazia sozialista, parte-hartzaile eta asanblearioa egikaritzeko leku aproposa bihurtzeko.
Gogoan izan dezagun, era berean, erreformak ez direla behin ere aski izango, egoera inboluzionatzeko etsaiak duen eskumena deuseztatzen ez dugun bitartean. Herri mugimendu aktibo eta sortzaileak eta langileriak erne eta kritiko mantendu behar dute horrelakorik gerta ez dadin eta, era berean, eztabaida bermatzeko eta aldaketek arian-arian sortuko dituzten kontraesan berriak gainditzeko.
Ekimen txiki eta ertainak sortuz, helburua izan behar da ekonomia sozial eta publikoko sarea osatzea, toki-mailatik (Euskal Herria) botere ekonomikoei aurre egiteko gauza izango dena. Auzolan ekonomikoaren (zerbitzu, toki, diruen trukatzea, etab.), elikadura, bertako produktuen ekoizpen, transformazio eta merkaturatzeaz arduratuko diren enpresa kooperatibo eta udal enpresa txikien (edo mistoen), energi ekoizpeneko enpresa txikien, oinarri publiko eta sozialeko komunikazio eta kultura alorreko enpresen mesedetan jardutea, hitz batez.
Bidegabekeria kapitalisten hotsen bolumena jaitsi eta doinu sozialista berriaren bolumena pixkanaka igotzen joateko modua eztabaidan jartzeko ideiak.
Ondasun publikoa ez da bakarrik gastu-atalean sartzen dena, zerga-bilketaren bitartez jasotzen dena. Ondasun publikoak produkzio-sektoreetan egon beharko du; ondasun publikoaz aritzean, gizarte horren garapen ekonomiko eta soziala bermatzeko estrategikoak diren produkzio-bideen jabetasunean ezarri beharko diren udal jabetzako ondasunez ere ari gara.
Nekazaritza eta abeltzaintza alorretako ekoizpena irizpide ekologikoen eta elikadura-subiranotasunaren irizpideen araberakoa izango da.
Eta DESAZKUNDEAz? Berba bat ere ez. Ezker Abertzalea ere, Europako ezkerreko indar politiko guztiak bezalaxe, ez da ausartzen desazkundearen teoria ekonomikoa bere egiten. Tamalez...